«Badakigu gobernuak gehiengoa duela; hala diote behin eta berriz. Baina hausnarketa bat egin behar dute», kexatu da Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea gaurko osoko bilkuraren atarian. Ordu batzuk geroago, EH Bilduk eta Eusko Jaurlaritzak beste bilera bat egin dute, Eusko Jaurlaritzaren 2025erako aurrekontuen inguruan. Hartan, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak proposamen berri bat aurkeztu dio EH Bilduri, baina xehetasunak ez dituzte jakinarazi, «diskrezioz» jokatu nahi dutelako. Bi aldeek negoziatzen jarraitzeko asmoa dute.
Otxandianok Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzo esandakoei erantzun die, adieraziz koalizioa «asko» mugitu dela negoziazioen hasierako posizionamendutik, gobernuarengana hurbiltzeko helburuarekin. Hitz horiek egin ditu, atzo lehendakariak EH Bilduri egotzi ostean aurrekontuetan akordiorik egiteko ezintasuna. Otxandianoren ustez, lehendakariaren hitzak «oso zoritxarrekoak eta lerratuak» izan dira, eta esan du Jaurlaritzaren txanda dela urratsak egiteko. Bozeramailearen iritziz, Jaurlaritzari berari dagokio esatea ea «benetan» akordiorik nahi duten eta «horretarako mugitzeko» prest dauden.
Bi alderdiak bat datoz, eta ez dute ezkutatu batzuen eta besteen nahiak «aldenduta» daudela. Bereziki, etxebizitzaren alorrean. Dena dela, Otxandianok azpimarratu du elkargune bat topatzeko denbora badagoela. «Askotan, akordio garrantzitsuak eta konplikatuak azken unean gauzatzen dira». Halere, ohartarazi du «azkenetan» daudela, gogoratu baitu aurrekontuen behin betiko bozketa hilaren 20an izango dela.
«Badakigu gobernuak gehiengoa duela; hala diote behin eta berriz. Baina hausnarketa bat egin behar dute»
PELLO OTXANDIANOEH Bilduren bozeramailea
Etxebizitzari dagokionez, nabarmendu du Etxebiden etxebizitza babestuak alokatu nahi dituzten eskatzaileen kopurua gora doala. Haren ustez, datuak argi erakusten du «geroz eta jende gehiago» dagoela merkatu pribatuko alokairuak ordaindu ezinik, eta, bide batez, agerikoa dela etxebizitza alorrean egindako politikek ez dutela funtzionatzen.
Otxandianok berretsi du EH Bildu negoziatzeko «erabat prest» dagoela. Adierazi du euren proposamenak «zehatzak eta errealistak» direla, eta «ingurune hurbileneko erreferentziak» aintzat hartzen dituztela. «Ez dugu etsiko. Badago alternatiba».
Gutxieneko soldatari ere aipu bat egin dio Otxandianok. Kontatu du koalizioaren beste «lehentasun» bat dela. Jakitun da lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzeko eskumenik ez duela Jaurlaritzak, baina proposatu du lanbide arteko hitzarmen bidez zehaztea gutxieneko soldata. Dena dela, azpimarratu du «berandu baino lehen» estatus politiko berria lortu behar dela, etorkizunean erabakitzeko ahalmen handiagoa izateko. Hain zuzen, auzi honetan gertuago daude bi aldeak, EH Bilduko eta Jaurlaritzako ordezkariek azaldu izan dutenez.
PPk baldintzak jarri ditu Araban
Iñaki Oiartzabal Arabako Alderdi Popularreko bozeramaileak Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari ohartarazi dio 2025. urterako aurrekontuak ez dituztela berehalakoan babestuko. «EAJk eta PSOEk Elkarrekin-ekin eta EH Bildurekin adosten dituzte Eusko Legebiltzarreko arau garrantzitsuenak, eta Gasteizko Udalean ere bat egin dute EH Bildurekin zergak igotzeko. Egoera horretan, zaila zaigu aurrekontuak babestea. Gure zuzenketekin diputazioaren politikak bideratzeko aukera izan behar dugu».
60 milioi euroren balioa duten 170 zuzenketa partzial aurkeztu dituzte. Besteak beste, «oinarrizkoak» diren proiektuak, azpiegiturak, gizarte eta zaintza politikak eta ekonomia garapenerako laguntzak hauspotu nahi dituzte. Halaber, zergen arloan, fiskalitatea «hobetzea» eta seme-alabengatiko, ardurapeko adinekoengatiko eta desgaitasunengatiko kenkariak handitzea eskatu dute babesaren truke. Bi konpromiso ere exijitu dituzte: Santiagoko Larrialdiak berriro irekitzea eta Arana Klinika zaharreko etorkinentzako zentroa egokitzeko proiektua geldiaraztea.
Era berean, Ezker Anitzak akordioa erdiesteko borondatea berretsi du gaurkoan. Jose Damian Garcia-Moreno batzarkideak esan du Elkarrekin taldea prest dagoela 2025. urterako aurrekontuak babesteko, baina aurretik aldundiak bere egin behar dituela «funtsezko gai batzuk». Hala nola etxebizitza eskuratzeko erraztasunak eskaintzea eta egoitza pribatuetan eta etxebizitzetan lurralde mailako hitzarmen kolektiboa bultzatzea. Gogorarazi duenez, mila langilek baino gehiagok akordiorik gabe dihardute lanean, eta, ondorioz, «oso lan eta soldata baldintza eskasak dituzte». Hori dela eta, «beharrezkoa da Arabako Foru Aldundiak elkarrizketa bultzatzea eta bide orri argi bat aurkeztea sektore horretako prekaritatea amaitzeko».
Gipuzkoako Batzar Nagusietan egoera bertsua da. EAJren eta PSE-EEren gobernuak oposizioko alderdiren baten babesa behar du, eta PPk eta Elkarrekin-ek adierazi dute horretarako prest daudela. Bietako batek ere ez dio osoko zuzenketarik aurkeztu proposamenari. Eider Mendoza ahaldun nagusiak, baina, aukeratu egin beharko du, koalizio moreak iragarri baitu ez duela inondik inora PPren bidelagun izan nahi. Eskuineko alderdiak, berriz, esan du «desadostasun politikoa eta alderdien arteko borroka ezin direla oztopo izan Gipuzkoak aurrera egiteko».