Otxandianoren hautagaitza erregistratu dute, «eraldaketa nazional bati ekiteko»

Koalizio subiranistak uste du aldaketa hiru ezaugarrik ardaztu beharko luketela: egoeraren diagnostikoa, herri proiektu bat, eta XXI. mendeko gobernugintza «berritzaile eta feminista».

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko ekainaren 14a
13:55
Entzun

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiaren hautagaitza erregistratu du gaur koalizioak, datorren astean eginen den inbestidura saioari begira. Otxandianok berak ohar bat zabaldu du, erabakiaren zergatiak azaltzeko. Erran duenez, «aro aldaketa batean» dago gizartea, eta Europako hauteskundeetan nagusitu diren joerek erakutsi dute politika ez dela gai izan «gizarte premiei erantzuteko». Ordea, haren erranetan, bertzelakoa da egoera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «munduko panoraman ia salbuespena den errealitate instituzional eta politikoa» dagoelako bertan. Alde horretatik, sinesten du koalizio subiranista gai dela «garaiko erronka eta mehatxuei» aurre egiteko «erantzunak artikulatzeko»: «Eraldaketa nazional bati ekiteko».

Eraldaketa hori jada errotuta dauden bi zutaberen gainean eraiki beharko dela uste du. Batetik, Euskal Herriak baduela «nazio identitate propioa», eta, beraz, horrek «elkargune» bat izan behar duela etorkizuneko «marko juridiko politiko berrirako». Bertzetik, «politika neoliberalak» atzean uztearen ideia aipatu du: «Sektore publiko indartsu bat behar dugu hurrengo hamarkadarako eredu sozial eta ekonomikoa definitzeko».

Oinarri hori badagoela kontuan hartuta, uste du hiru ezaugarrik ardaztu beharko luketela «eraldaketa nazionala»: «Lehenik, gure herriaren diagnostiko zintzoa, zeinak aipatutako eraldaketa nazionalaren beharra ondorioztatzera garamatzan. Bigarrenik, datorren hamarraldirako norabidea finkatzeko gai izango den herri proiektua, dagozkion herri erronken definizioarekin eta estatus politiko berri baten onarpenarekin. Hirugarrenik, XXI. mendeko gobernugintza, berritzailea eta feminista izango dena, eta, ezinbestean, partaidetza demokratikoan sakonduko duena». Hau da, EH Bilduk eskuartean duen proiektua garatzeko «gobernantza eredu berria» proposatzen du Otxandianok.

Aitortu du prest dagoela hori guztia posible dela frogatzeko, eta «ezkerreko subiranismoaren ikuspegia mahai gainean jartzeko». «Apirilaren 21ean EH Bildurengan konfiantza eta espektatiba jarri zenuten 343.609 herritarrengatik zein azken hilabete eta erdian aldaketarako beharra sentitu duzuen guztiongatik egingo dut», zehaztu du. Izan ere, sinetsita dago hori guztia posible egiteko aukerak badaudela, eta «herri honek merezi» duela.

EAJk, atzo

Imanol Pradales EAJko lehendakarigaiaren hautagaitza, berriz, atzo goizean erregistratu zuen haren alderdiak. Jeltzaleek eta koalizio subiranistak 27na eserleku dituzten arren, sozialistek EAJren alde eginen dute, eta bien artean badute gehiengo osoa. Hori gertatuko balitz, Pradales izanen litzateke hurrengo lehendakaria, eta datorren larunbatean hartuko luke kargua, hilaren 22an, Gernikan.

Jon Hernandez Sumarreko parlamentariak, berriz, eskatu du Eusko Legebiltzarreko jarduera martxan jarri dezatela uztailean. Behin gobernu berria eratuta, «jarduera parlamentariorik gabeko bi hilabeteko aldia saihesteko». Izan ere, bere ustez, «aldi luzeegia» da.

Joan den otsailaren 27an desegin zuten legebiltzarra, eta berria maiatzaren 14ean osatu. Baina, koalizioak azaldu duenez, Europako hauteskundeen kanpainak eragina izan du jarduera parlamentarioan, eta inbestidura saioa gaur zortzi izanen da, «uztaileko eta abuztuko jarduerarik gabeko aldia hasi baino egun batzuk lehenago».

Hernandezek gogoratu du Eusko Legebiltzarreko araudiak ahalbidetzen duela bere proposamena, eta bertze legealdi batzuetan egin izan dela.

Gobernu akordioa

Eusko Jaurlaritza berriaren osaketa zein izanen den ez dute ofizialki jakinarazi. Baina El Correo egunkariak eta ETBk adierazi dute baieztatu ahal izan dutela zein izanen den datorren lau urtetarako gobernu akordioa. Zentzu horretan, adierazi dute jeltzaleek orain arte kudeatu dituzten sailetako batzuk mantenduko dituztela: Osasuna, Hezkuntza, Segurtasuna, Ogasuna eta Kultura.

Informazio horien arabera, gainera, PSE-EEren esku geldituko dira Enplegua eta Lana, eta Garraioa eta Turismoa; baita Etxebizitza Saila ere, El Correo-ren arabera. Iragarri dute, gainera, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak zatitu egiten dituztela. Banaketa horretan justiziaren arloa –kartzelen kudeaketza, espetxe politikaz edo hirugarren graduen kudeaketaz arduratzen dena– jeltzaleen eskuetan mantenduko dela diote, eta zehazteke dagoela berdintasunaren eta gizarte politiken arloa sozialistena izanen ote den edo ez.

Horrez gain, PPko ordezkari ohi Carlos Iturgaitzek jakinarazi du Espainiako PPren zuzendaritzan hasiko dela lanean. Izan ere, legebiltzarkide izateari utzi zion joan den agintaldian, eta Europako hauteskundeetako zerrendetan 24. lekuan aurkeztu zen, baina alderdiak 22 eserleku soilik lortu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.