EH Bilduko eledun Pello Otxandianok erreforma fiskalaren gaia eraman du Eusko Legebiltzarrera, aurreko astean koalizio subiranistak Eusko Jaurlaritzarako eta hiru foru aldundietarako egindako aurrekontu proposamen bateratua gogora ekarriz. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesi esan dio erabakitzeko zer bide jorratu nahi duen eta norekin, eta hark erantzun dio zehazteko zein den EH Bilduren «herri ikuspegia», aurpegiratuz ez dutela berdin jokatzen Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean.
Fiskalitatearen alorrean, bi bide hartu daitezkeela azaldu du Otxandianok. Batetik, Madrilgo Erkidegoa erreferentziatzat daukana; bestetik, «Europako herrialde sozialki aurreratuena». Eta EH Bilduko kideak Pradalesi adierazi dio lehen bidea jorratzeko PPrekin negoziatu beharko duela; bigarrena hartu nahi badu, berriz, EH Bildu elkarrizketarako prest izango duela. «Baina momentua da erabakiak hartzeko, erretorikatik politika publikoetara pasatzeko». Izan ere, Gipuzkoan eta Araban EAJren eta PSE-EEren arteko gobernuek ez dute gehiengorik.
Lehen kasuan, Otxandianok azaldu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan badagoela EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk adostutako «oinarrizko akordio bat», baina hortik aurrera ez dutela informazio gehiagoren berri: «Gardentasun eza erabatekoa da».
Hala, Pradalesi galdetu dio ea ez ote den EH Bilduz «fio», eta jarraian adierazi du ez dela koalizio subiranista «oposizio ez-eraikitzaile bat» egiten ari dena. Hain zuzen, rol hori PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak hartu duela uste du Otxandianok. Argudiatu du badaudela halako adierazpen bat egiteko arrazoiak hain zuzen Gernikako Estatutuaren 45. urteurrenean. «Etengabeko higatze prozesu baten ostean, handikeria politiko osoz, galdetzen zuen ea zer erabaki behar dugun».
Eta Anduezaren esanak baztertu gabe, «elkarrizketarako eta negoziatzeko gonbidapena» berretsi dio Pradalesi: «Nik inoiz ez dizut esango, lehendakari, zure lagunei zergak jaitsi nahi dizkiezunik, atzo bertan Eneko Anduezak esan zizun bezala». Horren ordez, «zergez kexatzen diren enpresekin zuhurtziaz» jokatzeko deia egin dio, gogoratuz Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak enpresen interesak defendatzen dituela.
Lehendakariak, berriz, Otxandianori txarretsi dio, batetik, berak Europa aipatu bitartean Sortuk Kubako Alderdi Komunistarekin itun estrategiko bat adostu izana, eta, bestetik, elkarrizketarako asmoa azaldu ostean Jaurlaritzak «dogma neoliberalei» jarraitzen diela esan izana.
«Zuen [EH Bilduren] herri ikuspegia erakusteko aukera bikaina izango duzue datozen asteetan. Ikusiko dugu herri ikuspegi bera duzuen Hego Euskal Herri guztirako»
IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria
Hala, Pradalesek, Eusko Jaurlaritzaren eta EH Bilduren ildoen arteko ezberdintasunak azaleratzeko asmoz, behien esnearen ustiaketa erabili du metafora gisa. Haren esanetan, EH Bilduren eredu sozioekonomikoak bat egiten du behiak «ahitu arte jeztearekin»; Jaurlaritzarenak, berriz, behiak «zaintzearekin, ondo elikatzearekin, erreproduzitzen uztearekin...».
Halere, Pradalesek adierazi du aldaketa bat ikusi duela EH Bilduren jarreran, eta «baikortasunari» eutsiko diola. «Zuen herri ikuspegia erakusteko aukera bikaina izango duzue datozen asteetan. Ikusiko dugu herri ikuspegi bera duzuen Hego Euskal Herri guztirako», erantzun dio Otxandianori, datorren urterako Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuei erreparatuz. «Ikusiko dugu zenbatean dagoen zuen aurrekontu kiloa Iruñeko eta Gasteizko azoketan».
Sistemaren eraginkortasuna
Aurrez, Pradalesek euskal erakunde sistemaren «eraginkortasunean» sakontzeko asmoa azaldu du, EAJko eledun Joseba Diez Antxustegiren galderari erantzunez, eta azaldu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin eta Eudeleko presidentearekin bilduko dela azaroaren 13an, erakundeen «efizientzia eta efikazia» hobetzeko.
Gernikako Estatutuaren 45. urteurrena gogora ekarrita, lehendakariak defendatu du eskubide historikoak eta autogobernua direla euskal erakunde sistema horren oinarria: «Ozen eta harro esan dezakegu azken lau hamarkada eta erdi hauetan gradualki eraikiz joan garen autogobernu eta erakunde sistema eraginkorra izan dela, ondo funtzionatu duela».
Era berean, baina «etengabe berritzen, egokitzen eta hobetzen» jarraitu behar dela azaldu du, eta hiru konpromiso zehaztu bide horretan: «burokrazia gutxitzea», «arlo digitalean berrikuntza aplikatzea» eta «hobekuntzak garatzea herri politika eraginkorrak egiteko».