Pablo Gonzalez Euskal Herrira itzuli ahal izango dela espero dute haren senideek

Espainiako Gobernuaren jokabidea kritikatu dute senideek: «Ez dute ezer egin». Jaurlaritzaren ustez, harrigarria da horrelakoak «Europaren bihotzean» gertatzea.

Gonzalezen bikotekide Oihana Goiriena, gaur, Nabarnizen. LUIS TEJIDO / EFE
Gonzalezen bikotekide Oihana Goiriena, gaur, Nabarnizen. LUIS TEJIDO / EFE
gotzon hermosilla
2024ko abuztuaren 2a
17:30
Entzun

Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera ondoren, Moskun dago Pablo Gonzalez, libre eta kargurik gabe. Albisteak ezustean harrapatu zituen haren senide eta lagunak atzo, eta, orain, zain daude ea Gonzalezek haiekin harremanetan jartzea lortzen duen, haren berri zuzenean izateko. Senideek espero dute kazetariak laster izango duela Euskal Herrira itzultzeko aukera.

Gonzalezen bikotekide Oihana Goirienak atzo bertan jakin zuen kazetaria askatu behar zutela, BERRIAri azaldu dionez: «Gonzalo Boye abokatuak mezua bidali zidan, eta esan zidan: ‘Oihana, lasai hartu eta presta zaitez’. Eta albistea eman zidan. Etxean sekulako ezustea izan da denontzat. Erabateko diskrezioz eraman dute auzi guztia». Eta ezustearekin batera, poza: «Zoramena izan da. Etxean, herrian [Nabarniz, Bizkaia], babes taldekoak, mundu guztia pozez zoratzen egon da».

Oraindik zalantzak handiak badira ere, etxean espero dute Gonzalezek aukera izango duela laster Euskal Herrira itzultzeko: «Libre dago, kargu barik, eta haren kontrako auzibidea itxita dago. Beraz, ez dut arrazoirik ikusten ez itzultzeko. Antza denez, Poloniako agintariek pasaportea kendu diote, baina Pablok Espainiako nazionalitatea du, eta, beraz, ez luke inolako problemarik izan beharko Espainiako administrazioak beste pasaporte bat emateko. Baina hori noiz izan daitekeen, ez dakit».

Eragile eta partaide asko izan dituen negoziazio zabalago baten barruan iritsi da Gonzalezen askatasuna. NATOko kide diren zenbait herrialdek eta Errusiak preso trukea egin dute, eta, orotara, zortzi preso askatu dituzte AEBek, Alemaniak, Norvegiak, Esloveniak eta Poloniak, hamabost Errusiak, eta bat Bielorrusiak.

Denbora tarte honetan, Gonzalez segurtasun handiko espetxe batean egon da, oso egoera eskasean, egunean 23 orduz ziega batean sartuta, senideekin telefonoz hitz egiteko aukerarik gabe, «eta, batez ere, zantzurik ere izan gabe egoera hori noiz buka zitekeen».

Gertukoek hiru aldiz baino ezin izan diote bisitarik egin; azkena, joan den maiatzaren 13an. «Aurreko urteko bisitarekin alderatuta, hobeto ikusi nuen, egonkorrago», esan du Goirienak: «Aurreko urtean nahikoa lur jota egon zen, baina, zioenez, azken hilabeteetan ez du eduki gorabehera emozional handirik, eta hobeto ikusi nuen; batez ere, pozik gu ikusteaz eta semearekin berba egiteko aukera izateaz».

Epaiketarik gabe

Gonzalez askatu izana albiste pozgarria izan da kazetariaren gertukoentzat, baina, hala ere, badute arrangura bat: denbora tarte honetan, Poloniak ez du kazetariaren kontrako froga, akusazio edo kargurik aurkeztu, eta orain, auzibidea itxita, ez du orain arteko jokabidea justifikatzeko beharrik izango.

Goirienak ontzat ematen du lortu duten irtenbidea, baina, haren ustez, epaiketa batean Gonzalezen errugabetasuna argi uztea izango zatekeen aukerarik onena: «Berak ere horixe eskatzen zuen hasiera-hasieratik: ‘Auzitara eraman nazatela; nire kontra zerbait baldin badaukate, mahai gainean jarri eta frogak aurkez ditzatela, baina neuri ere utz diezadatela neure burua defendatzen epaile baten aurrean’. Salaketak egitea oso erraza da: hemen mundu guztiak egin du berba, berak izan ezik». Gonzalezen defentsak plazaratutako agirian, «Gonzalez babestu beharrean, hura kriminalizatzen» aritu direnen jarrera kritikatu dute abokatuek.

Goriena, batez ere, Espainiako Gobernuak izandako jarrerarekin dago minduta: «Ez dute ezertxo ere egin. Bi urte eta bost hilabete hauetan ez dute diplomazia arloko mugimendurik egin, eta gurekin telefonoz harremanetan jartzen ere ez dira ahalegindu. Poloniako Gobernuari ez dio presiorik txikiena ere egin, Espainiako nazionalitatea duen pertsona baten eskubideak errespeta zitzaten, eta denbora eduki du horretarako. Pabloren truke beste kazetari bat askatu dute, [The Wall Street Journal egunkariko] Evan Gershkovich; bada, hura atxilotu zutenean, arin atera zen [Espainiako Atzerri ministro] Jose Manuel Albares, hura berehala askatzeko eskatuz, Mendebaldeko estatu guztien moduan. Pabloren kasuan ez du inoiz ezer esan».

Gonzalez preso egon den bitartean, senideek ez dute Espainiako Gobernuaren ordezkariren baten deirik izan, eta orain, askatu dutenean, isiltasunak bere horretan jarraitu du: «Orain ez dezatela deitu. Zertarako?».

Zupiriarentzat, «sinetsezina»

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak esan du «sinetsezina» begitantzen zaiola «Europako Batasuneko herrialde batean pertsona bat 900 egunez behin-behineko espetxealdian egotea, haren kontrako akusaziorik egon gabe eta epaiketarik egin gabe». Nabarmendu du hori «Europaren bihotzean» gertatu dela.

Euskadi Irratiak egindako elkarrizketa batean, Zupiriak gogorarazi du azken bi urte hauetan Jaurlaritzak ez duela iritzirik eman Gonzalez atxilotzeko arrazoien inguruan, eta oraingoan ere jarrera horri eutsi dio. Haren esanetan, Jaurlaritzak «bere esku egon den guztia» egin du Gonzalezen egoera argitzeko.

Poloniako Gobernuak, berriz, esan du AEBekin «leialtasunez» jokatzearren erabaki dutela Gonzalez askatzea. «Erakutsi dugu NATOren eta AEBen aliatu leiala garela. Beharbada laster, beste egoera batean, guk ere beharko dugu AEBen mesede bat», azaldu du Andrzej Szejna Poloniako Atzerri ministroak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.