Otxandianok herri ikuspegia indartzeko «lidergo sendo bat» eskatu dio Pradalesi

Jaurlaritzako lehendakariak erantzun du herri ikuspegia txertatuta dagoela Jaurlaritzaren jardunean, eta EH Bilduri aurpegiratu dio auzi horretan ezberdin jokatzea Madrilen eta Gasteizen.

Otxandiano, Pradales begira duela, gaur goizean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Otxandiano, Pradales begira duela, gaur goizean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko irailaren 27a
11:01
Entzun

Udako etenaren ostean, Eusko Legebiltzarrak berrekin die ohiko bilkurei, eta gaurkoa izan da gobernu berriko kideen lehen kontrol saioa. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eta Pello Otxandiano EH Bilduko eledunaren arteko lehen aurrez aurrekoa izan da, «herri ikuspegia» hizpide. Otxandianok «lidergo sendo bat» ezartzeko eskatu dio Pradalesi, lurraldeen arteko lehia eteteko. Lehendakariak, berriz, erantzun dio Jaurlaritzak ikuspegi hori txertatua duela bere jardunean, eta jarrera txarretsi dio: «Zu entzunda, eman lezake zu zarela herri ikuspegia inporta zaion bakarra».

Otxandianok lehendakaria zorionduz ekin dio bere lehen hitzaldiari, hark Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibiterekin batera kontzertu ekonomikoaren eta Itun Ekonomikoaren alde argitaratutako artikuluagatik. «Uste dut ekimen eredugarria eta ederra dela». Eta eskatu dio Euskal Hirigune Elkarteko presidente Jean Rene Etxegarai ere batzeko eragile instituzionalekin egiten ari den bilera sortara, prozesuak «ikuspegi nazionala» izan dezan. Eta horrekin batera, galdera: «Nola ulertzen duzu zuk herri ikuspegia?».

Pradalesek «denbora» eskatu dio EH Bilduko eledunari, eta, hortik aurrera, herri ikuspegi kontzeptuaren analisi bat egin du. Haren esanetan, «herri batek etorkizunean izan beharko lituzkeen ezaugarri sozial, politiko, instituzional, ekonomiko edo kulturalak» dira herri ikuspegia: «Hau da, gure gizartea etorkizunean nola irudikatzen dugun». Hala, adierazi du ikuspegi horrek erabakiak baldintzatu behar dituela, eta Eusko Jaurlaritzak hala egiten duela lan.

Hain zuzen, Pradalesek azaldu du eragileen proposamenak jasotzen ari dela, horiek Jaurlaritzaren erabakietan txertatzeko: «Hori da gure betebeharra, eta hala erakutsi dugu hasiera-hasieratik». Horren adibidetzat jo ditu, besteak beste, lehendakaritza iristearekin batera hasitako bilera sorta, Osakidetzarako akordio bat egiteko mahai eta itun etiko baterako proposamena. Bide horretan, azaldu du lehendakaritzaren xedea dela «ibilbide partekatua» denen artean lantzea: «Espero dut zu eta zure alderdia erabaki hauetan eragile inplikatua izatea, herri ikuspegia erakustea. Horretarako aukera izango duzue, hitzez eta ekintzaz».

«Inefizientzia»

EH Bilduk, baina, bestelako norabide bat ikusi du azken asteetan EAEko ordezkari instituzionalen arteko  eztabaidetan. Otxandianok AHTaren lotunearen ingurukoa nabarmendu du, baina adieraziz agian «icebergaren punta» besterik ez dela hura: «Hiru diputazioetan gehiengo berdinak izanik, zailak dira ulertzen politika publiko askotan ageri diren norabide ezberdinak». Era berean, salatu du «nekez» uler daitekeen lehia bat ere badagoela hiru lurraldeetako erakunde publikoen artean, eta horrek «inefizientzia handia» eragiten duela inbertsio publikoak kudeatzeko orduan.

Hain zuzen, horren aurrean «lidergoa» hartzeko exijitu dio Pradalesi: «Hiru lurralde hauetako ordezkari gorena den lehendakariaren lidergo instituzionalaren falta sumatzen da, gure sistema instituzionalari koherentzia emateko». Uste du horrek eman dezakeela «erronka kolosalei» erantzuteko beharrezko «koherentzia zorrotza» eta «eraginkortasun instituzionala». Hala, oinarrizko bi eztabaidari erreparatu die EH Bilduko kideak: fiskalitatea eta estatus politiko berria. Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJk eta EH Bilduk egindako akordioei erreparatu die Otxandianok, eta horiek hiru lurraldeetara zabaltzearen alde egin du: «Alde horretatik ere, hiru lurralde hauek izan behar duten garapenari norabide politikoa emateko lidergo politikoaren falta sumatzen dugu».

Eskaera, ordea, ez da Pradalesen gustukoa izan. Hark errepikatu dio herri ikuspegia jada ezarria dagoela Jaurlaritzan, eta zalantzan jarri du EH Bilduk jarrera bera ote duen. Izan ere, koalizio subiranistari aurpegiratu dio bi jarrera ezberdin izatea euskal instituzioetan eta Madrilen: «Ez naiz sartuko zuek euskal lurraldeetan edo Espainiako Gobernuarekin negoziatzen ari zaretenean aplikatzen dituzuen herri ikuspegietan». Eta horrekin batera, aurpegiratu dio galdera bere interesen mesedetan egitea: «Zuri entzunda, eman lezake zu zarela herri ikuspegia inporta zaion bakarra, edo zuk bakarrik daukazula herri ikuspegia. Edo agian, barkatu, zu zeu zarela herri ikuspegia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.