Uxue Barkosek Geroa Sozialberdeen gidaritza utziko zuela iragarri zuen atzo, eta, gaur, alderdien egitura berritzeko batzarrean, Pablo Azkona parlamentaria hautatu dute idazkari nagusi kargurako. Geroa Baiko «familia independenteak» biltzea izan da Geroa Sozialberdeen helburua, aterki bat eskaintzea, eta tresna horren premia azpimarratuz esan du agur Barkosek. Senatari gisa jarraituko du, Geroa Bairen ordezkari gisa, Espainiako Senatuan.
Azkonaren hautagaitzak %91ren babesa jaso du. Batzorde exekutiboa, Azkonak ez ezik, honako hauek osatuko dute: Jabi Arakama, Jon Gondan, Maite Espinosa, Maite Garbaio, Unai Labat, Itxaso Soto, Antso Fernandez, Silvia Camaces, Jose Angel Arandia, Ruben Sanchez eta Dori Lopezek.
Azkonak ere, Barkosek egin gisan, nabarmendu du Geroa Sozialberdeen gunea Geroa Bain dauden familiak batzeko gunea dela. Eskerrak ere eman dizkie gune hori posible egin dutenei, bereziki Barkosi.
Azkonak gogora ekarri du nola sortu zen alderdia. Pandemian abiatu zen, duela lau urte, eta gero nazioartean hedatu den gerra giroa aipatu du, Ukrainako gerra zein palestinarren aurkakoa. Uste du halako ziurgabetasun egoeran inoiz baino beharrezkoagoak direla politika sozialak. Ongizatea bermatu, zerbitzu publikoak indartu eta eskubide demokratikoak defendatuko dituen alderdi bat behar dela esan du, inoiz baino gehiago: «Eskuin muturra borrokatzen ari den horren denaren kontra egin behar da. Haiek 2015etik ari dira bazkide foralak erakundeetan jartzeko ahaleginetan».
«Ausardia»
Azkonak txarretsi egin du eskuin muturrak klima aldaketari, indarkeria matxistari eta memoria historikoari uko egitea. «Euskararen alorrean egin litezkeen aurrerako urrats guztiak eraitsi nahi dituzte». Horregatik, «ausardia» eskatu du, euskararen alorrean atzerapausoak eskatzen dituzten horiei aurre egiteko.
Sozialberdeek hartuak dituzten erronka nagusiak azaldu ditu. Zerga erreforma aipatu du, «aberastasuna banatzeko tresna publiko onena delako». Nafarroaren autogobernuaren defentsa ere egin du, eta «ausardia» eskatuz amaitu du hitzaldia, inboluzioa nahi dutenei aurre egiteko.