Otsoari babes berezia kentzeko eskatu dio Barredok Espainiari, Europak atea ireki duela ikusita

Europako Kontseiluak otsoari babesa murriztu eta egun gutxira berretsi du eskaria Jaurlaritzak. Nekazaritza eta Arrantza sailburuak kezka adierazi du otsoek ganaduari egindako erasoengatik.

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua, Tokion, Euskal Ardoaren Astean, urrian.
aia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua, Tokion, Euskal Ardoaren Astean, urrian. NICOLAS DATICHE / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko abenduaren 6a
13:09
Entzun

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren iritziz, otsoak gehiegizko babesa du gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Espainiako Gobernuari eskatu dio otsoa kendu dezala Babes Bereziko Erregimeneko Espezie Basatien Zerrendatik. Sailburuak adierazi du kezkatuta dagoela otsoen erasoek mendi eremu batzuetan eragindakoengatik. «Kalte iraunkorra eta konponezina eragiten ari dira gure abeltzaintza ustiategietan, taldeak finkatzen eta mugitzen ari dira-eta gure inguruko autonomia erkidegoetan», adierazi du gaur, Jaurlaritzak zabaldu duen prentsa ohar baten bidez.

Europan otsoak animalia «hertsiki babestua» izateari uzteko atea ireki eta egun gutxira egin dio eskea berriz Barredok Madrili. Europako Kontseiluaren erabakiz, otsoak «hertsiki babestutako» espezie izateari utziko dio Bernako Konbentzioan, eta «espezie babestu» izango da aurrerantzean. EB Europako Batasunak proposatu du neurria. Aldaketa martxoaren 7an sartuko da indarrean, kontseiluko herrialdeen herenek ‒17 kidek— kontra egiten ez badu. Babesa arintzeak bide emango dio EBri Habitaten Zuzentaraua moldatu eta otsoa ehizatzeko baldintzak gutxitzeko. Europako Batzordeak esana du proposamen bat aurkeztuko duela horretarako.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Barredok txosten bat bidali dio Espainiako Gobernuari, otsoaren babesa murriztearen aldeko argudioekin. Txostenean ondorioztatzen denez, otsoari babes berezia aitortzea ez da beharrezkoa «espeziea behar bezala zaintzeko». Are, dokumentuak jasotzen du kaltegarria ere izan daitekeela luzera begira.

«[Otsoen erasoak] Kalte iraunkorra eta konponezina eragiten ari dira gure abeltzaintza ustiategietan, taldeak finkatzen eta mugitzen ari dira-eta gure inguruko autonomia erkidegoetan»

AMAIA BARREDOEusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza saiburua

Sailburuaren iritziz, otsoari aitortzen zaion babesak «proportzionala» izan behar du «haren egoerari» dagokionez. Hori dela eta, Espainiako Gobernuari galdegin dio Duero ibaitik iparraldera dauden eremuetan otsoaren babesa apaltzeko.

Bestalde, Barredok ez du egoki ikusten autonomia erkidegoen arabera neurtzea otsoaren kontserbazioa zertan den. Horrez ordez, estatu osorako kontserbazio maila bakar bat zehazteko eskatu dio. Jaurlaritzak otsoaren egoerari buruz kaleratu duen azken diagnostikoaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan otsoaren egoera ezegokia da kontserbazioaren ikuspegitik; Nafarroan, bestalde, espezie hori desagertuta dago.

Eusko Jaurlaritzak Otsoa Kudeatzeko Plana aurkeztu zuen irailean, eta bai talde ekologistek bai abeltzain elkarteek kritikak egin dizkiote. Planean nabarmentzen da otsoek ganaduari eraso ez egiteko prebentzio neurriak behar direla, eta zenbait neurri proposatzen dira. Abeltzain elkarte batzuk kexatu egin dira, ordea, prebentzio lanek zama handiagoa jarriko diotelako lehendik ere larri dagoen sektore bati. Otsoa uxatzeko neurriak ezartzea nahi dute, eta horretarako espezieari babesa apaltzea. Ekologistek, aldiz, gobernuari egotzi diote, besteak beste, konponbiderik ez jasotzea otsoaren legez kanpoko ehizari aurre egiteko. Egitasmoa alegazioak jasotzeko fasean dago orain.

Jaurlaritzaren proposamenak zehazten duenez, plana bertan behera geldituko da otsoak egun duen babes berezia galtzen badu, eta, hain justu, Jaurlaritza horixe eskatzen ari zaio Espainiako Gobernuari.

Otsoaren babesa apaltzeko galdea Espainiako Kongresuan ere bada. Alderdi Popularrak lege proposamen bat proposatu zuen, eta eztabaidarako onartu zen apirilean, PPren, EAJren, Junts Per Catalunyaren eta Voxen aldeko botoen eta EH Bilduren abstentzioaren bitartez. Zuzenketak egiteko epea indarrean da, Trantsizio Ekologikoko eta Erronka Demografikoko Batzordean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.