Otsoaren presentzia abeltzaintzarekin bateragarriagoa izateko neurriak eskatu ditu Eguzkik

Talde ekologistak uste du Eusko Jaurlaritzak onartutako Otsoaren Kudeaketaren Planak soilik abeltzaintzaren ikuspuntua duela.

Otso iberiar bat. J.L.LEREIJIDO/ EFE
Otso iberiar bat. J.L.LEREIJIDO/ EFE
inaut matauko rada
2024ko azaroaren 27a
15:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzak onartutako Otsoaren Kudeaketaren Planaren zirriborroak harrabotsa pizten jarraitzen du. Alde askotatik iritsi zaizkio kritikak, eta Eguzki plataforma ekologistak eman berri du planaren gaineko bere iritzia. Jendaurrean aurkeztu izan da orain planaren zirriborroa, eta Eguzkik adierazi du puntu batzuk gustuko baditu ere abeltzaintzaren ikuspuntutik dagoela idatzita, eta beharrezkotzat jotzen du aldaketa batzuk egitea, taldeak uste baitu bateragarriak direla abeltzaintza eta otsoaren presentzia.

Eguzkik ontzat jo ditu prebentziozko neurri batzuk, hala nola txakur zaindariak erabiltzea, lursailak hesien bidez mugatzea eta ixtea, abelburuen zaintza handitzea... Eta bestelako neurri batzuk ere proposatu ditu: adibidez, abeltzainen kostuak murrizteko, patruila ibiltariak sortzea. Gainera, abeltzainek jasandako kalteak ordaintzeko sistema ingurumenean eta abeltzaintzan adituak diren entitateek adostea ere nahi dute, uste baitute zirriborroak kanpoan uzten dituela talde ekologistak eta sozialak.

Horrez gainera, talde ekologistak azaleratu du batzorde zientifiko bat eta otsoaren mahai sozial bat sortzeko beharra ere, argudiatuz abeltzaintzaren sektoreak eta otsoa babestearen aldeko taldeek etorkizunaren parte izan behar dutela. Eguzkik gogorarazi du ezkutuko ehiza dela otsoak duen mehatxurik handiena, eta, abeltzainei otsoak sortutako kalteak ordaintzea beharrezkotzat jotzen badu ere, adierazi du horren aurretik prebentzio neurriak behar direla; protokolo batzuk, adibidez. Horrez gain, ekologistek uste dute kalte ordainen sistemak iruzurraren aurkako mekanismoak ere behar dituela.

Ekologistek nabarmendu dute beharrezkoa dela korridore ekologikoak eratzea otsoak bere espazio naturala izan dezan, eta mugitzea erraztu dadin. Eguzkik gogorarazi du EAEko Ondare Naturalaren Babeserako Legeak horretara behartzen duela, baina uste dute Otsoaren Planean ere zehaztu behar dela. Azkenik, Eguzkik azaldu du beste zenbait neurriren «falta sumatu» duela: hain zuzen, otsoaren elikagai izan daitezkeen animalia basatien populazioa areagotzeko neurriak. Izan ere, haien ustez, neurri horrek abeltzainengan dagoen presioa gutxituko luke.

Eusko Jaurlaritzak kalkulatu zuen urtean ia 500.000 euroko kostua izan zezaketela neurriek, baina, Eguzkiren ustez, oso kopuru txikia da eta «biderkatu» egin behar da, helburuak bete nahi badira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.