«2022. urtean asko igo da». Hori dio Ekologistak Martxanek zabaldutako azken txostenak, ozonoak eragindako airearen kutsadurari aipamen eginez. Datu zehatzak ere eman dituzte: legeak araututako kutsadura gainditu den maiztasuna ere handitu egin da 2012-2019 urte artekoekin alderatuta; zehazki, %44.
Ekologistak Martxan taldeak argitaratu du txostena, eta oinarritzat hartu ditu 2022ko urtarrilaren 1etik irailaren 30era Espainiako 490 neurketa estazio ofizialetan bildutako datuak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 32 estazio ere aztertu ditu, eta horietatik atera ditu ondorioak: udan, euskal herritar guztiek arnastu dute Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatu baino ozono gehiago zeukan airea. Azpimarratu dute igoera horretan nabarmen eragin dutela bero boladek.
Hala ere, bi erreferentzia hartu daitezke kontuan aireak daukan ozono kutsadura neurtzeko. OMEk gomendatutako balioa alde batetik —hori erabili dute txostenean neurketak egiteko—, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako legediak erabiltzen duena bestetik, OMErena baino zabalagoa. Azken horren arabera, ez legoke 2020-2022 aldian aire kutsatua legezko estandarraren gainetik arnastu duen biztanlerik.
Txostenean azpimarratzen denez, leku jakin batzuetan eragin du gehien kutsadurak: «Egoerak okerrera egin du bereziki Bilbo-Barakaldo aglomerazioan eta Kantauriko haranetan. Gainera, 2022an informazio atalasea hamalau aldiz gainditu da Bilbon, Kantauriko Haranetan eta Valderejon, Arabako barnealdean». Ekaineko eta uztaileko bero boladek igoera horretan eragin handia izan dutela dio txostenak.
Informazio falta
Talde ekologistak salatu du administrazioak herritarrei ematen dien informazioa ez dela «egokia», eta ez dagoela «arazoaren larritasunera egokitua»: «Ekainaren eta uztailaren erdialdeko kutsadura oso handiko gertakarietan, Eusko Jaurlaritzak gainditzeak bere webgunean argitaratu besterik ez zuen egin, herritarrei benetan jakinarazi gabe, nahitaezkoa den bezala».