AHTak Iruñea eta Donostia lotzeko zer ibilbide eraiki behar den, horren inguruan eztabaida politiko gogorra azaleratu da udaz geroztik, Gipuzkoako EAJk oso garbi utzi baitu Ezkio-Itsasoko ibilbideari ezin diola «uko egin», Eider Mendoza ahaldun nagusiak adierazi duenez. Haren alderdikide eta Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek, berriz, Gasteizko lotunea defendatzen du. Bada, Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko buru Pello Otxandianorentzat, «esperpento politikoa da Gipuzkoako eta Arabako ahaldun nagusiak publikoki eztabaidatzea Nafarroako bat egitea nork eramango duen, alderdi berekoak izanda biak».
Ikusi gehiago
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Otxandianok gogoratu du AHTak «hogei urte» daramatzala bukatu gabe, eta «milioi askoko» azpiegitura dela: «Beldur naiz ez ote dauden hemen lurraldeen interesak aldagai teknikoak baino gehiago».
EH Bilduko eledunak garbi utzi du ez duela koalizioak esango «zein den aukerarik onena»; besteak beste, «EH Bildu ez baitago ados ez Ezkioko aukerarekin ezta Gasteizkoarekin ere». Koalizioak «alternatiba bat» plazaratu duela gogorarazi du: «Prestazio handiko tren bat Araba, Nafarroa eta Burgos lotzeko, egungo trenbidearen zabalera aprobetxatzen duena, eta balio duena merkantzia eta bidaiariak garraiatzeko; eta, gainera, aldiriko tren gisa balia daiteke».
Ezkion aspaldian eraikita dagoen AHTaren geltokiaren azpiegitura ere ahotan hartu du Otxandianok, haren beharra auzitan dagoen honetan, eta galdera bat egin du: «Eraikiko ote zuten lotune hori egokiena dela bermatuko luketen azterketa geoteknikoak egin gabe?». Horrelako gertaerak ikusirik, «herrialde serio batean» erantzunak emango liratekeela erantsi du, «are, dimisioak ere bai».
Mendoza: «Ez dago desadostasunik»
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, berriz, ziurtatu du ez dagoela ezadostasunik Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroa eta Gipuzkoa lotzeko ibilbidea dela eta. Euskadi Irratian esan du Espainiako Gobernuan «alferkeria teknikoa» egon daitekeela Ezkioko lotunearen inguruko txosten teknikoak egiteko, eta Pradales Jaurlaritzako lehendakariak garbi utzi duela «azken erabakia» ez duela bakarrik Madrilek hartuko, «gure herriarentzat estrategikoa baita».
Gogoratu du Pradalesek esan zuela ibilbide bietako batean «saturazioa gertatzeko arriskua» dagoela, eta arrisku hori «Gasteizko ibilbidean» dagoela esplikatu du Mendozak. «Hori izan da Eusko Jaurlaritzaren posizioa», erantsi du Gipuzkoako ahaldun nagusiak. 2018an, Gasteizko gobernuak argi islatu zuen bere nahia txosten zabal batean: Nafarroa eta Gipuzkoa Ezkiotik lotzea nahi zuen; baina, orain, Pradalesen gobernuak ez du ibilbide baten edo bestearen alde egin, eta zuhurtziaz espero du Espainiako Gobernuak urte amaierarako egina behar lukeen azken txosten teknikoa.