EAJk planto egin du Ahal Dugu-ri eskainitako zerga erreformaren proposamenean

Otxandianok uste du «bertso txikitan» ari direla zergen edukian, «egiazko erreforma fiskalaz» eztabaidatu gabe. Eneko Anduezak «ausardia» eskatu dio Ahal Dugu-ri; EAJk «denei» eskaini die Ahal Dugu-k bozkatu duen proposamen bera.

EH Bilduko legebiltzarkide Oihana Etxebarrieta, Pello Otxandiano eta Nerea Kortajarena. L. RICO / EFE
Oihana Etxebarrieta, Pello Otxandiano eta Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak. L. RICO / EFE
xabier martin
2025eko martxoaren 4a
11:25
Entzun 00:00:0000:00:00

EAJk alderdi «guztiei» eskaini die zergen «berrikusketarako» akordioa. Jeltzaleek zehaztu dute ez dutela aldatuko «PSE-EEren eskutik Elkarrekin Podemosen zuzendaritzari eskaini eta adostu» dena. Alegia, EAJ «elkarrizketarako prest» agertu da, «azken minutura arte» adostasuna lortzeko, baina, aldi berean, argi utzi du planto egin duela ezker konfederaleko koalizioko afiliatuek bozkatu duten proposamen horretan.

Izan ere, atzo iluntzeko albistea da: ez dago zerga erreformaren inguruan akordioa lortzeko baldintza egokirik. Hala ebatzi zuen Ahal Dugu-ko koordinazio kontseiluak afiliatuen iritzia jaso ondotik. Ezuste horrek katramilaturik utzi ditu EAJ eta PSE-EE, foru gobernuetan aurkeztutako zerga erreformaren proiektua ez aurrera ez atzera geratu baita, Araban eta Gipuzkoan gutxiengoan gobernatzen dute eta. Ahal Dugu-k, ordea, ez dio bidea itxi negoziazioari, baina proiektuak aldaketak beharko ditu aurrera aterako bada, hala moreen babesaren bidez nola oposizioko beste edozein talderen babesa lortuta.

Hori ekarri du Ahal Dugu-ren azken erabakiak zerga erreformaren negoziazioan. EAJ eta PSEren azken proposamenari onespena eman ala ez erabakitzeko barne kontsultaren emaitza ez du balekotzat jo Ahal Dugu-k, nahiz eta baiezkoa gailendu den; parte hartzea «txikia» izan da, ordea, eta emaitza, «ia berdinketa tekniko bat». «Gai honen garrantzia kontuan hartuta, oraintxe bertan ezin da akordiorik lortu EAJren eta PSEren proposamenaren arabera, jokoan baitago herritarrei benetan mesede egingo dien fiskalitatea izatea», adierazi zuten atzo, ohar batean.

Bada, EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko eledun Pello Otxandianok gaur esan du zerga erreformaren «argazkia desastre hutsa» dela. Euskadi Irratian zehaztu du «harridura» puntu bat eragin diola Ahal Dugu-ren barruan jazotakoak. «Ez gara ari egin beharreko eztabaida egiten. Bertso txikitan ari gara», adierazi du. Izan ere, «egiazko erreforma fiskalaz eztabaidatu» behar dela uste du, «finantza nahikotasuna» lortu ahal izateko. Otxandianok ziurtatu du «zerbait ateratzea baino ez» dutela helburu EAJk eta PSEk.

«Ez gara ari egin beharreko eztabaida egiten. Bertso txikitan ari gara, eta hasierako laukitxora bueltatu gara»

PELLO OTXANDIANOEH Bilduko eleduna

Koalizio subiranistako bozeramailea sinetsita dago zerga erreforma egin behar dela: «Eraginkortasun handiagoa behar da gastu publikoan, baina baita finantza nahikotasuna eskuratzea ere». Ahal Dugu-ren babesa lortzeko aukera zapuztu ondoren, partidaren «hasierako laukitxoan» daude berriz, Otxandianoren arabera. Alegia, EAJk eta PSEk negoziatu beharra dute Gipuzkoan eta Araban. «Gu prest gaude. Honek sakoneko eztabaida izan behar du, eta horregatik egin dugu osoko zuzenketa», erantsi du koalizioko eledunak.

Batzar Nagusietan eztabaida hasten denean negoziatzeko aukera izango dela berretsi du, eta ohartarazi du jeltzaleek eta sozialistek zer egin nahi duten erabaki behar dutela orain. Otxandianok badaki EAJ eta PSE ez direla hitz egiteko prest egon EH Bilduk «orain arte» aurkeztu dituen zuzenketa partzialen inguruan, baina koalizioa negoziatzeko prest dago oraindik ere. «Esaten ziguten hau doikuntza fiskala zela, eta ez erreforma bat».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek jakinarazi dute gaur «guztiekin negoziatzeko prest» daudela, eta ezin dela «aukera hau galdu» erreforma onartzeko.

Anduezaren eskaera

PSEk ezkerrera begira dago oraindik, Araban eta Gipuzkoan foru gobernuek behar dituzten babesen bila, baina, edonola ere, Ahal Dugu-ren azken erabakiak ezustean harrapatu du PSEko buru Eneko Andueza, eta alderdi moreari «ausardia eta ardura» eskatu dizkio; izan ere, gogorarazi du baiezkoak irabazi duela Ahal Dugu-ren barne kontsultan. Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, azpimarratu du Ahal Dugu-rekin lortutako akordiorako oinarriak modua ematen zuela «zerbitzu publiko sendoagoak» edukitzeko.

«Idazkari nagusia [Richard Vaquero] aukeratzeko primarioetan ere alde txikia egon zen, eta orduan ez zion uko egin idazkari nagusi izateari»

ENEKO ANDUEZAPSE-EEko idazkari nagusia

«Harridura sortu du erabaki honek», berretsi du Anduezak, eta Ahal Dugu-ren zuzendaritzan nekez hartuko dute ongi haren hausnarketa: «Idazkari nagusia [Richard Vaquero] aukeratzeko primarioetan ere alde txikia egon zen, eta orduan ez zion uko egin idazkari nagusi izateari. Beraz, baiezkoaren garaipena hor dago, eta ausardia eta ardura izateko dei egin behar dugu, gauza oso serio bati buruz ari gara eta».

Nolanahi ere, Anduezak ez du amore eman, eta uste du oraindik badela «tartea» negoziatzen jarraitzeko, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan harmonizazio fiskala egon dadin. Negoziazio horretan, ordea, indarrean jarraitzen du Anduezak berak PPri jarritako betoak, haren eredu fiskala «ez delako bateragarria» sozialisten ereduarekin. EH Bilduren aukera ere bazterturik dauka Anduezak, koalizioa «taktizismoan» omen dabilelako. «Ez dut gustuko dramatismora jotzea. Uste dut oraindik ere tartea dagoela erreforma aurrera ateratzeko, eta erreforma bera izan behar da hiru lurraldeetan».

Bien bitartean, Ezker-Anitza-IU gogor aritu da EAJ eta PSEren «makillaje fiskalaren» aurka, «desberdintasunean sakontzen duelako, eta bilketaren gaitasuna murrizten duelako». Batzar Nagusietan, Elkarrekin Ahal Dugu koalizioaren barruan dago Ezker-Anitza-IU. Alderdi horrek uste du «sakoneko erreforma bat» egiteko modua badela, EH Bilduri eta PSEri erreparatuz: «Gehiengoa dago erreforma fiskala ezkerretik onartzeko».

PPk, berriz, EAJren eta PSEren «seriotasun eta zorroztasun gabezia» salatu du, Laura Garrido Eusko Legebiltzarreko bere eledunaren bidez. Nolanahi ere, PP «beti dago entzuteko prest», Garridoren esanetan, eta, hala, Ahal Dugu-ren bidea berriro irekiko ez balitz, eskuineko alderdiak zerga erreforma onartzeko aukera izango luke aurrerantzean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.