Otxandiano lehendakari izateko inbestidurara aurkeztuko da, «alternatiba» bezala

Nerea Kortajarenak adierazi du koalizio subiranistaren hautagaia «arduragatik» aurkeztuko dela, herritar anitzek «aldaketarako nahia» erakutsi dutelako beren alde bozkatzean.

Pello Otxandiano, Eusko Legebiltzarra osatzeko bilkuran. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Pello Otxandiano, Eusko Legebiltzarra osatzeko bilkuran. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko ekainaren 11
09:55
Entzun

Datorren astean, hilaren 20ean, Eusko Legebiltzarrean inbestidura saioa izanen da. Imanol Pradales (EAJ) zen orain arte hautagai bakarra, baina EH Bilduk jakitera eman duenez, Pello Otxandiano ere aurkeztuko da, koalizio subiranistaren ordezkari moduan. Adierazi dute beraiena «alternatiba» izanen dela, jeltzaleen eta sozialisten ereduaren aurrean. Ohar bidez eman dituzte azalpenak: «Lehendakariaren inbestidura saioa tramite huts bat bailitzan deitu zuten, bera norabidetuko duen proiektu bat ezta oinarri politiko bat ere aurkeztu gabe».

Azalpenak eguerdian iritsi badira ere, goizean Nerea Kortajarena koalizioaren bozeramaileak eman du erabakiaren berri, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean. Azaldu du atzo gauean hartu zutela erabakia, EAJren eta PSE-EEren gobernu akordioaren berri izan ostean. Europako Parlamenturako bozetan lortutako emaitzak ere kontutan izan dituzte, koalizio subiranista izan baita lehenbiziko indarra Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako botoak batuz gero –sozialistak bigarrena, eta EAJ hirugarren–. «Hauteskunde kanpainak agerian utzi zuen, besteak beste, gobernu kolaboratiboak eta gobernantza eredu ez baztertzaileak behar direla Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak aurre egin behar dieten garaiko herri erronka handiei heltzeko, egungo testuinguru sozial eta ekonomikoan ziurgabetasun handiak daudelako, baita pasa den mendeko politika egiteko moduak ere», dio alderdiak zabaldutako mezuak.

Zentzu horretan, dokumentuak dio Otxandianok «gobernu kolaboratiboen aldeko proposamenari» eutsi diola, eta «eskua luzatu» duela «elkarguneak bilatzeko eta horietan sakontzeko». «Hala ere, zazpi aste hauetan jaso duen erantzun bakarra bilera horiek beste baterako uztea izan da, Imanol Pradales hautagai jeltzaleak 'denbora falta' argudiatuta», gehitu dute.

Egoera horri erantzunez hartu dute erabakia: «Seriotasun falta ikusirik, hauteskunde kanpainan emandako hitza urratzen ari direla ikusirik, jarraitutasun politika eginez akordio eta gobernu baztertzaileak eraikitzen ari direla ikusirik, eta EH Bilduk eta EAJk eserleku kopuru bera dutela kontuan hartuta». Are, beraiendako ez zen aukera bat «herri proiektu alternatibo bat ordezkatzen duen hautagaia ez aurkeztea». «Hautestontzietan adierazitako herritarren mandatua tramite kosmetiko huts bihurtzea arduragabekeria litzateke, eta EH Bilduk ez du horrelakorik egingo; aitzitik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoerari buruzko eztabaida bat sustatuko du», borobildu dute.

Bide beretik egin ditu adierazpenak Kortajarenak ere, erran baitu Otxandiano «arduragatik» aurkeztuko dela, herritar anitzek «aldaketarako nahia» erakutsi dutelako beren alde bozkatzean. Halere, ez dirudi Otxandianok arrakastarako leku anitzik izanen duenik. Izan ere, jeltzaleek bezala 27 eserleku dituzte, baina sozialistek EAJren alde eginen dute, eta bien artean badute gehiengo osoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.