Otxandiano: «Gobernu programa ezagutu gabe, nekez izango dugu sakoneko eztabaidarik»

Inbestidura saioan aurkeztuko duen proiektuaren gakoak aurreratu ditu EH Bilduren lehendakarigaiak. Autogobernua berritzeko oinarriak proposatuko ditu horien artean.

Nerea Kortajarena eta Pello Otxandiano, gaur, Gasteizen. EH BILDU
Nerea Kortajarena eta Pello Otxandiano, gaur, Gasteizen. EH BILDU
aitor biain
2024ko ekainaren 18a
14:00
Entzun

Etzi egingo da Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatzeko inbestidura saioa Eusko Legebiltzarrean, eta, okerrik izan ezean, Imanol Pradales jeltzalea hautatuko dute, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoen bidez. Pello Otxandianok ere hautagaitza aurkeztea erabaki du, ordea, «arduragatik», eta iritzita erronkei erantzuteko eta garaiak eskatzen dituen eztabaidei heltzeko beste gobernantza eredu bat «posible eta ezinbesteko» dela. Osteguneko inbestidura saioan aurkeztuko duen programaren punturik garrantzitsuenak aletu ditu gaur, Gasteizen, kazetariekin egindako bilkura batean.

Otxandianok azaldu du EAJk eta EH Bilduk gobernu ituna aurkeztu arte itxaron duela hautagaitza aurkeztu edo ez erabakitzeko. Baina kritikatu du aurreakordioaren puntu nagusien berri baino ez duela eman oraingoz bi alderdiek. Aurreko astearen amaieran eman zuten ezagutzera aurreakordioaren puntu nagusiak, eta atzo berretsi zituzten bi alderdietako zuzendaritzak eta oinarriek, hain zuzen ere.

Haren hitzetan, baina, «orokorkeria asko eta zehaztasun gutxi» ditu itunak, eta kexu azaldu da horrekin «sakoneko eztabaidarik» ezin delako egin: «Ezin da inbestidurako eztabaida bat egin baldintza horietan». EH Bilduko lehendakarigaiak gogorarazi du inbestidura saioaren muina programa bati buruz eztabaidatzea dela, eta salatu du EAJk eta PSEk «tramite hutsera» mugatu nahi dutela. «Demokrazia parlamentarioaren maila eskasa erakusten du horrek», gaitzetsi du.

Otxandianok uste du agintea eskuratzea dela jeltzaleen eta sozialisten helburu bakarra. «Herri hau ezin da soilik gehiengo osoz gobernatu. Beharrezkoa da beste harreman bat oposizioarekin, beste dinamika parlamentario bat», esan du EH Bilduko lehendakarigaiak, eta gogorarazi du alderdi jeltzalearen deiaren zain egon dela, eta, Pradalesekin nahiz Anduezarekin harremanetan jartzen ere saiatu dela. Baina gaitzetsi du biek uko egin izana elkarren arteko hartu-eman saiakerari.

Estatus politikorako oinarriak

Hori ikusirik, bere alternatiba aurkeztuko du Otxandianok ostegunean, «eraldaketa nazional bati ekiteko». EH Bilduren programaren oinarriak bi dira: nazio identitatea eta politika neoliberalen alboratzea. Eta ezberdinen arteko adostasunak bilatzeko sei elkargune proposatu ditu: subiranotasuna, ongizatea, hezkuntza, identitate komunitarioa, segurtasuna eta aztarna ekologikoa. Horiei lotutako 25 proposamen aurkeztuko ditu Otxandianok bere hitzaldian, hain justu. «Beharrezkoa eta ezinbestekoa da herri proiektu partekatu bat», azpimarratu du.

Estatus politiko berrirako oinarriak ere aurkeztuko ditu, «ezinbestez» legealdi honetan heldu behar den gaia dela iritzita. Izan ere, gogorarazi du hiru legealdi daramatzala «biribilgunean bueltaka». Adierazi du, hori bai, gakoa «abiapuntua» adostea izango dela. «Gure ustez, abiapuntua da autogobernu kamustu bat daukagula da, azken urteetako zentralizazio prozesu baten ondorio dena». Horregatik, eztabaida ezin da eskumenetara mugatu, Otxandianoren ustez, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak Espainiako Estatuarekin duten «harremanaren nolakotasunera» baizik: «Harreman eredua, estatus politikoa da eztabaidatu behar dena».

Gogorarazi du oinarriak jarrita daudela dagoeneko: Estatutua erreformatzeko Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren saiakera, Loiolako akordioa edota EAJk eta EH Bilduk 2018an Eusko Legebiltzarrean adostutako oinarriak dira horiek, hain zuzen ere. «EH Bilduk ez luke ulertuko EAJk oinarri horiei orain uko egitea», adierazi du, eta ohartarazi ezinezkoa dela EH Bilduren babesik izango ez lukeen estatutu berri bat onartzea: «Soilik PSE-EErekin akordio bat lortu nahi izatea orain arteko dinamika amaitzea litzateke». Adierazi du, halere, EH Bilduk ez duela «presarik», eta kortesiazko ehun egunak utziko dizkiola Pradalesen gobernuari legebiltzarreko lantaldea eratu eta eztabaidari heltzeko.

Kortajarena: «Talde indartsu bat daukagu»

EH Bilduren legebiltzarreko taldeari buruzko xehetasunak eman ditu Nerea Kortajarenak agerraldian. Adierazi du talde «indartsua eta gaztea» duela koalizio subiranistak Gasteizko ganberan, gai dena Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak aurrez aurre dituen eztabaidei eta erronkei erantzuteko. Horien arabera banatu dituzte ardurak, hain zuzen ere. Otxandiano izango da taldearen buru, eta Kortajarenarekin partekatuko du bozeramaile kargua. Oihana Etxebarrieta izango da koordinatzailea, baina gaien araberako koordinatzaileak ere izango dituzte.  Lurralde bakoitzeko eledun bana ere izango du koalizio subiranistak: Itziar Murua Gipuzkoakoa izango da, Ibon San Saturnino Arabakoa, eta Ima Garrastatxu Bizkaikoa. EH Bilduk 27 legebiltzarkide ditu, EAJk beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.