Otsoaren babestea «ez da gehiago lehentasuna» Pirinio Atlantikoetako prefeturarendako

Zehaztu dute artaldeak babestuko dituztela lehen-lehenik; urte hatsarrean Larhunen agertutako otsoaren informaziorik ez dute.

Otsoa, artxiboko irudi batean. ANA RETAMERO OLMOS / EFE
Otsoa, artxiboko irudi batean. ANA RETAMERO OLMOS / EFE
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko apirilaren 16a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pirinio Atlantikoetako prefetura otsoaren presentziak nolazpait hunkitzen dituen eragileekin bildu da gaur goizean: laborariak, ehiztariak, sindikatuak... Bilkuratik landa, segidan, prentsaurrekoa egin dute Jean-Marie Girier prefetak eta Biodibertsitatearen Frantziako Batzordeko ordezkariek: «Orain arte otsoen espeziea babestea izan da gure eginkizuna. Orain, otso kopurua lehen halako bi den honetan, argi dugu: Frantziako Estatuaren lehentasuna artaldeen babestea da».

Otsailaren 21ean Larhunen (Azkaine, Lapurdi) filmatu otso baten bideoa zabaldu zen sareetan; handik egun batzuetara, prefeturak konfirmatu zuen otsoa zela. Martxoaren 5ean ardi bat hilik agertu zen Bardozeko soro batean (Lapurdi). Biodibertsitatearen Batzordeko ordezkariek adierazi dutenaren arabera, informaziorik batere ez dute lortu Azkainen agertu zen otsoari buruz; ezin erran Bardozeko ardiak hil zituena otso bera zenetz, Hego Euskal Herritik edo Landetatik etorria zenetz, ezta ere oraino lurraldean denetz.

Berez, Frantziak baimena eman dezake otsoa uxatzeko edo hiltzeko, oraino hala egin ez badu ere Ipar Euskal Herrian berriki agertutako otsoaren kasuan. Haatik, Ipar Euskal Herriko Hitza-k jakin duenez, informazioa baieztatzeko ahalik ez bada ere, 2022an Landibarre inguruan (Nafarroa Beherea) hainbat artalderi eraso zion otsoa eta urte hastapenean ikusi zutena tiroz hil dituzte.

1990etik, otsoa «zorrozki babestutako espezie» gisa klasifikatua da, baina hori aldatu gogo dute 2026ra bitartean. Erabaki horrek, orokorrean, ingurumenaren zaintzan ari diren elkarteen kexua eragin du; laborariak laket agertu dira, aldiz. Prefetak argudiatu du espeziearen babesteko lana betea dutela: «Otsoen kopurua duela bost urte halako bi da: mila bat otso dira gaur egun Frantzian». Haien ustez, «otsoen iraupena segurtatua da» orain.

Otsoaren beldurtzeko

Laborarien ustez, baina, artaldeak lanjerean dira mila otso inguru izanik: «otsoaren kolonizazioa» aipatu dute behin eta berriz. Prefetaren arabera, «mementokotz ez da kolonizaziorik», eta agertu den otso horren presentzia zaindu beharko da jakiteko lurraldean behin betiko instalatu denetz —baldin eta ez badute jadanik hila—.

Otsoari buru egiteko, hainbat teknikarekin ari dira lanean Biodibertsitatearen Batzordekoak. Esplikatu dute «ahal dela, sare elektriko batekin, zaintzarekin edo txakurrekin» entseatzen direla; gero, tiroen alternatibara jotzen dute «artaldeetara hurbiltzen badira». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.