Otxandianok aurrea hartuko du, eta Pradalesekin eta Anduezarekin jarriko da harremanetan

Koalizio subiranistako buruak argitu du badirela elkarrizketa «baztertzaile eta esklusiboak», baina orain «lankidetzarako unea» dela. Denis Itxasok dio alderdiek eskubidea dutela elkarrizketak «diskrezioz» egiteko.

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia, artxiboko irudian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia, artxiboko irudian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko maiatzaren 15a
11:10
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetatik hiru aste igaro diren honetan, EAJk eta PSE-EEk negoziazioetan dihardute, EH Bildu solasaldi horietatik kanpo utzita. Pello Otxandiano koalizioko hautagaiak behin baino gehiagotan adierazi du ez duela jeltzaleen deirik jaso. Gaur, baina, iragarri du aurrea hartu, eta Imanol Pradalesekin (EAJ) eta Eneko Anduezarekin (PSE-EE) harremanetan jarriko dela. «Badira elkarrizketa pribatu batzuk, baztertzaileak eta esklusiboak, legitimoak direnak, gobernu bat sortzeko, baina orain da lankidetzarako abagunea. Hipoteka asko dituen gobernu bat izango da, eta gero ezin zaio eskatu oposizioari hipoteka horiek bere gain hartzeko», adierazi du.

Radio Euskadin egin ditu adierazpen horiek, eta zehaztu «elkarlanerako» garaia dela, eta, horretarako, «elkarrizketa irekia eta zintzoa» planteatu behar dela. Izan ere, hautagaiaren hitzetan, Eusko Legebiltzarrean «gehiengo abertzale subiranista» dago, eta oinarri horren gainean eraiki behar da «indar politiko nagusien arteko elkarrizketa».

Gogoratu du hauteskunde kanpainan Pradalesek erran zuela alderdi guztiekin hitz eginen zuela, baina oraindik ez duela haren deirik jaso. «Formalki bilera bat eskatuko dudala iragarri nahi dut. Orain da kooperatzeko abagunea, eta zer gutxiago iritziak eta ikuspegiak kontrastatzea baino. Gauza asko ditugu hitz egiteko, eta ez da nire buruan sartzen elkarrizketak gidatzea tokatzen zitzaiona gurekin harremanetan jarri ez izana», borobildu du. Anduezarekin ere jarriko da harremanetan, baita ezker konfederalarekin ere: erronkak «izugarriak» direlako, eta horiei aurre egiteko «elkarlana» beharrezkoa delako.

Estatus politikoa ere mintzagai izan du Otxandianok, eta uste du egungo testuinguruak bidea ematen duela gai horri buruz eztabaidatzeko: «Hurrengo legegintzaldiak estatusaren gaiari behin betiko heltzeko garaia izan behar du. Herri osoko oinarri abertzaleei dei egiten diet. Pentsaezina litzateke Eusko Legebiltzarrean inoizko gehiengo abertzalerik handiena dagoen honetan eta [Pedro] Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eztabaida hori irekitzeko prest zegoela esan zuenean gaiari ez heltzea. Hori elkarlanean egin behar da. Eta egin behar den lehenengo gauza akordio bat lortzea da. Orain da unea», borobildu du.

Diskrezioa

Otxandiano ez da jeltzaleen eta sozialisten arteko elkarrizketez mintzatu den bakarra. Izan ere, Nerea Kortajarena koalizio subiranistaren bozeramaileak aste honetan erran du legebiltzarreko Mahaiaren eserlekuak «isilpeko negoziazioen bidez» banatu dituztela. Adierazpen horiei erantzun die gaur Denis Itxaso legebiltzarkide sozialistak, erranez alderdiek eskubidea dutela elkarrizketak «diskrezioz» egiteko, baina ez ezkutuan. Gehituta akordioak «beti» egin izan direla horrela.

Euskadi Irratian egin ditu Itxasok adierazpen horiek, eta zehaztu ez dutela inor «engainatu», kanpainan zehar argi erran zutelako ez zutela akordiorik eginen EH Bildurekin: «Elkarrizketak isilpekoak direla salatu du EH Bilduk. Alderdiek hitz egiteko eskubidea dute, ez isilpean, baina bai diskrezioz. Horrela egin dira itunak garai guztietan, beti, baita EH Bilduk ere. Zenbat akordio publiko eta sekretu egin ditu EH Bilduk gainerako alderdiekin? Izan gaitezen helduagoak».

Negoziazioei dagokienez zehaztu du berak ez duela EAJrekin egiten ari diren elkarrizketetan parte hartzen, baina ez doala gaizki. Onartu du litekeena dela alderdi bakoitza «berera tinko heltzea», baina nahiago duela nabarmendu zein diren «bat egiten duten arloak». «Nahiago dut pentsatu, hauteskunde kanpainaren ondoren, gauza askotan bat gatozela ikusi dugula, eta herri eredu bateragarri bat dagoela; agian ez berdina, baina bai bateragarria, non indarguneak egon daitezkeen eta elkarrekin aukera dezakegun nola konpondu euskal gizarteak gaur egun dituen arazorik gordinenak eta zailenak», borobildu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.