EHNEk eta ENBAk salatu dute otsoa kudeatzeko planak alboratu egiten duela mendiko abeltzaintza

Mendiko abeltzaintza eta gaztaren sektorea arriskuan jarriko dituela diote. Otsoa «inposizioa» da haientzat, eta laguntzak, berriz, «itxurakeria hutsa».

jakes goikoetxea
2024ko irailaren 19a
18:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzak otsoaren kudeaketa planaren proiektua argitaratu zuen atzo, eta hilabeteko epea abiatu du alegazioak jasotzeko. Eta jasoko ditu, nekazarien erreakzioa ikusi eta gero. Elkarrekin kaleratutako ohar batean, EHNE eta ENBA sindikatuek salatu dute planak otsoa lurralde osora zabaltzea sustatzen duela eta mendiko abeltzaintza alboratu. Otsoa «inposizioa» da, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunarentzat eta Euskal Nekazarien Batasunarentzat.

Eusko Jaurlaritzari leporatu diote planean ez heldu izana sakoneko arazoari, eta uko egin izana sektoreari laguntzeko «egiturazko laguntzak» ezartzeari. Uste dute planaren helburuek arriskuan jarriko dituztela bai abeltzaintzaren eta gaztaren sektore osoa, bai behien, behorren eta ahuntzen azienda, eta bai mendiko larreen habitatak. Planaren «alderdirik larrienetako bat» otsoaren populazioa handitzeko eta hedatzen laguntzeko asmoa da, «animalia horien mugimenduak ahalbidetuz» eta «espeziearentzat egokiak diren fauna pasabideak jarriz» gauzatu nahi dutena. 

Planean bertan eta plana egiteko baliatu duten diagnostikoan adierazi dute otsoaren erasoek ustiategi gutxiri eragiten dietela: 301 ustiategiri, Arabako eta Bizkaiko guztien %5 gutxi gorabehera. EHNE eta ENBArentzat «deigarria eta bidegabea» da kalkulua egiteko herrialde horietako ustiategi guztiak aintzat hartzea, erasoak eskualde oso jakinetan gertatzen direlako: «Ez du jasotzen benetako eragina».

Ez mastinak, ez laguntza taldeak

Planean aurreikusi dute abeltzainei laguntzeko taldeak sortzea, bai profesionalenak, bai boluntarioenak. EHNEk eta ENBAk aldarrikatu dute lehen sektorea sektore profesionala dela, eta egiturazko neurri «serioak» behar dituela, «ez boluntarioen esku geratzea». Otsoak aziendetatik urrun egoteko mastinez baliatzea ere ez zaie egokia iruditzen, uste baitute arazo iturri dela konponbide baino gehiago.

Aurreikusitako diru laguntzak ere ez dira nahikoak. 325.000 euro dira guztira, laguntza profesionalaren eta kalte ordainen bitartez banatzekoak. Duela gutxi, azterketa bat egin zuten UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak eskatuta, neurtzeko abeltzaintza sektoreak zenbateko «gainkostua» hartzen zuen bere gain otsoaren eraginez. Emaitza bi milioi euro ingurukoa izan zen. Diotenez, sektoreari laguntzeko neurriak ez dira «itxurakeria besterik».

«Arazoak sortzen dituzten» otsoak «atera» egin behar direla diote. Hil, alegia, «abeltzaintzako kalteak murrizteko». Otsoa babes berezia duten espezieen zerrendatik (Lespre) ateratzearen aldekoak dira, eta otsoaren babesa 2021. urtearen aurreko egoerara itzularaztea nahi dute. 2021. urtearen aurretik, otsoa ehizatu zitekeen; 2021etik aurrera, babes berezia duten espezieen zerrendan sartu eta gero, otsoak harrapatu edo hil daitezke soilik baldin eta erasoen kontrako prebentzio neurri guztiek huts egiten badute, haiek harrapatzeak ez badu espeziearen iraupena arriskuan jartzen eta kalte nabarmenak edo etengabeak eragiten badituzte abeltzaintzan.

Sindikatuentzat, «mingarria» da aurreko Eusko Jaurlaritzarekin hainbat bilera egin eta gero haien ekarpenak aintzat ez hartu izana planaren proiektuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.