Imanol Pradalesek eta Eneko Anduezak ezetz erantzun diote Pello Otxandianori: Eusko Jaurlaritza eratzeko negoziazioak amaitu arte ez direla harekin bilduko, alegia. Hala jakinarazi du EH Bilduko lehendakarigaiak sare sozialetan argitaratutako mezu batean: «Penaz diot uko egin diola bigarren indar politikoa denarekin elkarrizketa abiatzeari».
Eusko Legebiltzarrerako bozen ondotik, jeltzaleen deirik jasotzen ez zuela eta, Otxandianok iragarri zuen aurrea hartu eta EAJren eta PSE-EEren lehendakarigaiei deituko ziela, bilera bana egiteko. Izan ere, EH Bilduko buruak uste du ezinbestekoa dela «ezein gobernu akordiotik harago» elkarguneak bilatzea eta alderdien arteko «kooperazioa» sustatzea. Apirilaren 21eko bozen ostean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mapa politikoa aldatu egin baita, baita bi alderdi nagusien arteko indar harremana ere.
Bada, asmo horrekin egin zion elkarrizketarako deia Pradalesi asteazkenean, hura baita EAEko lehen indar politikoaren ordezkaria. Gaur jakinarazi du, ordea, uko egin diola harekin biltzeari: «Zoritxarrez, abagune berezi honetan, ez zaio garrantzitsua iruditu Euskal Herria Bildurekin elkarrizketa abiatu eta elkarguneak bilatzea». Eta zera erantsi du: «Gauza bera egin du Eneko Anduezak».
Otxandianok uste du Pradalesi zegokiola elkarrizketen «lidergoa» hartzea, jeltzaleek jaso baitzuten boto gehien azken hauteskundeetan. Baina gaitzetsi du PSE-EErekin baino ez duela hitz egin nahi izan. «Nire ustez, kultura politikoaren oinarri-oinarrian dagoen edo egon beharko litzatekeen gutxieneko kortesia parlamentarioa ere ez da errespetatu», salatu du EH Bilduren lehendakarigaiak.
Eta gogorarazi du koalizio subiranista bigarren indar politikoa dela, eta 343.609 herritar ordezkatzen dituela. «Hau ez da albiste txarra ez niretzat, ez EH Bildurentzat, baizik eta herri honentzat», nabarmendu du Otxandianok. Eta berretsi du «agortuta eta zaharkituta» dauden politika egiteko moduetan «tematzea» ez dela ona inorentzat. «Elkarguneetatik ihes egitea biderik errazena izan daiteke, baina gu ez ginen etorri politikagintzara gauzak modu errazean egitera, herri honen eta ditugun erronken neurrira jardutera baizik», adierazi du EH Bilduko buruak.
«Negoziazio diskretuak»
Atzo PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak eta EAJren eledun Joseba Diez Antxustegik esandakoen bidetik, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriak ere jeltzaleen eta sozialisten arteko negoziazio «pribatu eta diskretuak» defendatu ditu: «Behin akordioa dagoenean, denek batera jakingo dute». Hala, uste du «logikoa» dela behin negoziazioak amaitu ondoren hitz egitea EH Bildurekin: «Beti egin izan da horrela».
Adierazi du, dena den, EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa badute ere oposizioarekin akordioak lortzen saiatuko direla. Aurreko legealdian ere hala egin zutela gogorarazi baitu: «Beti saiatu gara akordio bat lortzen. Batzuetan posible izan da, eta beste batzuetan, ez. Baina legegintzaldi honetan ere hala izango delakoan nago». Hain zuzen ere, aukera ikusten du bereziki autogobernuaren inguruan adostasuna lortzeko. Izan ere, Tejeriak uste du autogobernua berritzeko «beharra» dagoela, 45 urte igaro baitira Gernikako Estatutua onartu zenetik, eta «oraindik osatu gabe» baitago. Eta ziurtatu du jeltzaleek eta sozialistek «konpromisoa» dutela horretarako.
Gauzak hala, Pradalesen balizko inbestidurarako data jakitea da hurrengo urratsa. Ez da zehaztu oraindik, baina Tejeriak adierazi du ekainaren 22a egun egokia izan daitekeela hurrengo lehendakariak karguaren zina egiteko Gernikako Batzar Etxean. Hau da, inbestidura saioa ekaineko hirugarren astean egingo litzateke. Halere, Tejeriak berak adierazi du astearteko Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren bileran tratatuko dutela afera.
Tejeriak azaldu duenez, «dataz» hitz egiteko baliatuko dute lehen bilkura, baina gehitu du egutegiari erreparatuz gero ez dagoela «sekretu» handirik. Izan ere, aste honetan ekingo diote alderdiek Europako Parlamenturako bozen kanpainari, eta horiek ekainaren 9an egingo dira. «Hauteskunde kanpaina bat dago, hurrengo astean oraindik emaitzen biharamunarekin arituko garela pentsatzen dut; beraz, ez dago tarte handirik», esan du, zin egiteko eguna ekainaren 22a izan daitekeela iradokitzeko; larunbatez egin ohi da ekitaldi hori.