Ozeano bete mikroplastiko

Mundu osoko ur azalean dagoen plastikoaren kalkulua egin dute; itsasoko zurrunbiloetan topatu dute gehien, korronteengatik. Baliteke arrainek asko jan izana.

Amaia Portugal.
2014ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Gaur egun, 300 milioi tona plastiko ekoizten da urtero gutxi gorabehera. Plastikoa erabilgarria baita oso, baina badu bere alde iluna ere: 1970eko hamarkadatik, material horren milioi bat tona inguru jausi da itsasora, produkziotik abiatuta egindako kalkuluen arabera. Kontuak ez datoz bat, ordea, Cadizko (Espainia) Unibertsitateak koordinatu duen ikerketa batean aurkitu dutenarekin. Mundu osoko itsasoaren luze-zabalean bildutako 3.070 laginen bidez egin dituzten kalkuluen arabera, 7.000 eta 35.000 tona artekoa da guztira ur azalean metatuta dagoen plastiko kopurua. Gainerakoarekin zer gertatu den, hipotesiak baino ez daude, baina artez edo moldez, itsas hondora jo duela dirudi.

PNAS aldizkariko webgunean aste honetan argitaratutako artikulu batean eman dute ikerketaren berri. Lana Cadizko Unibertsitatetik gidatu badute ere, besteak beste, Itsaso Gorriaren Ikerketa Zentroko (Saudi Arabia) zuzendari Xabier Irigoien eta Pakea Bizkaia proiektuko kide Andrea Ruiz daude sinatzaileen artean.

Malaspina itsas espedizioak bildutako datuak izan dira ikerketa horren oinarrizko lehengaia. Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak (CSIC) abiarazitako diziplina arteko ikerketa proiektu bat da Malaspina, 2010ean eta 2011n mundu osoko itsasoak zeharkatu eta ikertu zituena, eta haren zooplanktona ikertzeko taldearen burua izan zen Irigoien, lehorrean geratu bazen ere. Pakea Bizkaiak Ipar Atlantikoan jasotako laginak eta Txileko itsas armadak Hego Pazifikoan bildutakoak ere baliatu dituzte ikerketa lan horretan, besteak beste.

Mikroplastikoak

Azkenaldian sarri agertu dira hedabideetan plastiko hondakin metatuen ondorioz itsaso zabalean osatutako irla modukoen argazkiak. Ikerketan aztertu eta bildu dituzten laginak, baina, ez dira hain begi bistakoak. Irigoienek azaldu moduan, mikroplastikoei erreparatu diete haiek, plastikoa desintegratzen hasi eta gero barreiatzen diren hondarrei. Izan ere, zentimetro batetik beherako erradioa duten plastikoak dira nagusi ozeanoetako ur azalean: «Eguzkiarekin eta eguraldi baldintzen ondorioz, plastikoak gero eta zati txikiagoetan puskatzen dira, eta horrelako zatiak geratzen dira azkenean».

Horiek biltzeko, Malaspinan zein beste espedizioetan, Neuston sarea izeneko gailu bat baliatu dute. «Sare hau itsas azalera doa, barrenera sartu gabe. Laginak bildu eta gero guztizko kalkulua egiteko, itsasoa askotariko eremuetan zatitu dugu, eta horietako bakoitzari dagozkion datu egokien batez bestekoa erabili», adierazi du Irigoienek.

Emaitzek erakusten dutenez, espero baino askoz ere plastiko gutxiago aurkitzeaz gain, eremuzehatz batzuetan kontzentratzen da bereziki: zurrunbilo ozeanikoetan. «Toki horietan, korronteak itzulinguruka ibiltzen dira; orduan, plastikoak hara eramaten dituzte, eta hantxe gelditzen dira. Kontzentrazio txikienak, berriz, ekuatore aldean daude, korronteek handik kanpora eramaten dituztelako», adierazi du Irigoienek.

Gehien, Ipar Pazifikoan

Plastikoak metatzen dituzten bost zurrunbilo nagusi irudikatu dituzte ikertzaileok ozeanoen mapan: Ipar Atlantikoan, Hego Atlantikoan, Ipar Pazifikoan,Hego Pazifikoan, eta Indiako Ozeanoan. Hain zuzen, Ipar Pazifikoko zurrunbiloak pilatzen du, alde handiz, plastiko gehien, jende gehien ere zurrunbilo horren alde bietara bizi baita: AEBetan, Mexikon, Japonian eta Txinan, besteak beste.

Inguru horietan plastiko kontzentrazioak handiak dira, baina aurkitu ez den eta aurkitzea espero zen material guztiarekin zer gertatu den argitzeke dago oraindik. Ur azalean metatutako plastikoen bilakaera historikoaren inguruan aurrez egin izan diren ikerketek erakusten dutenez, 1980ko hamarkadaz geroztik ez da aldaketa handirik izan material horri dagokionez itsasoan aurkitu izan diren kopuruetan. Denbora tarte horretan, nabarmen hazi da plastikoaren ekoizpena, ordea, eta, horregatik, itsasora iritsitako kopuruak ere derrigor egin behar izan du gora. Artikuluan iradoki bezala, ez badute topatu, beste nonbait dagoelako izan behar du, nolabait itsasoan hondoratu delako. Nola, ordea?

Arrainek plastiko txiki horiek jaten ote dituzten, hori da PNAS aldizkariko artikuluan proposatzen den hipotesietako bat. Eta horixe da Irigoienen ustea ere: «Batez ere, arrain mesopelagikoek [berrehun eta mila metro arteko sakoneran dabiltzan arrainak], oso ugariak baitira itsas zabalean. Falta diren plastikoak zehazki haiek jaten dutenaren tamainakoak dira, eta horregatik uste dugu hori».

Kalteak, ikertzeke

Izan ere, arrain mesopelagikoez egin dituzten azterketetan, ikusi izan dute horiek oharkabean irentsi ohi dituzten plastiko zatiak 0,5 eta 5 milimetro artekoak direla. Hain justu, tamaina horretako pusken falta sumatu dute ikertzaileek, handiagoak espero bezainbeste aurkitu baitituzte. Hala balitz, ikusi beharko litzateke mikroplastiko horiek zer kalte egiten dieten animalioi, ez baitago ikertuta oraindik ere. Irigoienek azaldu bezala, jakina da itsas dortokak eta beste zenbait animalia itota hiltzen direla plastiko handiak irentsita, baina material txikiagoek zer efektu duten ez da askorik behatu: «Oraindik ez dakigu, baina ikertzeko moduko arazo bat da, argi baitago mikroplastiko horiek kate trofikoan sartu direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.