Otxandianok eta Aragonesek beren nazioen erronkendako konponbideak izan dituzte hizpide

Euskal Herriko eta Kataluniako herrien erronkak «globalak» direla iritzi dute: klima aldaketa, digitalizazioa, zainketen eraldaketa eta gobernantza eredua.

Pello Otxandiano eta Pere Aragones gaur, Bartzelonan. EH BILDU
Pello Otxandiano eta Pere Aragones gaur, Bartzelonan. EH BILDU
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 15a
15:00
Entzun

Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaia Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentearekin bildu da gaur, Generalitatearen Jauregian. Beren nazioek betekizun dituzten erronkak izan dituzte mintzagai, eta horiendako konponbideak jakinarazi. Zehazki, «nazioen une historikoaz, munduko ziurgabetasun testuinguruaz eta herri gisa garaian-garain aurre egin beharreko erronkez» hausnartu dute. Izan ere, bi herri horien erronkak «globalak» direla iritzi dute: klima aldaketa, digitalizazioa, zainketen eraldaketa eta gobernantza eredua.

EH Bilduk ohar bidez zabaldu duenez, hausnarketarako ez ezik, Kataluniako Gobernuak ezarritako politika publikoen berri izateko tartea ere izan du Otxandianok. Bilkuraren ondoren, lehendakarigaiak adierazpenak egin ditu, eta politika horiek  «herritarren beharrak aintzat hartzen» dituztela erran. Bi alderdien analisian «sintonia bat» badagoela ere aitortu du: «Momentuak eskatzen du epe ertain-luzeko begirada bat, eta herri proiektu bat osatzea: agenda bat, herri agenda bat, transformatzailea eta progresista izango dena erronka sozialei aurre egiteko».

Horrez gain, EH Bilduk ERC alderdiarekin dituen harremanez ere mintzatu da Otxandiano, eta bien artean elkarrizketak daudela erran du: «Alderdien arteko elkarrizketak abian dira, gertu dagoen hauteskunde hitzordu bat dagoelako, eta hauteskunde horiei aurre egiteko koalizioa berriz editatzeko aukera aztertzen ari da, baita Europako testuinguruan ezker subiranisten ahotsa eramateko erronka ere». Zehaztu du eskuin muturrari «euste dike» bat jarri behar zaiola, «zentzu aurrerakoi eta igualitaristetan aurrera egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.