Otsoa eta abeltzaintza «elkarrekin bizitzea» bermatuko duen plana ondu du Jaurlaritzak

Otsoaren erasoengandik babesteko laguntza profesionala eskainiko diete abeltzainei, eta otsoaren isilpeko ehizari jazarriko zaio. Hilabeteko epea ireki dute alegazioak aurkezteko.

Otso iberiar bat. J.L.LEREIJIDO/ EFE
Otso iberiar bat. J.L.LEREIJIDO/ EFE
Edurne Begiristain - Jakes Goikoetxea
2024ko irailaren 19a
12:00
Entzun

Abeltzaintza estentsiboaren eta otsoaren arteko elkarbizitza bermatze aldera, otsoa kudeatzeko planaren proiektua ondu du Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak. EAEko buletin ofizialak atzo argitaratu zuen egitasmoa, eta gaurtik aurrera alegazioak egiteko hilabeteko epea egongo da, behin betiko onartu aurretik.

2020an otsoa (Canis lupus) «interes bereziko espeziea» izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Espezie Mehatxatuen Katalogoak lau kategoriatan sailkatzen du babes maila: «galzorian dauden espezieak», mailarik gorenean; «kalteberak», hurrengo mailan; «bakanak», babes ahulagoarekin; eta, azkenik, «interes berezikoak» mailarik apalenean. Azken maila horretan sailkatua dago otsoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Otsoaren kudeaketa arautzeko plana ontzeko, gobernuak hainbat eragileren ekarpenak jaso ditu —abeltzaintzako ustiategiak dituzten partikularrenak, Ekologistak Martxan, Asociacion para la Conservacion y Estudio del Lobo Iberico, eta Ascel elkarte ekologistenak—, eta Araba, Bizkai, eta Gipuzkoako foru aldundienak, otsoaren kudeaketan eskumenak dituzten administrazioak diren heinean.

Xedea

Planaren xedea da otsoaren gaineko «mehatxuak ezabatzea», otsoaren «biziraupena ziurtatzea», haren populazioa «berreskuratzea eta kontserbatzea», haren habitatak babestea, eta otsoa abeltzaintzarekin eta landa ingurunean garatutako beste jarduera batzuekin «elkarrekin bizi ahal» dela bermatzea.

Dokumentuaren 4. artikuluan zehaztua dutenez, planaren iraupena «mugagabea» izango da, betiere otsoa Arriskuan Dauden Espezieen Euskal Katalogoan, Babes Bereziko Araubidean Dauden Espezieen Zerrendan, edota plana onartu ostean animalia sailkatzeko sortzen diren bestelako zerrendetan sartua dagoen bitartean. Sei urtean behin berrikusiko dute dokumentua.

Otsoaren babesa

Otsoa legez kanpo hiltzeko edozein prozedura (armak, pozoia, biozidak...) detektatzeko eta prebenitzeko eskumena izango dute basozainek eta ingurumen agenteek. Zaintza areagotuko da otsoa «legez kanpo jazarria» edo harrapatua izan ez dadin. Horretarako, isilpeko ehiza prebenitzeko eta hari jazartzeko jarduera protokolo bat adostuko dute. Gainera, harrapaketen eraginez otso gutxiago hil daitezen egokitzat jotzen diren pasabideak eraikiko dituzte.

Debekatuta egongo da, halaber, bizirik zein hilak dauden otsoak —eta haien gorpuzkiak— edukitzea, administrazioek berariaz baimendutako kasuetan izan ezik. Plana indarrean sartu eta urtebeteko epean, gatibu dauden otsoen edo haien gorpuzkien erregistro informatizatua sortuko dute.

Otso aleak bizirik harrapatzeko baimena eman ahalko da, haien azterketa edo jarraipen zientifikoa edota tratamendu sanitarioa egiteko helburua baldin badu, eta ez badu animaliaren kontserbazio egoera arriskuan jartzen.

Berariazko baimenik izan ezean, debekatuta egongo da otsoa erakartzeko edozein jarduera eta sistema erabiltzea (soinu sistemak adibidez), argazkiak eta bideoak ateratzea, eta animaliak gauez behatzeko argi fokuak edo infragorrien bisoreak erabiltzea.

Otsoa eta abeltzaintza

Basa faunaren eta abeltzaintzaren kudeaketan eskumena duten organoek abeltzaintzako «jardunbide egokien eskuliburu bat» egingo dute otsoa eta abeltzaintza bateragarri egiteko. Eskuliburuan jasoko diren jarduera horiek egoera eta lurralde historiko bakoitzeko erasoen arabera, eta ustiategi motaren eta bideragarritasun ekonomikoaren arabera egokituko dira.

Administrazioek neurriak hartuko dituzte otsoak abeltzaintza ustiategiei «ahalik eta kalte gutxiena» eragin diezaien. Besteak beste, erasoen prebentziorako programa bat onduko dute, zeinetan hurrengo neurriak jasoko dituzten: ganadua zaintzeko txakurrak (mastinak) erabiltzeko prestakuntza eta trebakuntza, perimetroko hesiak instalatzea eta jarrita daudenen egoeraren inbentarioa egitea, eta gailu elektronikoak eta digitalak martxan jartzea.

Horrekin batera, otsoarekin batera bizitzeko neurriak ezartzen dituzten abeltzaintza ustiategien erregistro bat sortuko da; ustiategietako jabeek bertan izena ematea borondatezkoa izango da.

Kontrolik gabeko txakurrak

Txakurrak edukitzeari buruzko araudia eguneratuko dute, jarduera eremua landa edo abeltzaintza eremuetan txakurrak egoteko baldintzetara zabalduz. Otso espezieen eta txakurren arteko hibridazioak saihesteko, eta ganaduari eragin diezaioketen kalteak gutxitzeko, aldundiek kontrol neurriak abian jarri ahal izango dituzte.

Babes neurriak

Lau zerbitzu eskainiko dira abeltzaintza estentsiboa otsoaren erasoetatik babesteko: ekipo mugikorrak, laguntza profesionala, boluntarioak, eta ingurumen zerbitzuengatiko ordainketa.

Ekipo mugikorrak: Gizataldeak sortuko dira otsoak ganaduari eraso diezaiekeen ustiategiei laguntzeko. Otsoaren presentzia ohikoa den tokietan lan egingo dute talde horiek, eta beren eginkizunen artean hauek egongo dira: otsoaren ustezko eraso baten ondorioz abelburuak aurkitzea, biltzea eta egoera egiaztatzea, gauean artaldeei laguntzea eta otsoak eragindako kalteen inguruko ikuskapenetan laguntzea.

Laguntza profesionala: Ustiategiei laguntza emango diete ganadua babesteko, ganadua maneiatzeko eta ustezko erasoen ostean abelburuak zenbatzeko eta kalteei buruzko txosten teknikoak egiteko.

Boluntarioak: Abeltzaintza estentsiboetako ustiategiei lan karga arintzen lagunduko diete boluntario taldeek.

Ordainketa programa: Ustiategi profesionalentzat izango da zerbitzu hori, baldin eta ganadua otsoa dagoen eremuetan mantentzen badute. Besteak beste, otsoak egoteak ganaduaren zaintzan eta kalteen prebentzioan dakartzan kostu gehigarriak konpentsatzeko helburua izango du programak.

Konpentsazio ekonomikoak

Zuzeneko eta zeharkako kalte ordainak emango dituzte otsoak abeltzaintzari eragindako kalteengatik. Zuzeneko laguntzak  erasoaren ondoren hildako eta larri zauritutako animaliengatik eta abortuengatik emango dira, bai eta erasoa gertatu eta hurrengo 72 orduetan horrelako egoera batean aurkitutakoengatik ere. Zeharkako laguntzak, berriz, zauritutako animaliak sendatzeko albaitaritza tratamenduetarako izango dira.

Foru aldundiek zehaztuko dituzte konpentsazioak jasotzeko baldintzak, eta kontzeptu bakoitzerako balorazio baremoak. Abeltzainek jasoko duten diru kopuruaren zenbatekoa eta aseguru polizetan zehaztua dutena bateragarriak izango dira.

Otsoaren ustezko erasoa izan eta, gehienez, 24 orduko epean jakinarazi beharko zaio administrazioari. Abeltzainak epe horretatik kanpo jakinarazten badu edo peritatzeak ondorioztatzen badu ez dela otsoa izan, ez da konpentsazio ekonomikorik emango.

Kalteak egiaztatzea

Kalteak egiaztatzeko sistema «harmonizatu» bat ezarriko da, urteko egun guztietan martxan egongo dena. Abeltzainek otsoaren erasoen berri emateko telefono zenbaki bat martxan jarriko dute, eta abisua jaso eta ahalik eta eperik laburrenean egingo dira ikuskapenak. Ikuskapen horiek tokian bertan egingo dituzte langile teknikoek, eta, egoki irizten badiote, animalien lagin biologikoak hartu ahal izango dituzte.

Otsoaren erroldak

Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek otsoaren erroldak egingo dituzte animaliaren populazioa ebaluatzeko eta irizpideak berrikusteko. Gutxienez, hamar urtean behin egingo ditu erroldak.

 

Aurrekontua

Planaren urteko aurrekontua 480.000 eurokoa izango da. Diru sailaren erdia— 220.000 euro— abeltzaintzarentzako laguntza profesionalerako izango da, boluntarioen programarako 20.000 euro erabiliko dira, ganaduari eragindako kalteengatiko konpentsazio ekonomikorako 50.000 euro, kalteak egiaztatzeko 55.000 euro, eta otsoari buruzko ikerketak eta ezagutza hobetzeko egitasmoentzat 65.000 euro.

egoeraren diagnostikoa

  1. Populazioa: Azkeneko bi neguetan egindako jarraipenaren arabera, bi otso talde daude Araban eta Bizkaian: bata Arabaren eta Burgosen (Espainia) arteko mugan, bestea Bizkaia mendebaldean. 2007-2008ko urteetan lau talde ziren; 2018an eta 2019an, ordea, ez zuten otso talderik atzeman.
    Otsoaren egoerari buruz egin den azken errolda osoak —2019ko ugaltze urteari dagokiona— zehaztu du Arabako eremuaren %21,4an eta Bizkaikoaren %25,6an mugitzen dela gaur egun.

  2. Heriotzak: Araban, 1987tik 2007ra bitarte, 48 otso hil zituzten, «legezko kontrol ekintzen ondorioz, ibilgailuek harrapatuta edo legez kanpoko hilkortasunaren ondorioz». Bizkaian, hemezortzi. Geroztik ere hil dira eta hil dituzte otsoak, uxaldi baimenduetan batez ere.
    Eusko Jaurlaritzak otsoaren egoerari buruz egindako diagnostikoan zehazten da isileko ehiza dela otsoaren mehatxu nagusia..

  3. Elikadura: 2012an Arabako Foru Aldundiak otsoen 102 gorotz bildu eta aztertu zituen. Gorozkietan ikusi zuten ungulatuak zirela haien elikaduraren oinarria: gorozkien % 89,25etan agertu ziren. Ungulatuen artean, %56-58 basaungulatuak ziren (orkatzak, basurdeak, azeriak...) eta %42-44 etxekoak (ardiak eta behiak). Orkatza zuen bere elikagai nagusia (ia erdia), gorozkien arabera.

  4. Erasoak: 2005 eta 2023 bitartean, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek 973 espediente izapidetu zituzten otsoek ganaduari egindako erasoengatik (635 Araban eta 338 Bizkaian). Batez beste 51,2 urtean. Hala ere, azkeneko bi urteetako kopuruak batezbestekotik gora daude: 2022an 110 izan ziren, eta iaz 82 (Araban 31 eta Bizkaian 51). 2022an 238 abere hil, zauritu edo desagertu ziren otsoen erasoen eraginez; iaz, 212. Eta 2005etik 2023rako datuen arabera, ardiak dira ia hamarretik bederatzi (%88).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.