«Pablo berehala askatzea exijitzen dugu. Haren egoera kezkagarria izanik ezinbestekoa baita Euskal Herrian bere hurkoekin egotea». Ahots baten exijentzia, dozenaka lagunek babestua. Pablo Gonzalez kazetaria atxilotu eta preso hartu zutenetik bi urte bete dira gaur, eta manifestazio jendetsua egin dute Gernikan (Bizkaia), askatu dezatela eskatzeko. Ukrainako gerrara lanera joan zen Gonzalez, eta Ukraina eta Poloniaren arteko mugan atxilotu zuten. Ez dute haren kontrako frogarik aurkeztu, ez dute epaitu, eta baldintza gogorretan dute preso.
Manifestazioan bildutakoek elkartasuna adierazi diete Gonzalezi eta haren gertukoei. Haren atxiloketa prentsa askatasunaren kontrako erasotzat dute. Europako Batasunaren eta Espainiako Gobernuaren «utzikeria» salatu dute, Polonia ez dutelako behartzen oinarrizko giza eskubideak betetzera.
EH Bilduk galdetuta, Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak Kongresuan esan du Poloniako Atzerri ministroarekin hitz egin zuela, eta justiziaz hitz egitekotan eta Gonzalezen egoera konpontzen saiatzekotan geratu zirela. «Eskatu diot behingoz aurkez ditzatela Gonzalezen kontrako frogak», gehitu du Albaresek.