Otsailaren 9an, 10ean eta 12an deklaratuko dute joan den urriaren 12an Kolonen estatua bat eta Felipe VI.a Espainiako erregearen bertze bat eraistea leporatzen dieten hamabi gazteek. Espainiako Auzitegi Nazionalak hartuko die deklarazioa, baina Iruñetik eginen dute, Nafarroako Auzitegi Nagusitik, telematikoki. Urtarrilaren 12an deklaratu behar zuten hasieran, baina Madrilgo elurtearen ondorioz gibelatu egin zituzten deklarazioak, eta ikerturiko gazteek gaur jakinarazi dute deklarazioaren data berria.
Bertze «afera» bat salatzeko ere baliatu dute oharra gazteek, nolanahi ere: «jasaten» duten «kontrol sozial ikaragarria» gaitzetsi dute, batez ere «gai sozial eta politikoetan inplikatuta» dauden hainbat gaztek pairatzen dutena. Izan ere, ohartarazi dute polizia etxera deitu zituztela deklaratzera, baina urriaren 12an ez zietela identifikatzeko eskatu, ez jakinarazpenik eman ere: «Inoiz atxilotuta edo komisarian egon ez garen gazteak izanik, nola liteke egoera hori?».
Gaineratu dutenez, urriaren 12ko ekintzan parte hartu ez zuten pertsona batzuk ere deitu zituzten hasieran polizia etxera deklaratzera, eta horietako bat ikertua da oraindik ere, nahiz eta ez zuen leporatzen dieten ekintzan parte hartu.
Deklaratuko duten lehen egunean elkarretaratzera deitu dute gazteek, adierazpen askatasunaren alde, hainbat sindikatu, eragile eta alderdi politikoren babesarekin. Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aitzinean elkartuko dira, 10:00etan.