Otxandianok esan du «kode etikoa hausten lehena» Ortuzar izan dela

EH Bilduko bozeramailearen ustez, «hiperbole bat» da oposizioaren egitasmoa «erasotzat» jotzea, eta halakoak saihestu egin behar direla uste du. Dekalogoaren eztabaida gidatzea, berriz, lehendakariari dagokiola iritzi dio.

Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, artxiboko argazki baten. RAUL BOGAJO / FOKU
Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, artxiboko argazki baten. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2024ko irailaren 6a
12:05
Entzun

EH Bilduren aurkako hitz eta tonu gogorrekin ekin zion EAJk urte politikoari. Alderdi jeltzaleak ez zuen ongi hartu koalizio subiranistak Osasun sailburuaren agerraldia eskatu eta Eusko Legebiltzarrean 225 egitasmo aurkeztu izana, eta Pradalesek proposatutako politika gizalegez egiteko proposamenarekin lotu zuen Andoni Ortuzarrek hori: «arduragabe» jokatzea eta «demagogia» egitea egotzi zion EH Bilduri. Pello Otxandianoren ustez, ordea, Ortuzar bera izan da mezu eta hitz horiekin lehendakariak proposatutako «kode etikoa hausten lehena», EH Bilduren egitasmoak «erasotzat» jo dituelako.

Otxandianok azaldu du oposizioaren jarduera parlamentarioa «erasotzat» jotzea «hiperbole» bat dela, eta gogorarazi du halako esamoldeak saihestea dela, hain justu, Pradalesen egitasmoan jasota dauden konpromisoetako bat. EH Bilduko bozeramailearen hitzetan, ezin baita esan koalizioak aurkeztutako egitasmoak gehiegizkoak edo arrazoigabeak direnik.

Baina aurrerago ere halako iritzi kontrajarri gehiago egongo direla sinetsita, Otxandianok nabarmendu du hori dela, hain zuzen ere, lehendakariak eragile politikoentzako aurkeztutako egitasmoak duen «ahuldade handietako bat»: «Nork arbitratzen du hau?», itaundu du oposizioko buruak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. «Kode etiko hori betetzea eragileen eta jendearen borondatearen esku utzi da», azpimarratu du.

«Lehendakariak berak aurkeztu badu ekimena, berari dagokio eztabaida bideratzea. Eztabaida parlamentuan egin behar da, baina berari dagokio gidatzea»

PELLO OTXANDIANOEH Bilduren bozeramailea

Pradalesek Eusko Legebiltzarrera igorri zuen dekalogoa, alderdiek osa eta babes zezaten, eta EH Bilduk ekarpen jakin batzuk egin dizkio jada proposamenari. Horietaz galdetuta, Otxandianok esan du lehendakariak baietz erantzun diela, jaso dituztela, baina gogorarazi diela prozesua alderdien esku utzi duela jada. «Lekuz kanpo harrapatu nau eskema horrek», aitortu du bozeramaile subiranistak. «Lehendakariak berak aurkeztu badu ekimen hau, berari dagokio eztabaida bideratzea. Eztabaida parlamentuan egin behar da, baina berari dagokio eztabaida hau gidatzea».

UPNren bideoa

Era berean, «eskandalutzat» jo du UPNk ostegunean sare sozialetan argitaratu zuen bideoa. Bideoa azpijoko bat zen, eta EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi arma batekin PSEren atea jotzen erakusten zuen. X sare sozialean jarri zuen bideoa UPNk, baina ezabatu egin zuen gero. Otxandianoren ustetan, eskuin muturrak sare sozialak nola erabiltzen dituen erakusten du argi eta garbi.

«Urte politikoa kode etiko batekin hasi dugu, non argi esaten den aurre egin behar zaiela eskuin muturrekoen estrategiei, albiste faltsuei, eta horma bat jarri behar zaiela. Bada, hemen kode etiko hori praktikan jartzeko aukera bat dugu», adierazi du.

Otxandianok salatu du bideoa aurreko ostegunean argitaratu bazen ere «gaur arte ez dela erreakzio politikorik izan». «Uste dut beste edozeini egin izan baliote, erantzuna beste bat izango zela askoren aldetik. Badirudi Arnaldo Otegiren aurka edozer gauza eta edozein modutan esan daitekeela, eta uste dut hau oso larria izan dela eta tonua igotzea eskatzen duela», azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.