Martxoaren 2an eta 3an, artalde bati eraso zioten Bardozen (Lapurdi). Hain zuzen ere, Pirinio Atlantikoetako Prefekturaren arabera, hiru ardi hilik atzeman dituzte, eta bertze hiru, berriz, zauriturik. OFB Frantziako Bioaniztasunaren Erakundearen inkestak baieztatu du otsoak atakatu dituela ardiak. Bertzalde, prefekturak uste du Bardozen erasoak egin dituen otsoa otsailaren 22an Larhunen (Lapurdi) ikusirikoa dela. Martxoaren 2an ehiztari batzuek Urketan (Lapurdi) otso bera filmatu zutela baieztatu du.
Sud Ouest egunkariaren arabera, erasoen ondotik artaldearen jabea bertaratu zen, eta ardien gaineko sakiak otsoak eginikoak zirela ezagutu zuen. Laborariaren ustez, ardiak lepoan eta espaldan zaurituak izan ziren, eta otsoak eginikoak zirela ondorioztatu zuen.
Frantziako zerbitzuek kalte ordainak emateko eskaerak irekiko dituztela iragarri du prefekturak, eta zehaztu dute laborariak lagunduko dituztela eskaerak egiten. Gainera, aditzera eman dute atakatua izan den artaldearen ondoan dauden bertze laborariek otsoaren kontrako babes neurriak galdegin ditzaketela beren artaldea babesteko.
Prefetak zehaztu du primaderan Pirinio Atlantikoetako otsoaren erasoei aterabidea atzemateko batzordea bilduko duela. Erasoen kontra erantzun «egokia» atzemanen dutela nabarmendu du prefekturak.
Kanpoko hazkuntza, «lanjerean»
Otsailaren 28ko agiri batean, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna sindikatuak «fermuki» ohartarazi zuen otsoaren presentziaren kontra dela, eta ondorioztatu zuen otsoak kanpoko hazkuntza lanjerean ematen duela. Gehitu zuten otsoa lurraldean gaindi balitz laborantzaren industrializazioa azkartuko lukeela, kabalak ez direlako gehiago kanpoan atxikitzen ahalko. «Otsoarekin kohabitaziorik ez da izaten ahal». Nahiz eta ondorio zuzenak artaldeak pairatzen dituen, ELBri iruditzen zaio otsoak eragin psikologiko «larriak» eragiten dituela laborariengan.
Frantziako Estatuari neurri «egokiak» eta «bere ardurak» har ditzala exijitu zion ELBk. Neurri zehatzen artean, artaldeak babesteko neurriak nahi ditu. Zehazki, sindikatuak eskatzen du tiroketa bidez otsoak hiltzea, Ipar Euskal Herrian ez dadin otso troparik egonkortu. Azkenik, otsoaren jiteak kanpoko hazkuntza «kinka larrian» ezartzen duen heinean, sindikatuak segurtatu du ez duela «sekula» onartuko harraparien presentzia.