Alderdiak

Otxandiano: «EH Bilduren momentua da»

Koalizio subiranistak indar erakustaldia egin du Euskalduna jauregian. Otegiren ustez, «Euskal Herriaren etorkizuna EH Bilduren hizkiekin idazten da».

Otxandiano EH Bildu
Otxandiano, gaur, Bilboko Euskalduna jauregian.
Paulo Ostolaza.
2023ko abenduaren 17a
18:57
Entzun

Pello Otxandianok koaliziokideen babesa jaso du gaur Bilbon. Lehendakarigai izateko proposatu zutenetik egin duen lehen agerraldi publikoa izan da, eta Euskalduna jauregiko oholtzan nabarmendu du ezen koalizioak, batuta, gauza handiak egin ditzakeela: «Guk ez dugu sigla bat ordezkatzen: gu herri proiektu batekin konprometitu garen komunitate bat gara». «Gure momentua da», laburbildu du.

Dena den, EH Bilduk Etorkizuna gara lelopean egin duen ekitaldian hitzek bezainbesteko garrantzia izan du irudiak. Hasteko, argi utzi nahi izan dutelako Otxandianok koalizioko buruen babesa duela: Nerea Kortajarenak, Laura Aznalek, Eva Blancok, Mikel Oterok, Oihana Etxebarrietak, Iker Casanovak, Larraitz Ugartek, Garikoitz Mujikak eta Eva Lopez de Arroiabek lagunduta iritsi da aretora, eta eskerrak eman dizkie beregan jarritako konfiantzagatik. «Nik nire bertsiorik onena ematen saiatuko naizela baino ezin dut agindu, pasioz jardungo naizela, eta esperantza dudala. Etorkizunari baikor begiratzeko motiboak dauzkagula uste dut», adierazi du.

Otxandiano EH Bildu
EH Bilduko buruak, gaur, Bilboko Euskalduna jauregian. ARITZ LOIOLA / FOKU

Otxandianok ez ezik, hitza hartu dute Maddalen Iriartek, Bakartxo Ruizek eta Arnaldo Otegik ere. Koalizioko koordinatzaile nagusiak eman du hitzaldi nagusia, eta egiten ari diren lana goraipatu du: «Etorkizunak proiektuak ditu, balioak ditu, printzipioak ditu. Euskal Herriaren etorkizuna EH Bilduren hizkiekin idazten da. Espero zenuten etorkizuna zuek zarete». Azaldu du «arrakastaren sekretua balioetan» dagoela, EH Bildu «batzen duen ezkerra» dela, eta ezker subiranistaren nahia eta borondatea dela proiektuan jende eta sektore gehiago biltzea.

«Balio eta printzipio horiek guztiek herri honetako lehen indarra izatera eraman gaituzte», azpimarratu du. «Ezin da Euskal Herria ulertu zuek gabe. Ezin da Euskal Herriaren etorkizuna eraiki zuek gabe. Ezin da Iruñea ulertu Joseba Asiron gabe». Lanean jarraitzeko deia egin die koaliziokideei.

Ekitaldian, oholtzara igo dira Joseba Sarrionandia idazlea eta David Fernandez kazetari eta politikari kataluniarra ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.