Pello Otxandiano eta Imanol Pradales izan dira protagonista inbestidurako osoko bilkuran, baina beste izen batek ere eskuratu du arreta: Iñigo Urkullu. Orain arteko lehendakaria ez da bere eserlekuan egon EH Bilduko lehendakarigaiak bere gobernu proposamena azaldu duen ordu eta erdian. Hura bukatzean azaldu da ganberan, eta Pradales bere proposamena aletzen hasi denean eseri da.
Bi eredu aurrez aurre jarri dituzte hautagaiek, jakinda azkenerako EAJko lehendakarigaiak hartuko duela aginte makila. EAJk eta PSE-EEk duten gehiengo absolutua izango du alde. Edonola ere, Otxandiano hasi da, eta salatu «ezinezkoa» zela programari buruz eztabaidatzea, EAJk eta PSEk ez dutelako azaldu euren programa: «Hau ez da tramite hutsa», esan du. Koalizioko hautagaiak ziurtatu du «herri hau bidegurutze batean» dagoela: «Eraldaketa garaia da, arnasa berri batena, herri proiektu eta gobernantza eredu berri batena».
Otxandianoren arabera, Europa osoan eskuin muturrarekin gertatzen ari dena «ez da fenomeno meteorologiko bat». Globalizazio neoliberalaren porrota dago atzean, haren iduriko: «2008ko krisia ez da gainditu». Autogobernuari heldu dio berehala: «Lau hamarkadaz baztertu da eztabaida, eta Espainiako gobernuek txikitu egin dute estatutuaren gaitasuna». Industrian ere politika ez da zuzena izan, haren ustez, neoliberalismoa bete-betean sartu delako. Euskaltel, Gamesa eta beste batzuekin gogoratu da, eta Tapia sailburuari leporatu dio ildo neoliberalari jarraitzea. «Bitartean, Frantzian enpresak nazionalizatzen zituzten».
«Inertziak mugitzen gaitu, ez dugu asmatu datozen erronkei aurrea hartzen», esan du Otxandianok. Zaintza, etxebizitza, Osakidetza... arazo larriak daudela erantsi du: «inork ez du ukatzen jada». Erantzuna da, haren arabera, «herri proiektu partekatu bat osatzea, alderdikeriak alde batera utzita, egonkortasuna lortzeko, herri gisa aurrera egin dezagun». Legebiltzarrean dauden bi gehiengoen inguruan aritu da, berehala: subiranista eta aurrerakoia. «%73 gara erabakitzeko eskubidea defendatzen dugunak. Nazio solidarioa eraiki nahi duen beste gehiengo bat ere badago: gehiengo progresista. Bi gehiengo horiei errespetua zor zaie. Aspirazio nazionalak ezin dira kamustu. Bi gehiengo horiek ez dira kontraesankorrak».
EH Bilduk «lurzoru konpartitua» oinarri hartzea proposatu die beste taldeei. «Bat etor gaitezke Euskal Herriak errealitate nazional propioa osatzen duela, ez modu baztertzailean». Garbi esan du desberdintasunak daudela alderdien artean. «Normala da, baina herri txiki bat gara olatu handiko itsaso zakar batean. Hiru lurralde historikoak ezin dira gehiengo absolutuz gobernatu». Hala, sei elkargune proposatu ditu Otxandianok, alderdiek horietan bat egin dezaten: burujabetza estrategikoa, ongizate egiturak eraldatzea, aztarna ekologikoa apaltzea, hezkuntza sistema berritzea, identitate komunitarioa sendotzea, eta segurtasun eredu propioa sortzea.
Estatus berria
«Gatazka politikoak ekarritako sufrimenduaz» ere aritu da Otxandiano, «ikuspegi pluraletik». «Bizikidetzaren oinarriak» jarri behar direla esplikatu du. «Ezin da aurrera egin iraganari bizkarra emanda». Estatus politikoan buru-belarri sartuta, Otxandianok adierazi du eztabaida baztertu egin dela hiru urtez, modu interesatuan baztertu ere. Balioa eman dio EH Bilduren eta EAJren artean adostutakoari, dena den. «Egungo marko juridiko-politikoa oztopo bat da etorkizuneko erronkei erantzuteko. Autogobernuaren eta eskubide nazionalen eztabaida zuzenean lotua dago herritarren ongizatearekin».
EH Bilduko eledunaren arabera, ezin da jarraitu «trantsiziotik iritsitako estatutu batekin». Hurrengo jaurlaritzak «eskubide nazionalen eztabaida lehen lerroan» jarri beharko du. Gehiengo subiranista «argia» dela nabarmendu du berriro. «Orain ez bada, noiz eramango dugu gure aspirazioa beste maila batera? Gehiengo horri erantzun behar zaio, errespetua zor zaio». Otxandianok ozen esan du Euskal Herria nazioa dela: «Nazio bat gara, eta autogobernuaren dimentsioaz hitz egitea ez da benetako eztabaidari erantzutea. Abiapuntua ez da eskuduntza gehiago lortzea». Hala, Otxandianoren arabera, «beste arkitektura juridiko bat» eraikitzeaz hitz egin behar da.
Eta mezu batekin bukatu du, batik bat EAJri erreparatuta: «Hauxe da garaia, ezin da gehiago itxaron. Elkarrekin herri gisa joka dezagun. Ardura osoz eta eskuzabal ekingo dio ezker subiranistak eztabaida honi; aukera paregabea dugu urrats sendoak egiteko». Azpimarra egin du egungo aldi historikoan: «Orain da, eskua zabalik dugu. Gugatik ez da izango. Borondate osoa daukagu akordioak egiteko».
Pradalesen txanda
Txalo zaparrada jaso du EH Bilduko hautagaiak, eta Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidenteak hura etetea erabaki du: «Nahikoa da, nahikoa da», esan die EH Bilduko legebiltzarkideei. Pradalesek hartu du hitza jarraian, eta Iñigo Urkullu sartu da orduan; argi gelditu da keinu itsusia.
«Euskadi herrialde paregabea da», esan du hasi bezain laster. «Aurrera egiten asmatu dugu, azken urteetako krisiak krisi. Ongizatean aurrera egin dugu, kalitatezko enpleguarengatik, anbizioa dugulako, baina badago bere errealitatearekin kezkaturik dagoen jendea». Hori horrela, ezin da ez ikusi egin, EAJko hautagairen esanetan. Nolanahi ere, «hona ekarri gaituen norabidean» jarraitu behar dela esan du EAJko hautagaiak, «desberdinen arteko elkar ulertzea eta adostasuna» oinarri hartuta.
Legebiltzarrean blokerik ez izatea nahi du Pradalesek, eta akordio zabalak lortzea du xede, «anbizio handiko programa bat» baitu. Mila ekinaldi eta konpromiso jaso dituzte programa horretan. Lehena: pertsonak erdigunean jartzea. Dioenez, zerbitzu sozialak hobetu behar dira ongizatea bermatzeko. «Osakidetza sartzean, herritarrak harrotasuna sentitzea» nahi du, eta, horretarako, beharrezkotzat jo du bitartekoak ahal bezain ondo erabiltzea, «Osakidetza hobetu dadin».
Hezkuntza aztertzen hasita, Hezkuntza Legea «kohesioa bermatzeko biderik onena» dela esan du. «Bi hizkuntza ofizialak jakiteko bide da, eta segregazioari aurre egiteko modua». Gazteen ingurukoak harilkatu ditu jarraian. «Harrobia zaindu behar dugu. Gazteek beren ametsak betetzeko eskubidea dute, eta sentitu behar dute egiteko modukoak direla. Etxebizitzak behar dituzte, eta enplegu onak ere bai».
Eta bere bloke zabalenarekin hasi da: hazkunde ereduarekin. «Aberastasunik gabe ez dago ongizatea banatzerik. Konfrontazioa alde batera utzi behar dugu, eta ados jarri». Lehen sektorea eta azpiegiturak ere aipatu ditu, AHTaren garrantzia barne. Turismoa ere izan du hizpide, «kalitatezko turismoaren» bertuteak, hain zuzen ere.
Memoria eta bizikidetza
Bizikidetzaren, memoriaren eta giza eskubideen inguruan aritzean, Pradalesek azpimarratu du «zoru etikoa onartzeko gai» izan behar dutela «den-denek». Esaldi hori EH Bilduko legebiltzarkideei begira esan du. Pradalesek esan du «ETA desagertzea» izan dela azken urteotako «lorpen handiena»: «Amorruz betetako negarrak atzean geratu dira, baina memoria eraikitzailea behar dugu. Indarkeriari zilegitasuna kendu behar zaio balio etikoen bidez, eta biktimak aitortuz, terrorismoaren biktimak eta beste indarkerienak».
Jarraian estatus berriaz aritu da, eta bere gobernuaren asmoen berri eman du: «Lehenik, dugun hori defendatu behar dugu, eta, gero, Gernikako Estatutua osatu, eskuduntza guztiak jasota. Azkenik, beste paktu bat adostu. 45 urteren ondoren, horixe behar du Euskadik. Urratsak egin behar dira; horretarako garaia da». Europan jokatzeko tresna berriak behar direla ere nabarmendu du. «Aitortza nazionalak akordioa behar du, lehenik Euskadin eta gero Madrilen». Ausartak izateko eskatu die beste alderdiei, «Euskadiren alde, egungo autogobernua gainditzeko». Anbizioz jokatu behar dela esan die: «Egin dezagun beste itun bat».
Entzuleen artean zegoen bati hitz egin dio gero, Urkulluri. «Iñigo Urkulluren hiru gobernuen lan bikaina aitortu nahi dut. Ez duzue lan erraza izan. Krisiak egon dira, baina Euskadi aurrera ateratzea lortu duzue bolada latzetan ere. Lidergo eta lan eredu bikaina ordezkatu duzu: eskerrik asko bihotzez».