Pablo Gonzalez aske utzi dute

Poloniaren eta Errusiaren arteko preso truke baten harira, Errusiara eraman dute. Gonzalezen abokatu Gonzalo Boyek baieztatu dio albistea BERRIAri.

Captura de pantalla 2024 08 02 a las 09.26.54
Gonzalez, bart hegazkinetik jaisterakoan. Hura ere agurtu zuen Putinek. BERRIA
gotzon hermosilla
2024ko abuztuaren 1a
16:50
Entzun

Pablo Gonzalez kazetaria aske utzi dute, eta sorterrira bidali, Errusiara, haren abokatu Gonzalo Boyek BERRIAri baieztatu dionez. Errusiaren eta Poloniaren arteko preso truke baten harira askatu dute Gonzalez, Poloniako espetxe batean bi urte eta bost hilabete eman ostean.

Vladimir Putin errusiako presidenteak berak egin zien harrera trukaturiko presoei, Moskun. Hegazkinetik jaisterakoan Gonzalez ere agurtu zuen Putinek.

Ohar baten bidez, Gonzalezen abokatuak esan du «gizatasun arrazoiak» baitezpadakoak izan direla trukea egin ahal izateko: «Aldeen arteko negoziazioek eta trukeari legezko esparru juridiko bat ezartzea bermatu duen lan juridikoak eman dute modua irtenbidea aurkitzeko». Oharrean ez da ageri zenbat presori eragiten dien neurriak, baina, zenbait informazioren arabera, Wall Street Journal egunkariko Evan Gershkovich da askatutako beste presoetako bat. Gershkovich AEBetakoa da, eta Errusiako espetxe batean zegoen 2023tik. Oharraren arabera, «kazetaritzak gizartean duen garrantzia» aintzat hartuta erabaki dute arazoa konpontzeko bide bat bilatzea. AEBetako presidente Joe Bidenek jendaurrean esan duenez, Errusiak hamasei preso askatuko ditu, eta horietatik hiru AEBetako herritarrak dira.

Pablo Gonzalez aske utzi dute

Gonzalezen defentsaren arabera, neurria «mugarri esanguratsua» da «gaur egun munduko hainbat herrialdetan preso dauden kazetari guztien askatasunaren alde». Negoziazioetan parte hartu dutenak ahalegindu dira «auzian inplikatutako kazetarien eskubideak eta duintasuna» errespetatzen.

Agintarien jarrera

Gonzalezen defentsak nabarmendu du Errusiako agintariek «benetako interesa» erakutsi dutela auzia konpontzeko, eta, zuzenean aipatu ez arren, Espainiako Gobernuak izandako jarrera txarretsi du: «Beste batzuk, aldiz, Pablo Gonzalez kriminalizatzen ahalegindu dira, hura defendatu eta kazetari gisa dituen eskubideak babestu beharrean».

«Pablo Gonzalez, kazetaritza lanagatik eta bere konpromisoagatik nabarmendu den kazetaria bera, aske da berriro ere, bolada bat bidegabeki preso eman ostean», erantsi du haren defentsak. «Gertaera honek agerian uzten du prentsa askatasuna eta kazetarien eskubideak babesteko beharra».

Oharrean jasotakoaren arabera, Gonzalezen senitartekoek esker ona adierazi nahi diete kazetariaren alde aritu diren pertsona eta erakunde guztiei, eta Free Pablo plataformak egindako lana txalotu dute bereziki. Halaber, iragarri dute Gonzalezek zuzenean erantzungo diela hedabideen galderei «hori egiteko moduan egon bezain pronto».

Sare sozialetan hedatutako mezu baten bidez, EH Bilduk esan du «oso albiste ona» dela Gonzalez askatzea, «testuingurutik harago». Koalizioak nabarmendu du Gonzalezek bi urte eta erdi eman dituela espetxean, «frogarik eta epaiketarik gabe», eta erantsi du kazetaritza ez dela «delitua».

Eskarmentu handiko kazetaria

Pablo Gonzalez kazetari eta politologoa 1982an jaio zen, Moskun. Haren aitona 1936ko gerraren garaian Euskal Herritik Errusiara ihes egindako umeetako bat izan zen, eta, beraz, Gonzalezek Espainiako eta Errusiako nazionalitatea du. Nabarniz (Bizkaia) du bizileku, eta azken urteotan lan handia egin du Euskal Herriko eta Espainiako hedabide askorentzat, batez ere Europa ekialdeko herrialdeen egoerari buruzko informazioa biltzen eta, behin baino gehiagotan, berriemaile berezi gisa.

2022ko otsailean, Poloniako zerbitzu sekretuek atxilotu zuten, espioitza lana egiteaz akusatuta. Garai hartan, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka piztua zen, eta Gonzalez Polonian zegoen, Ukrainatik herrialde horretara ihes egiten saiatzen ari ziren errefuxiatuen krisiaren berri emateko. Geroztik, Radomgo segurtasun handiko espetxean egon da. Haren senitartekoek behin baino gehiagotan salatu dutenez, denbora tarte horretan Poloniak ez du haren kontrako akusazio zehatzik aurkeztu, eta haren espetxealdia etengabe luzatzen aritu da. Bi urte eta bost hilabete preso eman ostean, hura epaitzeko eguna ezarri gabe zegoen oraindik.

Kronologia

  • 2022ko otsailaren 28a. Pablo Gonzalez atxilo hartu zuten Polonian, Przemyslen. Poloniako Barne Segurtasunerako Agentziak egotzi zion Errusiako zerbitzu sekretu militarrarentzat lan egitea. Inkomunikatu egin zuten. Bi asteren buruan, Espainiak Polonian duen kontsulak Gonzalezekin hitz egin zuen lehenengoz.

  • 2022ko martxoaren 8a. Eusko Jaurlaritzak epaiketa «justu eta azkar bat» eskatu zuen Gonzalezentzat. Azaldu zutenez, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria harremanetan jarri zen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin, Espainiako Gobernua ere atxiloketaz kezkatu zedin.

  • 2022ko martxoaren 23a. Jakinarazi zuten Gonzalez behin-behinean espetxeratu zuela Poloniako justiziak. Senideei jakinarazi zieten gutxienez hiru hilabete egon beharko zuela kartzelan.

  • 2022ko apirilaren 5a. Euskal Herriko zenbait kazetarik eta herri komunikabidek adierazpen bat plazaratu zuten, eta galdegin zuten kazetaria berehala aske uztea.

  • 2022ko apirilaren 6a. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak baztertu egin zuen Poloniaren arau hauste posibleen aurkako kexa bat jartzea. Kontrara, «elkartasuna» adierazi zion estatu horri, Ukrainatik iritsitako errefuxiatuak jasotzeagatik. EH Bilduko diputatu Mertxe Aizpuruak galdetuta izan zuen gaia hizpide.

  • 2022ko maiatzaren 16a. Delinkuentzia Antolatuaren eta Ustelkeriaren Arloko Poloniako Fiskaltzaren Atalak eskatu zuen Gonzalezen atxiloaldia luzatzeko. Astebete beranduago, Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak, fiskaltzaren eskaera onartu, eta beste hiru hilabete luzatu zion kartzelaldia Gonzalezi. Gonzalezen defentsak helegitea jarri zuen, baina ez zuten onartu.

  • 2022ko abuztuaren 19a. Poloniako Delinkuentzia Antolatuaren eta Ustelkeriaren Arloko Poloniako Fiskaltzaren ordezkariek eskatu zuten Gonzalezek behin-behineko kartzelaldian segi zezala. Handik astebetera, Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak ontzat eman zuen eskaera, eta adierazi Gonzalezek kartzelan jarraitu beharko zuela behintzat beste hiru hilabetean.

  • 2022ko urriaren 5a. Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek Poloniari eskatu zion Gonzalezen auzia azkartzeko, eta haren epaiketa publikoa «ahalik eta lasterren» egiteko.

  • 2022ko urriaren 25a. Denera 154 kazetari eta abokatuk Espainiako Gobernuari eskatu zioten esku hartzeko Pablo Gonzalezen auzian. Poloniako Gobernuari eskatu zioten Gonzalez Espainiaratzeko, hura aske uzteko eta «prozesu justu bat» bermatzeko moduko «prozesu judizial bat» abiatzeko.

  • 2022ko azaroaren 22a. Oihana Goiriena Gonzalezen bikotekideak lehenengo aldiz ikusi ahal izan zuen kazetaria kartzelan. Esan zuen «fisikoki eta animo aldetik ondo» ikusi zuela, eta jasotako babesa helarazi zizkiola. 

  • 2022ko azaroaren 25a. Beste hiru hilabetez luzatu zuten Gonzalezen espetxealdia. Auzitegiak ez zuen erabakiaren arrazoirik eman, auzia sekretupean zegoelako.

  • 2022ko abenduaren 29a. Gonzalezen aldeko elkarte bat sortu zuten haren familiak eta lagunek, auzian diruz laguntzeko.

  • 2023ko urtarrilaren 11. Poloniako Rzeszowko Apelazio Auzitegiak baztertu egin zuen Gonzalezen abokatu Gonzalo Boyek espetxealdia luzatzeko erabakiaren aurka jarritako helegitea.

  • 2023ko otsailaren 28a. Beste hiru hilabetez luzatu zuten Gonzalezen espetxealdia. Amnesty International eta Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeek Gonzalez askatzeko eskatu zuten, eta «irregulartasunak» salatu.

  • 2023ko martxoaren 11. Poloniako autoritateek abokatu gisa errekonozitu zuten Gonzalo Boye, eta  Gonzalez bisitatzeko aukera izan zuen lehen aldiz. «Ahal den neurrian ondo» zegoela esan zuen. 

  • 2023ko maiatzaren 4a. Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Egunean, euskal kazetaria askatzeko eskatu zuten herritar ugarik Gernikan.

  • 2023ko uztailaren 5a. Gonzalezen kasua salatu zuten haren familiarteko eta lagunek Bruselan, Europako Legebiltzarraren aurrean.

  • 2023ko azaroaren 2a. Zurekin Nafarroak mozio bat proposatu zuen Nafarroako Parlamentuan, Espainiako Gobernuari eskatzeko presio egin zezala kazetaria behin-behinean aske uzteko, baina, PSNren abstentzioaren ondorioz, ez zen aurrera atera. Biharamunean, Gonzalez Euskal Herrira ekartzeko eskatu zuen haren babes taldeak.

  • 2023ko azaroaren 15a. Gonzalezen behin-behineko espetxealdia luzatzea erabaki zuen Rzeszowko Auzitegiak, zazpigarrenez.

  • 2024ko otsailaren 16a. Poloniak beste hiru hilabete luzatu zion espetxealdia Gonzalezi.

  • 2024ko otsailaren 28a. Gonzalez  askatzeko eskatu zuten dozenaka lagunek Gernikan egindako manifestazio batean. Bi urte bete ziren Gonzalez atxilotu zutenetik.

  • 2024ko maiatzaren 14a. Gonzalezek senideen eta lagunen bisita izan zuen espetxean. Lehen aldia zen lagunek harengana joateko baimena zutela; senideak ikusten zituen hirugarren aldia zen.

  • 2024ko uztailaren 12a. Kazetarien 11 sindikatu eta elkartek Espainiako Gobernuari eskatu zioten berehalako neurriak hartzeko Gonzalez askatu zezaten. Poloniako agintariekin negoziatzen hastea ere galdegin zioten Pedro Sanchez presidenteari.

  • 2024ko abuztuaren 1a. Aske utzi dute Gonzalez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.