Gizakiak mendeak daramatza ibaiak bere onurarako erabiltzen. Ibaietako uren indarra erabiliz, irina egiten da, eta argindarra ekoitzi; ubideak moldatuz, hiriak eraiki dira; ibaietako ura erabili da industriarako eta nekazaritzarako, eta ibaiak, noski, arrantzatzeko ere erabiltzen dira. Bada, esku hartze horiek ibaien eta erreken morfologia eraldatzea ekarri dute, eta moldaketa horiek eragina izan dute ibarretako ekosistemetan.
Presak dira moldaketa horien adibide garbi eta esplizituenak. Grabitatearen indarra aprobetxatzeko, aspaldidanik eraiki dira ibai eta erreken ondoan errotak eta burdinolak. Hainbat lanetarako erabiltzen zen uraren energia hori, eta errota zein burdinola horietako asko argindarra ekoizteko zentral bilakatu izan dira. Askotan, urak horrenbesteko indarrik ez duenean batez ere, presen bidez lortzen da ur mailari garaiera jakin bat ematea, eta bat-batean goitik behera ura jaustea, indarra handitzeko.
Ur-jauzi artifizial horiek gizakiaren bizimolderako garrantzitsuak izan badira ere, oztopo handia izan dira animalia batzuentzat, eta oraindik ere hala dira. Ibaiak eta errekak oso ekosistema biziak direla azaldu du Jose Ardaizek, Nafarroako Gobernuarentzat diharduen biologoak. Lanean zela jaso du BERRIA Ardaizek, Oronoz-Mugairiko (Nafarroa) arrain haztegian.
Arrain, molusku eta beste hainbat familiatako espezie askok beren ziklo biologikoa betetzeko ibaian gora eta behera egin behar dute, eta batzuentzat presa txiki bat oztopo gaindiezin bihurtzen da. Izokina da horietako espezie bat. Ibaietan gora eta behera egiten duen arrain ezagunenetako bat da, eta, Ardaizek azaldu duen moduan, presa gero eta gehiago egin ahala, espeziearen populazioak behera egin izan du nabarmen. Life Kantauribai proiektuarekin buru-belarri dabil orain Ardaiz eta zientzialari talde handi bat. Duela bi urte lortu zuten Europako Batasunaren finantzaketa proiektu horretarako —proiektuaren %60 finantzatu du Bruselak, 6,5 milioi euro inguru—, eta bost ibairen adarretako ekosistemak hobetzea du helburu: Oria, Urumea, Bidasoa, Ugarana eta Errobi.
Bost ibai horiek Nafarroan jaiotzen diren ibaiadarrak dituzte, eta proiektuan elkarlanean ari dira Nafarroako, Gipuzkoako eta Akitania Berriko hainbat erakunde eta enpresa. Proiektuaren gakoetako bat ibaien iragazkortasuna hobetzea da, animaliek gora eta behera errazago egin dezaten. Horretarako, hainbat esku hartze egiten ari dira ibaiadarretan. Ardaizek azaldutakoaren arabera, egokiena «presak kentzea» da, baina oraindik esplotazio baimenak dituztenen kasuan, bestelako teknika batzuekin bermatu behar dute animaliek gora eta behera egin ahal izatea.
Eskalak, adabaki
Presaren malda leuntzeko egiten dira arrain-eskailerak, jauziaren alboetan. Ardaizen arabera, eskailera horiek lagungarriak badira ere, garrantzitsua da obra ondo egitea, arrainak eskaileraren ahora gerturatzeko. Bestalde, Ardaizek gogorarazi du arrainak igarotzeko bide horiek garbi mantentzeko ardura jabearena dela edo haren adjudikazioa duenarena; gehienek ez dituzte lan horiek egiten, ordea. Sedimentuak pilatu, eta azkar buxatzen dira arrain-eskailerak, eta Ardaizek esan du askotan haiek beraiek ibiltzen direla presa albokoak garbitzen. Hain zuzen, elkarrizketa egin bitartean, Artesiagako ibaiadarreko eskailera bat garbitu zuen biologoak.
Eragina berehalakoa izan zen, guztiz aldatu baitzen uraren jaisteko indarra eta modua. Horregatik, Ardaizek garbi du arrain-eskailerak egitea adabaki bat direla, eta arazoa benetan konponduko litzatekeela ibaietako azpiegiturak kenduta. Gainera, ohartu dira segituan aldatzen dela ingurunea azpiegitura horiek eraitsitakoan. Ugarana ibaiko presa bat bota zuten Lapurdin, 2023. urtearen erdialdean, Kantauribai proiektutik kanpo, eta 2024ko neguan Urdazurira (Nafarroa) bost bat izokin iritsi ziren arrautzak jartzera. Halakoak erregistratzen hasi zirenetik lehen aldia da izokinak ibaian hain gora iritsi direna.
«[Presaren mantentze lana] Lan handia eskatzen du, eta horregatik kenduko dugu; ziur nago denbora gutxian izokinak gorago igoko direla»
JOSE ARDAIZNafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuko biologoa
Kentzear diren presa bat ikustera eraman du BERRIA Ardaizek. Artesiagako ibaiadarrean dago Arraiozko errotaren presa, eta demostratu dute ez izokinak ez amuarrainak ezin direla hortik gorago joan. Arrautzak jartzeko adar egokia da Artesiaga, baina bokaletik hiru kilometro baino gutxiagora dagoen presa horrek ez die uzten gora egiten. Bada, hori bota ostean, Ardaizek uste du berehala nabarituko dutela hobekuntza: «Irrati-markagailuei esker ikusi dugu presa gaindiezina dela, eta, presak alboan arrain-eskailera badu ere, etengabe dago buxatuta. [Mantentze lanak] Lan handia eskatzen du, eta horregatik kenduko dugu; ziur nago denbora gutxian izokinak gorago igoko direla, eta arrautzak jartzeko leku egokiago bat topatuko dutela».
Izan ere, ezinbestekoa da arrautzak leku lasai batean jartzea, oso delikatuak direlako. Beraz, presa kentzeak lagunduko du izokin gehiago jaiotzen, eta espeziearen egoera hobetuko da. Izan ere, izokinaren populazioaren egoera ez da batere ona, eta urteak daramatzate Oronoz-Mugairiko arrain haztegian espezieari laguntzeko lanetan: besteak beste, arrainak haztegian ugaldu ondoren ibairatuz. Halere, Ardaizek neurri hori urontzi zulatu batekin alderatu du: «Urontzi zulatu batean dagoen ura ez galtzeko, bi gauza egin daitezke: ura etengabe botatzen jarraitu, edo zuloak estali ura haietatik gal ez dadin. Izokinak urontzi horretan dagoen urarekin alderatuta, bi gauza egin daitezke: izokinak ibaian botatzen jarraitu, edo zuloak estali, hau da, gizakiak sorturiko arazoak konpondu».
Izokina baino gehiago
Life Kantauribai proiektua, baina, izokinen afera baino harago doa. Finean, Nafarroan sortu eta Kantauri itsasoan —Gipuzkoan edo Lapurdin— itsasoratzen diren ibaien ekosistemak hobetzea du helburu: «Arrainek eta bestelako espezieek ez dituzte mugak ezagutzen; beraz, ibarraren lekuren batean hobekuntzak egiten badituzu, onurak ibai osoan antzemango dira. Horregatik, ibarretako baldintzak hobetzen egiten dugu lan, eta batez ere interes bereziko espezieetan jartzen dugu arreta: izokina, amuarraina, Pirinioetako desmana, Europako bisoia... Arazo larriak dituzten espezie asko daude ibai hauetan», azaldu du Ardaizek.
«Arrainek eta bestelako espezieek ez dituzte mugak ezagutzen; beraz, ibarraren lekuren batean hobekuntzak egiten badituzu, onurak ibai osoan antzemango dira»
JOSE ARDAIZNafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuko biologoa
Europako bisoia, esaterako, galzori arrisku larrian dago, batez ere Amerikako bisoiarengatik eta haien habitaten suntsipenagatik. Larruaren industriarako ekarri ziren Europara, eta joan den mendean asko zabaltzen hasi zen, espezie inbaditzailea baita. Amerikako bisoia Europakoa baino handiagoa eta indartsuagoa da, eta, horren ondorioz, lekua kentzen ari zaio bertako espezieari. Europa kontinental ia osoan zegoen hedatuta joan den mendean, baina gaur egun Errusian, Kaukason, Euskal Herrian eta Frantzia hego-mendebaldean dago bakarrik.
Margaritifera margaritifera —perla-muskuilu— moluskuaren kasua ere aipatu du Ardaizek; izan ere, izokinarekin zuzenean lotuta dagoen espezie bat da. Galtzeko arriskuan dagoen molusku bat da, eta Nafarroako ibarretan bizirik alerik topatu ez badute ere, haien arrastoak aurkitu dituzte. Animalien presentzia detektatzeko teknika berri bati esker —ingurumeneko DNA—, bizirik dauden norbanakoen presentzia dagoela bermatu dute. Muskuilu mota horrek bere ziklo biologikoa egiteko, izokinen gisako arrain baten brankietatik pasatu behar dute larbek. Hilabete batzuk eman behar dituzte bertan, eta nahiz eta arrainentzat bizkarroi bat den —traba egiten dielako—, luzera onura ere egiten die, ibaiko uraren kalitatea hobetzen duelako margaritiferak, ura iragaziz.
Landaredian ere esku hartu nahi dute, horiek ere ibaien ekosistemarako garrantzitsuak direlako; besteak beste, iristen den ura iragazten dutelako eta, itzala emanez, ura fresko mantentzen laguntzen dutelako. Ibai bazterretan, baina, bertakoak ez diren espezie inbaditzaile asko zabaldu dira, eta Ardaizek uste du horretan hobekuntzak egitea ere garrantzitsua dela.
Proiektuaren esfortzu —eta aurrekontu— handiena presak botatzeko edo iragazkortasuna hobetzeko erabiltzen dute, beraz. Batzuetan jabeek beren kabuz botatzen dituzte kontzesioa amaitutakoan, eta Kantauribai ahalegintzen ari da erabiltzen ez direnekin ere gauza bera egiten. Beste erakunde batzuk ere ari dira presak botatzeko eta beste batzuk iragazkortzeko lanetan: Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala, esaterako. Horrez gain, ibaien bazterrak ere zaintzen dituzte, espezie exotikoen kontrola egiten dute, eta iragazkortasuna mantentzeko mekanismoak ondo daudela bermatzen dute. «Faktore guztiak lotuta daude, eta saiatu behar dugu espezieei kalte egiten dieten giza faktoreak gutxitzen, eta ahal den heinean, kentzen».