Hitzak gozatzera egiten da usu, baina errealitate asko aski gogorrak dira, eta hitzak ere ahalik eta era aratzenean erabiltzea nahi dute desgaitasunen inguruan —fisikoak eta kognitiboak— lanean ari diren hainbat taldek: hutsaldu gabe. Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko arduraduna da Amaia Elizondo, eta bide horretan ari direla esan du. «Guk erabiltzen dugu desgaitasuna hitza. Egia da terminoak berrituz joan behar dela. Orain dela 30 urte erabiltzen zirenak oroitzea besterik ez dago; eskerrak horiek bukatu ziren». Baina ez dute desgaitasuna hitza baztertzen: aldarri izan nahi baitute. «Oraindik eskubide asko ez daude bermatuta. Orduan, iruditzen zaigu oraindik ere garrantzia horri eman behar zaiola desgaitasunez aritzean, nahiz eta guk ere tarteka aniztasun funtzionala eta horrelakoak ere erabiltzen ditugun». Beraz, «eskubide urraketez» ozen mintzatu behar dela defendatzen dute. Bizipoza barruan ari dira helburu horrekin, beste hainbat elkarterekin batera.
«Izan ere, guri gustatzen zaigu esatea kirola eskubide bat dela, eta eskubide urraketak badira sarri, esaterako, hiri eta herrietako kirol instalazioak zapaldu orduko. Oztopo pila bat daude. Ohikoenak, ikusten direnak dira: arkitektonikoak», azaldu du Elizondok. Ezkutuagokoak ere badira, ordea: «Batez ere, adimen urritasunarekin lotuta, edo buruko gaixotasunekin, autismoarekin... Barrera mentalak direla esaten dugu». Baztertua sentitzeko arriskua dakarte. «Eta desgaitasuna duen pertsona horrek esatekoa: 'Ez naute ulertzen; ez naiz gehiago etorriko'». Lortzen errazak izan daitezkeen komunikazio ereduak behar dituzte sarritan, esaterako piktogrametan oinarritutakoak, baina ez daude orokortuta gaur egun. Umeei begira ari dira, hein handi batean, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioan, eta behar ugari ikusten dituzte.
Esaterako, Lehen Hezkuntzako ikasleak ariketa fisikora hurbiltzeko Eskola Kirola programatik kanpo geratzen dira sarri elbarritasunak dituzten umeak. Badira haur horiei lekuak egiteko esperientziak, baina ez dira aski. «Gipuzkoan bertan, tokiak badira aukera hori gabe. Hor eskola komunitatea gertuago sentitzearen falta sumatzen dugu», azaldu du Elizondok. Gabezia ikusita, federazioan «talde espezifikoak» sustatzen dituzte eskaintza horretatik kanpo dauden haur eta nerabe horientzat. 6-21 urte artean zabaltzen dute federazioan haur eta nerabeentzako eskaintza, desgaitasunak dituzten ikasleek 21 urte arte derrigorrezko hezkuntza jaso dezaketela aintzat hartuta. Baina zailtasunak dituzte eske guztiak asetzeko. Eta haurrentzat kirol eskaintza eskatzen duten gero eta guraso gehiago. «Familiei izugarrizko atea irekitzen zaie federaziora etortzen direnean», azaldu du Elizondok. «Izan ere, etortzen dira, eta, esaterako, kontatzen dizute joan direla herriko kiroldegira haurra igeriketan has daitekeen galdezka, eta esan dietela han ez dela tokirik. Inpotentzia sentitzen da, Zeren eta hutsuneak baitaude. Horregatik, askotan gurasoak babes bila datoz. Gogoan hartu behar da kirola era on bat dela umeen autonomia lantzeko, eta baitaharremanak izateko ere: sozializatzeko».
Gurasoen ekarpena
25 klub ere badituzte kirol egokituko eskaintzarekin: igeriketa, kirola, atletismoa... «Zer gertatzen da? Kirol elkarte asko daudela hemen, Donostia inguruan. Barrualdera egin ahala, eskaintza urriagoa da». Elkarteetatik askotan jasotzen duten planteamendua da formakuntza behar dutela urritasunak dituzten pertsonei ateak zabaltzeko, eta horretan ere egiten dute ahalegina.
Gabezien ondorioz, umeei aukera berriak sortzearen alde guztiz emandako familia asko ezagutu ditu Elizondok: ekarpen handiak egiten dituzten gurasoak. Argi du haien alde egin behar dela: «Garrantzitsua da familiek arnasa pixka bat hartzea». Gurasoei laguntza emateko ahalegin horretan, udaleku irekiak antolatzen hasiak dira federazioan. Izan ere, sarri ikusten dute familiek zailtasun handiak dituztela laneko martxa eta haurren zaintza bateratzeko: ezinean ari dira. «Askotan adierazi izan digute: 'Guk ezin dugu inon utzi haurra'».
Aholkulari
Maripi Toledo Seaskako Integrazio Batzordeko kidea da. Bizipozan mendekotasunak dituzten haurren inguruan ari den beste elkarteetako bat da: eskolara begirakoa. «Hain zuzen ere, ahalmen urritasunak dituzten haurrei eta familiei laguntzeko sortu zen batzordea», azaldu du. Frantziako administrazioaren pean elbarritasunak dituzten pertsonen aferak kudeatzen dituen MDPH erakundearekin deman jardutea tokatzen zaie ia beti. «Izan ere, erakunde horrek, behar bereziak dituen haur bakoitzaren kasua aztertu, eta ahalmen urritasun portzentaje bat ematen du. Haur bakoitzari txosten bat egiten zaio, eta hor esaten dute, adibidez: 'Haur honek du %40ko urritasun bat'. Horrekin hezkuntza sistemak esango du haur horrek behar duela laguntza, adibidez, eskolan jarduteko, edo jolasgaraian egoteko, edo jateko ordurako... Horren arabera, ebazten da astean zenbat laguntza ordu izango dituen», azaldu du Toledok. «Askotan koska da, ordea, gure pedagogoak ez direla ados hezkuntzak emandako orduekin: 'Haur horrek gehiago behar du'». Familiek ere askotan antzeko kexuak izaten dituzte administrazioaren erantzunaren aurrean. Eta, hain justu, «eskas» diren ordu horiek osatzeko ahalegina bere gain hartzen du Integrazio Batzordeak. «Guda horretan gaude». Inklusioaren irizpideetan, betiere: «Seaskaren eta Integrazio Batzordearen helburua da haurra, ahal den gehien, eskolan izatea beste haurrekin».
Ume bakoitzaren beharrak, halaber, sakonki aztertzen saiatzen dira, administrazioaren jardun hotzaren mugetatik harago. «Izan ere, portzentajea erabakitzen dute paper baten aurrean; ez dute erarik aztertzeko kasu bakoitza: sakontzeko». Paper arteko urratsetan familiei bidea errazten ere saiatzen dira. «Prozesua oso luzea izaten da; 6-7 hilabete pasatu daitezke erantzun bat izateko. Horrek esan nahi du haur batek ikasturte oso bat gal dezakeela. Gure nahia da familiari hori arintzea». Bidean lagun izatea: «eskasa» gainditzeko.
Bizipoza: malkarrak zelaitzen (IV). Desgaitasun egoerak.
Oztopoen kontrako jardunean beti
Deus zuritu gabe, 'desgaitasuna' hitza darabilte urritasun fisiko eta kognitiboak dituzten pertsonen hainbat elkartek, edukiz beteta. Izan ere, umeek, helduen gisan, traba gehiegi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu