Otxandategi, hustua izateko arriskuan

Biharko aurreikusia dago Berangoko Otxandategi eremua hustea. Bi urte daramatzate eraikuntza proiektuei aurre egiten eta beste nekazaritza era bat sustatzen.

OTXANDATEGI
Otxantegi Herri Lurrak taldeak lantzen duen eremua, Berangon. ARITZ LOIOLA / FOKU
inaut matauko rada
2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Azaroan, Ertzaintza Berangoko (Bizkaia) Otxandategi eremu okupatua husten saiatu zen, baina ez zuen lortu, antolatuta zegoen erresistentziari aurre egiteko nahikoa baliabiderik ez zuelako. Halere, ohartarazi zieten noiz itzuliko ziren: apirilaren 18an. Beraz, bihar itzuliko dira eremua hutsarazteko asmoz, «baliabide gehiagorekin», benetako izena eman nahi izan ez duen Otxantegi Herri Lurrak taldeko kide batek, Maider Lopez aurrerantzean, adierazi duenaren arabera.

Bi urte bete berri ditu Otxantegi Herri Lurrak, «lurraren defentsarako Berangoko guneak». Nekazaritzarako emankorrak diren lur batzuk saldu nahi zituen Agirre-Lipperheide familiak, Berangoko lurren zazpiren baten jabea denak, urbanizazio proiektu handi bat egiteko; 2011ko Hiri Ordenamendurako Plan Orokorrean jaso zuten proiektu hori egiteko asmoa. Mugitzen hasi ziren bizilagunak, eta Berango Lurraren Defentsan kolektiboa sortu zuten «espekulazio proiektu» horiei aurre egiteko.

Hala, 2022ko apirilean Berangoko Otxandategi Dorretxe inguruko lurrak okupatu zituzten: guztira zortzi hektarea. Ordutik lur emankor horiek zaintzen ari dira, eta barazkiak, zerealak eta lekaleak ekoizteko erabiltzen dituzte. Horren lekuan, Berangoko Udalak 500 etxebizitza eraiki nahi ditu eremu horretan, «bat bera ere ez babes ofizialekoa», Lopezen hitzetan. 30 milioi euro inguruko proiektua izango da.

Baina Berangoko hiri antolamendu proiektua ez da 500 etxebizitza horietara mugatzen, beste 2.500 etxebizitza ere eraiki nahi dituzte. Lopezen arabera, gaur egun 2.800 bat etxebizitza daude Bizkaiko udalerrian, eta, asmo horrekin, orain halako bi litzateke Berangoko etxe kopurua. Etxebizitzaren arazoa, Lopezen ustez, ez datza eremu horretan: kontua da etxe bat lortzea zaila dela.

«Guk elikadura burujabetza defendatzen dugu, egungo menpekotasun egoeratik ateratzeko».

MAIDER LOPEZOtxantegi Herri Lurra

Okupatua duten eremu horretatik Otxandategiko Dorretxea da salbatuko den bakarra, babestua baitago. Erdi Aroko dorretxe bat da, militarra edota defentsazkoa, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak «balizko arkeologia gune» gisa izendatua du. Inguruko lur guztiak, baina, eraldatu egingo dituzte, ondoren etxebizitzak eta bestelako azpiegiturak eraikiz.

Nekazaritza baino gehiago

Porlanezko proiektu horiek aurrera egiteko aukera zutela oharturik, duela bi urte baino gehiago lur horiek okupatzeko erabakia hartu zuten zenbait herritarrek. Nekazaritzarako lur emankorrak dira, eta ordutik garaian garaiko eta bertako barazkiak, zerealak eta lekaleak erein eta landatzen dituzte. «Guk elikadura burujabetza defendatzen dugu, egungo menpekotasun egoeratik ateratzeko eta autogestioaren bitartez elikagaiak lortzeko», azaldu du Lopezek.

Lopezek uste du petrolio erreserbak amaitzen ari direla, eta nabarmendu du egungo elikadura industria ondasun horrekiko oso menpekoa dela, «are gehiago» globalizazioarekin. Egoera halakoa izanik, uste du ezinbestekoa dela ahalik eta elikagai gehien bertan ekoiztea, Otxantegin egiten duten moduan.

Beraz, «elikadura burujabetzari garrantzia ematea» eta «urbanizazio eredu espekulatiboaren aurka joatea» dira Otxantegi Herri Lurraren funtsezko oinarriak. Horrez gain, bestelako balio batzuk ere badituzte: horizontaltasuna, euskara bultzatzea eta feminismoa, esaterako. Batzar bidez funtzionatzen dute, eta bertan erabakitzen dute zer egin.

Ortu komun bat dute, eta berau lantzen dute; ondoren, herri mugimenduari eskaintzen diote ekoitzitakoa. Diru iturri moduan ere erabiltzen dute, esaterako, txosnetan taloak salduz lortutakoa. Denbora honetan asko ikasi behar izan dute nekazaritzari buruz, eta ikasitako hori ere bildu eta transmisioa bermatzen dute.

Azkenik, sozializatzeko eta politika egiteko ere erabiltzen dute lur eremua; haien ildoko hitzaldiak antolatuz, esaterako. «Kontzertuak ere antolatu izan ditugu, baita euskararekin zerikusia duten gauzak ere. Berango astintzen saiatzen gara; azken finean, bizi eredu alternatibo bat eskaini nahi dugu, eta ezagutza sustatzen eta bultzatzen saiatzen gara».

Bi urteko ibilbidea

Apirilean bi urte bete dira zortzi hektarea horiek okupatu zituztenetik, eta joan den asteburuan urteurren ospakizuna egin zuten. Desazkundeari buruzko hitzaldi bat eman zuten, begirada ekofeminista batetik, eta, ondoren, bazkaria egin zuten. Arratsaldean Ane Lindane umoristak bakarrizketa egin zuen, eta amaitzeko oihalekin egindako akrobazia ikuskizuna egin zuten. Afaltzeko, bertako artoarekin egindako taloak izan zituzten.

Lopezen arabera, espero baino jende gehiago bildu zen: «Oso ondo joan zen urteurren ospakizuna. 120 pertsonatik gora izan ginen bazkaltzen, eta egun osoan etengabe etorri zen jendea. Adin guztietako pertsonak gerturatu ziren, eta txandetan ere parte hartu zuten. Izugarria izan zen». Uste dute jende askok bat egiten duela proiektuarekin eta, biharko hustearen aurka, azaroan baino indar handiagoa izango dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.