Otsoari babesa kentzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren aldeko botoekin, Babes Bereziko Erregimeneko Espezie Basatien Zerrendatik atera dute otsoa. Elikagai xahuketari buruzko lege proiektuari egindako zuzenketa batean txertatu dute otsoari babesa kentzeko neurria.

Abeltzainek elkarretaratzea egin dute gaur Kongresuaren atarian, otsoa hiltzeko eskatzeko. MARISCAL / EFE
Abeltzainek elkarretaratzea egin dute gaur Kongresuaren atarian, otsoa hiltzeko eskatzeko. MARISCAL / EFE
edurne begiristain
2025eko martxoaren 20a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Europak hartutako bide beretik egin du urratsa Espainiako Kongresuak gaur: otsoa Babes Bereziko Erregimeneko Espezie Basatien Zerrendatik (Lespre) ateratzea onetsi du, PP, Vox, Junts eta EAJren aldeko botoekin. Horiek horrela, Duero ibaiaren Espainiako partearen iparraldeko lurraldeetan —Hego Euskal Herria barne— otsoa ehiza espeziea izango da, eta hil egin ahalko da kontrol neurri gisa. Hau da, zenbait eskualdetako otsoak gutxitzeko eta erasoak eragozteko, baimenduta egongo da otsoa hiltzea. Otsoak hiru urte eta erdi eskas egin ditu zerrendan, babestuta.

Neurria Espainiako Senatuan onartu zen lehenik, eta gaur berretsi dute Kongresuan: aldeko 181 boto izan dira, kontrako 150, eta 14 abstentzio. PSOEk, EH Bilduk eta Sumarrek aurka bozkatu dute. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, Babes Bereziko Erregimeneko Espezie Basatien Zerrendatik at utziko dute otsoa. Duerotik hegoaldera dauden eskualdeetan bakarrik egongo da babestua animalia hori.

Neurriak berak ez ezik, hura onartzeko moduak ere eman du zeresana. Izan ere, Elikagai Hondakinen lege proposamenari PPk aurkeztutako zuzenketa batean jaso dute otsoa babesik gabe uzteko eskaria. Onartutako zuzenketarekin, otsoaren babesa aldatzeko hiru neurri hartuko dituzte. Animaliaren estatus legala aldatzen duena da nagusia, baina horrekin batera mozio bat onetsi dute, Europako araudian otsoaren babesari buruzko lege aldaketa bat gertatuz gero Espainian automatikoki aplika dadin. Hirugarrenik, otso aleak kontrolatzeko eta hiltzeko jarduera oro araudira egokitzeko eskatu dute.

Erreakzioak

Enba sindikatuak begi onez ikusi du Espainiako Kongresuaren erabakia. «Mendiko abeltzainentzat ezinbestekoa da otsoaren populazioa kudeatzea, eta, horretarako, ezinbestekoa da otsoa babes bereziko zerrendatik ateratzea». Sindikatuak esan duenez, otsoa ehizatzea debekatu zenetik, otsoaren populazioa are eta gehiago handitu da, bereziki nekazarien inguruko lurraldeetan, eta, horren ondorioz, erasoak ugaritu egin dira Araban eta Bizkaian, zeinak Kantabria, Gaztela-Leon eta Errioxaren (Espainia) mugakideak baitira. EAJko eta PPko diputatuek aldeko botoa eman izana txalotu du Enbak, eta aurkako botoa eman dutenen jarrera salatu. EAJk otsoa zerrendatik ateratzeko eskatu izan du, bai Gasteizen, bai Madrilen.

Ecologistas en Accion taldeak, berriz, «arduragabekeriatzat» jo du otsoari babesa kentzea. Halaber, «onartezin» iritzi dio neurri hori hartu izanari beste lege baten tramitazioa baliatuta. «Alderdi Popularrak otsoaren aurka duen gorrotoak eta otsoaren ehiza itzultzeko nahiak eraman du otsoari babesa kentzera», salatu du. Erakunde ekologistaren arabera, PP da otsoaren «kudeaketa negargarriaren» erantzulea. Gainera, otsoak eragindako kalteen hazkunde handiari buruzko datu faltsuak helaraztea leporatu dio. Otsoa berriz ere babesteko neurriak lehenbailehen hartzeko eskatu dio talde ekologista horrek Espainiako Gobernuari.

Ahal Dugu-rentzat ere erabakia «atzerapauso kezkagarria» da galbidean dauden espezieen babesean. Taldeak iragarri du galdera sorta bat erregistratuko duela hiru batzar nagusietan, otsoek izan ditzaketen erasoei buruzko informazioa lortzeko, «datu errealekin», eta azterketa zientifikoak oinarri hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.