Jendea erruz batu zen atzo mugimendu feministak indarkeria matxistaren kontra antolatu zituen protestetara. Manifestazio jendetsuak egin zituzten hiriburu eta herri nagusietan, eta arazoaren atzean dauden bortxen askotariko izaera azaltzeko ahalegina egin zuten guztietan, errotik erauzteko eskatuz: «Aski da!». Donostiako protestaren amaieran irakurri zuten testua hasi zuten, adibidez, indarkeria matxistaren ondorioz hildako andreak gogora ekarrita, baina argi utzi zuten hilketek eragiten duten larritasunaz harago bortxaren aldaera gehiago ere badaudela. Testu horretan bertan, adibidez, udan izan ziren «ziztadak» gogora ekarri zituzten, eta gogorarazi zuten «matxismoaren kontrol mekanismo» betierekoak horien atzean daudela. Neska gazte talde batek zeraman pankarta ere deigarria zen, bortxak usu dituen alde ezkutuagoak erakusteko ahalegin bat: Osasun kanonak apurtu, osasun mentala zaindu! pankarta eraman zuten zabal-zabal protesta osoan.
Justizia feminista leloa eraman zuten manifestazioaren buruan. Esan zuten bortxa matxistaren aurrean erantzun posible bakarra «sare feministen» bidez hel daitekeela: «Autodefentsa feminista da tresnarik eraginkorrena».
Egunaren garrantzia agerian utzi zuten Bilboko manifestazioan ere. «Mugimendu feministak emakumeontzako indarkeria matxistarik gabeko bizitzak aldarrikatzen ditugun eguna da». Erasoak «emakume izate hutsagatik» pairatzen dituztela gogorarazi zuten, usu hedabideen «isiltasun konplizeak» halakoak ezkutatzera egin duela, eta, ororen gainetik, andreen portaera «menderatzeko eta kontrolatzeko» nahia dagoela horren atzean. Halaber, instituzioek bortxa matxistaren aurka jarduteko duten «konpromiso eza» salatu zuten.
Zerrenda luzea
Gabezia asko zerrendatu zituzten. «Lege misoginoen» ondorioak. «Soldata arrakalak» eragiten dituen pobrezia egoerak. Andreak aintzat hartzen ez dituen «sistema judiziala». Heteroaraua betetzen ez duten andreen aurkako «lesbofobia». Umeak bikotekiderik gabe hazten dituzten andreek «sistematikoki» pairatzen dituzten «abusuzko politikak». Andreak «merkantzia» bihurtzeko erabiltzen diren bideak...
Gizonei ere zuzendu zitzaizkien. «Isiltasun eta konplizitateek ere heteropatriarkatua indartzen dute». Egoerari aurre egiteko bidea argi ozendu zuten han ere: «Antolakuntza feminista». Bilboko manifestazioan epaitegiaren aurrean jarritako pankarta bat kendu zuten segurtasun langileek eta ertzainek, eta identifikatu egin zituzten protestaren antolatzaileak. Builaka erantzun zieten manifestazioan parte hartzen ari zirenek.
M8 Bidasoako Asanblada Feministak antolatuta, Hendaiako (Lapurdi) herriko plazatik atera zen manifestazioa; atxilotze zentrotik igaro zen gero, eta Gipuzkoara igarota amaitu zen, Irunen. «Justizia feminista» aldarrikatu zuten mobilizazio horretan ere: «Bada garaia gizarte osoak eta botere publikoek egoera honi aurrez aurre begiratzeko».
Mobilizazio guztietan gogoan izan zituzten indarkeria matxistaren ondorioz aurten hil diren Euskal Herriko emakumeak.Sara Pina urtarrilean Tuteran (Nafarroa), Felisa S.P. apirilean Barakaldon (Bizkaia), eta Maria Luisa Larrañaga irailean Benidormen (Herrialde Katalanak): horiek izan dira. 2003tik 115 dira hildako andreak, eta eraso horien ondorioz hildako umeak, 11. Horiek «izozmendiaren tontorra» besterik ez direla oroitarazi zuten,eta aski orokortuta dagoela emakumeen aurkako indarkeria.
Hain zuzen, Sara Pinaren heriotza gogoan izan zuten atzo goizean Castejonen (Nafarroa), senarrak hildako emakumea irakasle baitzen herri horretako Maiatzak Bi ikastetxe publikoan. Hango hezkuntza komunitateak Federico Garcia Lorcaren olerkiak eta Rozalen abeslariaren kantu bat eskaini zizkion. Omenaldiez harago, baina, «sexu heziketa on baten beharra» azaldu zuen zentroko irakasle Ana Maria Solak, Efe berri agentziak jasotako adierazpenetan: «Gure ikastetxean abian dugu Skolae programa, eta maila guztietan lantzen dugu indarkeria matxistaren gaia, askotariko jardueren bidez».
Horiek ez ziren eguneko mobilizazio bakarrak izan: Itaiak ere protestara deitu zuen. Elkarretaratzeak egin zituzten Bilboko Indautxu plazan, Donostiako Trinitate plazan, Iruñeko Udaletxe plazan eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, besteak beste.
Erakundeak, goizean
Euskal Herriko erakunde publikoek protesta isilak egin zituzten atzo goizean, indarkeria matxistaren aurkako egunaren karietara. Eusko Jaurlaritzak Lehendakaritzako eskaileretan egin zuen elkarretaratzea. Han izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Miren Elgarresta Emakunderen zuzendaria.
Elgarrestak erakundeen konpromisoa azaldu zuen «bai indarkeria matxistaren prebentzioari dagokionez, bai indarkeria horren biktima diren emakumeei arreta emateari dagokionez» ere. Atzokoa «indarkeria matxistaren biktima guztiak gogoan izateko eguna» zela esan zuen, eta babes eta elkartasun osoa eskaini zien indarkeria horretatik bizirik atera diren emakumeei. Halaber, dei egin zion gizarteari indarkeria matxistaren aurkako «konpromiso irmoa» azaltzeko.
Nafarroako Gobernuak ere elkarretaratzea egin zuen Nafarroako Jauregiaren aurrean. Maria Txibite lehendakariak salatu zuen «biktimak zalantzan jartzeko joera» handitzen ari dela, eta nabarmendu zuen «gizartearen jarrerak aldatzeko beharra» ezinbestekoa dela horri buelta emate aldera.
Ozen berriz: «Aski da!»
Mugimendu feministak kaleak bete ditu bortxa matxistaren aurkako mezuekin. Justizia «feminista» aldarrikatu dute. Instituzioen elkarretaratzeak ere izan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu