Garabiarekin atera dute Otxandategiko (Berango, Bizkaia) lurretako zaintza dorrean zegoen azken pertsona.«Lur barik, arnasik ez!» oihuen artean joan da ekintzailea plataformako bertze kideengana. Anartean, Ertzaintzako hogei bat agente gelditzen dira Otxandategiko dorretxearen atarian.
Plataformako kideek nabarmendu dutenez, nahiz eta kanporatuak izan, lurraren espekulazioaren kontra «borrokatzen» segituko dute. Jendearen babes zabala ere eskertu dute kideek, eta «bertze estrategia» batzuk erabiliz nahi lukete «etxebizitza proiektu espekulatzailea» gelditu. Hala ere, izena eman nahi ez duen emakumezko kide batek nabarmendu du ertzainek «presio psikologiko» handia egin dietela. Deitoratu du bere itxura fisikoaz ere trufatu direla, eta ohar batzuk ere jasan dituela: «Haien artean txiste nazkagarri batzuk egiten zituzten ene fisikoaz». Kanporaketan zehar berrogei pertsona identifikatu dituzte, eta atxiloaldian eraman dute ekintzaile bat. Bi pertsona zauriturik atera dituzte dorretxeko eremutik.
Agirre-Lipperheide familiaren jabetza da Otxandategiko dorretxearen inguru hori —zortzi hektarea dira guztira—, eta Berangoko Udalaren hiri antolamenduko planaren arabera, urbanizazio proiektu handi bat egiteko asmoa dute lur horietan: 500 etxebizitza eraiki nahi dituzte. Laborantzarako lur emankorrak direla, eta horretarako baliatu beharko liratekeela erranik eduki dute eremua okupatua, 2022ko apiriletik. Barazkiak, zerealak eta lekaleak ekoitzi dituzte bertan.
Bi atzerapenen ostean, hirugarrengoan hustu dute Otxandategiko eremu okupatua, Berangon (Bizkaia). Herritar talde batek bi urte inguruz okupatu ditu Otxandategiko dorretxea eta haren inguruko lurrak. Eremu horretan garatu nahi duten proiektu urbanistiko bat geldiarazi nahi dute, eta proiektu agroekologiko bat garatzeko aldarrikatzen zituzten lur horiek. Epaileak hiru aldiz eman du lekua husteko agindua. Aitzineko bi aldietan bertan beheiti utzi zituzten operazioak, azkenekoz duela hiru aste, ertzainek erranik ez zutela baliabide aski horretarako. Gaur goizean, baina, lekua hustu izan behar dute.
Hamabost furgoneta
Goizeko bederatzietan heldu da Ertzaintzaren operatibo handia: hamabost furgoneta eta 60 agente. Tartean, Otxandategiko zeruan puntu beltz zaratatsu bat ere nabari daiteke: Ertzaintzaren dronea. Lurren ateetan, egurrezko zaintza dorreko pertsona kateaturik ageri da. Dorretxeko atarian, aldiz, 30 bat kide ageri dira, «Otxantegi, ez ikutu!» oihuka ari direla.
Fitexko, sartzean ziren hamar kide kanporatu dituzte. Egin zaitez artzain, ez ertzain! banderolarekin zeuden. Hondeamakina bat ere etorri da, ertzain gehiago sartu diren momentuan. Aiztoekin eta mailuekin sartu dira denak. Ertzaintzaren mendiko erreskate taldea ere barneratu da dorretxeko bidean barna, hainbat arnes eta uhalekin.
Pixkanaka-pixkanaka, Ertzaintza dorretxea inguratzen hasi da, eta borznaka atera dituzte barnean ziren pertsonak. Denak txalo artean pasatu dira bidetik beheiti, eta beste kideen artera joan. Atxilotu duten kidea aldiz, berehala eraman dute Neguriko polizia etxera —berantago askatu dute—-.Hortik gutira, arrastaka atera dute Otxandategiko lurretatik pertsona zauritu bat. Anbulantziara eraman, eta berehalaxe abiatu da erietxera. Bigarren bat ere segidan joan da, ekintzaile baten esanetan, «kolpe handiak» ukan izanaren ondorioz.
Bandera, mazoa eta zilagailua
Hamaikak dira jada eta, dorretxeko teilatuan lau pertsona gelditzen dira. Ertzainek Otxandategiko bandera handia kendurik, mazo ukaldika hasi dira ate bat zabaldu nahian. Behereko teilatura igan dira mendi erreskateko bi ertzain. Hor zeudenak uhalekin estekatu, eta beheiti ekarri dituzte. Hirugarrena, aldiz, gaineko teilatuko leihotik kateatua zenez, barnera ekarri dute. Zilagailu hotsak aditu daitezke urrunera. Erdi Aroko harrietan segurtasun estekak eman dituzte azken kidea teilatutik kentzeko. Guziak kanpora etorri dira. Denak identifikatuak izan dira eta batek adierazi du, epaitegiko zitazio bat ere jaso duela.
Zaintza dorrekoa Otxandategiko dorretxe hutsari behatzen dion bitartean, txori batek ere agurtu du bere habia izan zitekeena, Otxandategiko jabeen begiradapean.