Pablo Gonzalez

Pablo Gonzalez bisitatu du Gonzalo Boye abokatuak, atxilotu eta urtebetera

Poloniako autoritateek abokatu izaera errekonozitu diote Gonzalo Boyeri. Atzo elkartu zen Gonzalezekin, eta «ahal den neurrian ondo» dagoela azaldu du.

Gonzalo Boye, Pablo Gonzalezen abokatua. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko martxoaren 11
12:50
Entzun

Urtebete pasa bete da Pablo Gonzalez euskal kazetaria atxilotu eta espetxeratu zutenetik. Otsailaren hondarrean, Poloniako auzitegi batek beste hiru hilabetez luzatzea erabaki zion atxiloaldia, eta, gutxienez, maiatzaren 24era arte egongo da espetxeratuta. Haren kasua, dena dela, aurrera doa: Poloniako autoritateek Gonzalo Boye errekonozitu egin dute Gonzalezen abokatua gisa. Hala, kazetaria bisitatu ahal izan du Radomeko espetxean, lehenbizikoz, atxilotu zutenetik.

Gonzalez ikusi ostean, «ahal den neurrian ondo» dagoela azaldu du Boyek, betiere «kontuan izanda» zein izan den kazetariaren egunerokoa urte luze horretan: isolamendua, egunean ortubetez soilik patiora atera ahal izatea, senide eta lagunen bisitarik ez izatea (atxilotu eta zortzi hilabetera bisitatu ahal izan zuen bere emazte Oihana Goirienak), irakurtzeko libururik eta ikasmaterialik ez izatea, eta bere kasuaren beharrezko informazio gabe egotea.

Gaurdaino abokatu poloniarrak arduratu dira auzitegietan Gonzalezen defentsaz, eta Boyek azaldu duenez, haiei esker lortu du Poloniako autoritateek kazetariaren abokatu izaera onartzea. Orain, «alde bakarreko» defentsa egin ahalko dute. Dena dela, Boyek dio guztiz eragiteko gaitasunik ez duela, oso «mugatuta» daudela alde horretatik, eta «defentsarako eskubidea oso murritza» dela.

Atzo egin zuten bileran, urte osoan zehar jaso dituen babes adierazpenen berri eman zion abokatuak, baita bere emazte Oihana Goirienak, FreePablo elkarteak eta hainbat herritarrek antolatutako ekintzen berri ere. «Eskertuta eta hunkituta zegoen» Gonzalez, Boyek azaldu duenez.

Urtebete igaro bada ere, abokatuaren hitzetan, Gonzalezek uste du orain defentsarako eskubideaz «benetan» baliatu ahal izango duela, eta, hala, frogatu leporatzen dizkioten karguak «oinarririk gabeak» direla. Errusiako zerbitzu sekretu militarrentzat lan egitea leporatuta atxilotu zuen, iazko otsailaren 28an. Orduan, hiru hilabeteko behin-behineko espetxealdia ezarri zioten, baina hura luzatuz joan da, gaur egun arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.