Otxandategi, beste huste agindu baten zain

Otxandategiko eremua husteko agindua emana zuten gaurko 10:45erako. Alabaina, Ertzaintza ez da agertu, eta kanporatze agindua bertan beheiti gelditu da.

Otxandategiko kanporatzearen kontrako elkarretaratzea, gaur goizean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Otxandategiko kanporatzearen kontrako elkarretaratzea, gaur goizean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Xalbat Alzugaray
Berango
2024ko apirilaren 18a
17:45
Entzun

Urrundik ikus daiteke Otxandategiko kideek eraikiriko zurezko zaintza dorrea. Kaskoan norbait mugitzen dela ere ikus daiteke euri eta laino tartean. Sartzera heldurik, hiru belar bolek trabatzen dute Erdi Aroko dorretxeko bidea, Lurra defendatzen duenarentzat, Otxantegi bizirik! banderolak apaindurik. Zaintzen ari dira eremua. Zinezko izena eman nahi izan ez duen Otxantegi Herri Lurra taldeko kide batek adierazi du Ertzaintza jinen balitz «erresistentzia antolatzeko eta kanporatzea atzeratzeko» prest daudela. Lekua husteko mehatxupean baitira.

Zortzi hektareako lur eremuaren erdian dago Berangoko (Bizkaia) etxerik zaharrena, Otxandategi dorretxea. Barruan, sukalde hertsian dago Herri Lurra taldeko kide multzo bat eta, haien artean, egiazko izena eman nahi izan ez duten hiru kide, emakumezkoak denak. Berangoko harrizko armarriaz apailaturiko etxea eta lurra Agirre-Lipperheide familiarenak dira, Berangoko lurren zazpiren baten jabeak dira. Jabeek ukan duten «faborezko tratamendua» eta herrian egin duten «joko politikoa» salatu dute mugimenduko hiru kideek. Izan ere, Berangoko Udalak 500 bizitza egiteko proiektua du dorretxearen inguruan, «bat bera ere ez babes ofizialekoa». Udalaren partetik jasan duten «zentsura» eta Berangoko bestetan txosnak inongo «arrazoi sendorik gabe» kentzea deitoratu dute ere.

Aldiz, laborantzako lur joriak direla eta hainbat barazki, lekale eta labore landatzen dituztela azaldu dute. Bertzalde, Otxandategin ekintza ugari egin dituzte 2022ko okupazioa hasi zutenetik. Elikadura burujabetza proiektuaz aparte: «Tailerrak, hitzaldiak, formakuntza teorikoak eta praktikoak zein kontzertuak egin izan ditugu». Lurraren defentsa eta espekulazioaren kontrako proiektua gauza zedin «lanketa politikoa» ere egin dutela adierazi dute. Uribe Kostako mota bereko bertze mugimenduei jarraipena emateko eta «espekulazio basaren kontra borrokatzeko» okupatu zuten eremua. Etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko mugimendua izateaz gain, «etengabeko hazkundearen kontrako hautua zein bestelako aisialdi eredu bat eskaintzeko» hainbat jarduera antolatzen dituztela ere gehitu dute.

Epaileak 10:00etan finkatua du husteko agindua, eta Dorretxearen kanpoaldean jende geroz eta gehiago hurbiltzen hasi den heinean, aroak ere hobera egin du. Otxandategiko sartzean ez dago mugimendu handirik. Iñaki Carro Okupazio Bulegoko abokatuak adierazi duenez, iazko azaroaren 23an Ertzaintzako bi patruila joan ziren, eta ikusi zuten jende anitz zegoela: «Adierazi ziguten ez zutela nahiko ahalik jendea kanporatzeko». Orduan bertan beheiti utzi zuten kanporatzea, baina gaurko finkatu, eta urtarrilaren 24an epaileak Ertzaintzari eskaera igorri zion gaurko kanporatzean «nahikoa ahal» izan zedin, Carroren erranetan. Ordea, joan den ortzegunean, Ertzaintzak aditzera eman zuen gaurko kanporatzerako ere nahiko ahalik ez zuela.

10:40 heldu dira, eta ez da kanporatzearen arrastorik ere Otxandategin. Prokuradoreak Carrori jakinarazi dio kanporatze agindua bertan beheiti utzia dela, eta poza nagusitu taldeko kideen artean. Hala ere, Carrok egoeraren balorazioa egin du. Haren ustez, bertan behera utzi dute «hauteskunde kanpainaren bukaera delako eta igandean hauteskundeak direlako». Haatik, eremua husteko beste egun bat finkatuko dutela segur agertu da Carro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.