Otxandianok EAJri eta PSE-EEri eskatu die zerga erreforma negoziatzeko borondatea izateko

EH Bilduko bozeramailearen arabera, jeltzaleekin eta sozialistekin ezin da negoziatu, tematuta daudelako euren proposamena onartzearekin. Araban eta Gipuzkoan babes nahikorik ez dutela gogorarazi du. Pradalesek arduraz jokatzeko eskatu dio oposizioari.

Pello Otxandiano, Eusko Legebiltzarrean hitz egiten, Imanol Pradales entzuten ari zaiola, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Pello Otxandiano, Eusko Legebiltzarrean hitz egiten, Imanol Pradales entzuten ari zaiola, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko martxoaren 7a
13:05
Entzun

Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak «kultura demokratiko pixka bat» eskatu du gaur goizean, Jaurlaritzari egindako kontrol saioaren hastapenean kazetariei egindako adierazpenetan. Otxandianoren ustez, EAJ eta PSE-EE gehiengoa izango balute bezala jokatzen ari dira zerga erreformaren eztabaidan, eta oposizioa ez dute aintzat hartu: «Negoziatzeko borondatea behar da, eta ez du balio hau esateak: 'Nire proposamena munduko onena da, eta zuk onartu egin behar duzu eta kito'». Gaineratu du ez dela serioa jeltzaleen eta sozialisten jarrera, eta onartezina dela.

Otxandianok jeltzaleei eta sozialistei gogorarazi die Araban eta Gipuzkoan ez dutela behar adina babesik —Bizkaian egoera bestelakoa da, EAJren eta PSE-EEren arteko gobernua ez delako gutxiengoan gobernatzen ari—, eta erreforma aurrera ateratzeko beharrezkoak direla oposizioko alderdiren baten botoak. Norengana zuzenduko diren aldez aurretik erabaki behar dutela esan die, batzuen eta besteen proposamenak «kontrajarriak» direlako. Zehazki, EH Bilduren eta PPren proposamen ekonomikoak eta gizarte politikak «antagonikoak» direla adierazi du. «Norekin egin nahi duzue erreforma? Berdin dizue? Zuen proposamena baliagarria al da biontzat?», galdetu du.

EH Bildu negoziatzeko «erabat» prest dagoela esan du. Azpimarratu du zuzenketa partzial «oso zehatzak» egin dituztela, eta haien inguruan zentratu behar dela eztabaida. «Benetako» eztabaida egiteko eskatu du, baina Batzar Nagusietan, «eta ez komunikabideetan eta egia ez diren gauzak esanez».

Osoko zuzenketak ere aurkeztu dituzte, baina haiei «kutsu politikoa» eman die Otxandianok. Arrazoitu du EH Bilduren ustez erreforma «sakona» behar dela zergen auzian, gai «oso garrantzitsua» delako eta eragin zuzena duelako «herrialde honen garapen ekonomikoan eta gizartean».

«Negoziatzeko borondatea behar da, eta ez du balio hau esateak: 'Nire proposamena munduko onena da, eta zuk onartu egin behar duzu eta kito'»

PELLO OTXANDIANOEH Bilduko bozeramailea

Javier de Andres PPko legebiltzarkideak ere «negoziatzeko tarterik gabe» daudela esan du, PSE-EEk jarritako betoaren ondorioz. «Negoziatzeko ateak zabalik dituzula diozunean, ez zara egiatan ari. Ez ditugu ateak irekiak, giltzak ez baitituzu zuk, ezta EAJk ere; zuek sozialisten ezkontideak zarete, eta haiek dituzte negoziatu ahal izateko giltzak», leporatu dio lehendakariari, kontrol saioan.

Lehendakariaren erantzuna

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «arduraz jokatzeko» exijitu die oposizioko alderdiei. Onartu du egoera «blokeatuta» dagoela, eta zergatien inguruko hausnarketa bat eskatu du. Oraindik akordioak erdiesteko denbora dagoela ere azpimarratu du. «Akordioa posible da; garaiz gaude, eta saiatu egin behar dugu».

Pradalesek kontatu du garrantzitsua dela alderdi politikoek «guztion ongizatea» lehenestea, «beste interes politiko, ekonomiko edo alderdikoi batzuen gainetik». «Erantzukizuna da berrikuspen fiskala eztabaidatzen denean edukiak eta neurri zehatzak aztertzea, inora ez daramaten beto politikoak eta taktizismoak alde batera utzita».

Lehendakariak zehaztu du erreforma fiskalaren proiektuak onurak ekarriko dizkiela gazteei, etxebizitza baten bila dabiltzanei, pentsiodunei eta amatasun edo aitatasun baimen baten ondoren lanera itzultzen diren langileei, eta EH Bilduri, PPri eta Ahal Dugu-ri galdetu die nola azalduko duten aldaketa horien aurkako jarrera. Horretarako, bere egin ditu atzo hiru aldundietako Ogasun diputatuek erabilitako hitzak: «Nola begiratuko diezue begietara gertatzen ari denarekin?», galdetu die alderdiei.

«Erantzukizuna da berrikuspen fiskala eztabaidatzen denean edukiak eta neurri zehatzak aztertzea, inora ez daramaten beto politikoak eta taktizismoak alde batera utzita»

IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria

Adierazpenok gaurko kontrol saioan egin ditu, legebiltzarrean, Sumar taldeko Jon Hernandez legebiltzarkideak egindako galderari erantzunez. Hernandezek itaundu dio ea baduen asmorik eztabaidaren koordinazioa gidatzeko, «herrialde mailako fiskalitate bat» lortzeko helburuz, edo «izugarrizko porrota onartu, etsi eta erreformari uko» egingo dion.

Pradalesek gaineratu du zergak biltzea aldundien eskumena dela, eta «errespetu osoa» zor zaiela. Zerga Koordinaziorako Organoari esker harmonizazioa errealitate bat dela ere esan du, eta legebiltzarrak ez duela eskua sartu beharrik izan. Horren harira, zerga eskumenak «zentralizatzearen» aurka agertu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.