Frankismoa

Pablo Casado Francoren omenezko meza batean izan da asteburuan

PPko informazio iturrien arabera, Casadok ez zekien diktadorearen aldeko meza bat zenik. Larunbatean joan zen elizkizunera, Granadan (Espainia), Francoren heriotzaren urteurrenean.

Pablo Casado, artxiboko irudi batean. JESUS MONROY, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko azaroaren 22a
11:23
Entzun

1975eko azaroaren 20an zendu zen Francisco Franco; horiek horrela, urteurrena izaki, diktadorea oroitzeko hainbat ekitaldi egin dira asteburuan hainbat herritan. Hain zuzen, horietako batean izan zen larunbatean Pablo Casado Espainiako Alderdi Popularreko idazkari nagusia. Francoren alde otoitz egiteko meza batean izan zen, Granadako katedralean (Espainia), emaztearekin eta semeekin. Ordea, alderdi politikoko iturriek argitu dute Casadok ez zekiela diktadorea omentzeko ekitaldia zenik.

PPko iturriek nabarmendu dutenez, katedrala ikusteko joan zen elizara Casado, senideekin, eta ordurako meza hasia zelako erabaki zuten bertan gelditzea. Gainera, PPren esanetan, Casadoren hitzordu politikoen eraginez, familiari ezinezko izanen zitzaion igandean mezetara joatea, eta horregatik baliatu zuten larunbatean joateko aukera. Diotenez, politikariak ondoko egunean jakin zuen Francoren omenaldi batean egona zela, «ez lehenago». Izan ere, erantsi dutenez, elizkizunean ez zen Francisco Francoren izenik aipatu, ez behintzat osorik. Francisco izena baizik ez omen zuten ahoskatu; abizenik esan gabe aipatu zuten, alegia. Hori dela eta, beste bide batzuen bidez izan omen du Pablo Casadok omenaldiaren berri. Elizkizuna bukatutakoan, politikariak argazki bat atera zuen herritar batekin, eta azken horrek Twitterrera igo zuen argazki hori, esaldi batek lagundurik: «Pablo Casadorekin, generalisimo-aren aldeko mezan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.