Eusko Legebiltzarrerako bozen kanpainaurrea ez da Araba, Bizkai eta Gipuzkoara mugatzen. Hala antzeman daiteke EH Bilduko lehendakarigai Pello Otxandianok Irlandara eginiko bidaiatik. Michelle O´Neill Ipar Irlandako lehen ministroarekin bildu zen atzo Belfasten, eta gauza bera egingo du gaur Dublinen, Mary Lou McDonald Sinn Fein alderdiko presidente eta Irlandako Errepublikako behe ganberako parlamentariarekin. Ezker subiranistaren gorakada izan du hizpide handik.
Begirada zabalduta, hauxe sekuentzia: otsailean, Kataluniako Generalitateko Palazioan bisita; martxoan, Stormonten. Lehenik, Pere Aragones Kataluniako presidentearekin bilkura; orain, Michelle O´Neill Ipar Irlandako lehen ministroarekin. Eta, horren atzean, ideia bat: ezker subiranistak badu gobernuetara iristeko eta horiek kudeatzeko gaitasuna.
EH Bilduren aliatuek egin badezakete, zergatik ez EH Bilduk berak? Hala azaldu zuen atzo Otxandianok: «Apirilaren 21etik aurrera, etorkizuna ezkerretik eta subiranismotik eraikiko da». Hala, indar egin zuen ezkerreko subiranismoak egungo testuinguruan izandako gorakadan, bai Ipar Irlandan, baina baita Nafarroan ere. Hala, uste du «aldaketa» Araba, Bizkai eta Gipuzkoara iritsi daitekeela: «Ezin zaio aterik jarri zelaiari; aldaketa martxan dago».
Kanpainaren gako nagusia, baina, arlo soziala izango da, adituen arabera, eta, arlo horretan, EH Bilduk etxebizitzaren auzia identifikatu du landu beharreko elementu zentraletako baten moduan. Hain zuzen, koalizioak iragarri du gai hori izango duela gaur hizpide Eoin O’Broin Sinn Feineko parlamentariarekin izango duen bilkuran.