Europako Kontseiluak, Europako Batasuneko eta kontinenteko beste hainbat herrialde barne hartzen dituen erakundeak, otsoaren babesa apaltzea erabaki du, Europako Batasunak proposaturik. «Hertsiki babestutako» espezie bat izan beharrean, espezie babestua izango da. Dena dela, Bernako Hitzarmena osatzen duten herrialdeen herenak (hamazazpi herrialde) ados ez badaude, bertan behera geratuko da erabakia. Datorren ostiralean hartuko dute erabakia, eta, aurrera eginez gero, hiru hilabete barru sartuko da indarrean.
Irailean egin zuen Europako Batasunak proposamena, eta herenegun onartu zuen Bernako Hitzarmena betetzen den egiaztatzeko batzorde iraunkorrak. Bernako Hitzarmena 1990eko hamarkadan sartu zen indarrean, bizitza basatia eta ingurumena babesteko.
Aldaketaren bidez, otsoa hitzarmeneko II. eranskinetik III.era pasatu da. Guztiz debekatuta dago nahita harrapatzea edo hiltzea bigarren eranskineko taldean dauden espezieak, baita haiek bizitzeko eta ugaltzeko ezinbestekoak diren inguruneak suntsitzea ere. Hirugarren eranskineko taldean, berriz, aukera dago era bateko edo besteko harrapatzea edo ehiza, «betiere espezie horien iraupena arriskuan jartzen ez bada».
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ondo ikusi du Europako Kontseiluak hartutako neurria; are gehiago, «garrantzitsua» dela uste du, modua emango duelakoan espeziearen kontserbazioa eta landa eremuko giza jarduerak uztartzeko.
Baliteke Euskal Herrian ere eragina izatea, Eusko Jaurlaritzak oraindik ez baitu guztiz onartu Otsoaren Kudeaketarako Plana. Irailean plazaratu zuen, eta hilabete eman zuen alegazioak aurkezteko. Planak kontrako iritzi asko piztu zituen, mota askotakoak. Orokorrean, talde ekologistak ez daude ados, abeltzainen ikuspuntutik eginda dagoela uste dutelako; kontrara, nekazari eta abeltzainen sindikatuek uste dute planak albo batean uzten duela mendiko abeltzaintza.