Otsailaren 25etik martxoaren 3ra, Elkartasun Aktiboaren Astea egingo du Gernika-Palestinak

Zenbait sindikatuk ekitaldi batzuk antolatuko dituzte: besteak beste, bilera informatiboak, eraildakoen izenen irakurketak, hitzaldiak eta diru bilketak. «Herrien arteko elkartasuna» ezinbestekotzat jo du plataformak.

(ID_13627180) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2024-02-21, Bilbo. Gernika-Palestina ekimenaren prentsaurrekoa, sindikatuetako ordezkariekin ...
Gernika-Palestina herri plataformaren eta sindikatuen agerraldia gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko otsailaren 21a
16:00
Entzun

Aurrera doa Gernika-Palestina herri plataformak bultzatutako Elkartasun Aktiboa kanpaina. Urte amaieran jarri zuten martxan, eta bi ardatz nagusi ditu: alde batetik, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa nazioarteko epaitegien aurrera eramatea; eta, bestetik, Palestinako erakundeek Gazan antolatutako proiektuak babestea. Joan den astean, hainbat abokatuk kanpaina babestu zuten. Oraingoan, berriz, sindikatuen txanda izan da: kanpainarekin bat egin dute. Are, Gernika-Palestinak antolatutako Elkartasun Aktiboaren Astean hartuko dute parte.

Igande honetan hasi eta hurrengo igandean bukatuko da Elkartasun Aktiboaren Astea. «Non izango da? Kale kantoietan, lantokietan eta ikastetxeetan», zehaztu du Sabin Ibazeta Gernika-Palestina plataformako bozeramaileak. ELAk, LABek, CCOOk, UGTk, Steilasek, CGTk, Etxaldek eta Ikamak hartuko dute parte. Besteak beste, bilera informatiboak, eraildakoen izenen irakurketak, hitzaldiak eta diru bilketak antolatuko dituzte.

«Ekarpen ekonomikoak oso garrantzitsuak dira, Gazako erakundeek bultzatutako bide judiziala laguntzeko», gogoratu du Ibazetak. Hain zuzen, PCHR Palestinako Giza Eskubideen Erakundeak, Al-Hacqek eta Al-Mezak Nazioarteko Zigor Auzitegian salaketa jarri zuten genozidioagatik, Netanyahu nazioarteko epaileen aurrera eramateko. «Herrien arteko elkartasuna» ezinbestekoa dela erantsi du.

Elkartasun hori, hain zuzen, adierazi diote Yala Nafarroa Palestinarekin plataformari. Datorren asteburuan, Bi ordu Palestinarekin lelopean, ekintzak egingo dituzte Nafarroako zortzi herritan. Helburua dirua biltzea izango da, Netanyahu auzitara eramateko eta laguntza humanitarioa bideratzeko. Martxoaren 9an emango diote amaiera kanpainari, Iruñean ekitaldi handi bat eginez. Bertan parte hartzeko deia egin du Gernika-Palestinako kideak.

«Deskribaezina» den errealitatea

Iazko urriaren 7tik Palestina jasaten ari den egoera deskribatzeko, hitz bakarra erabili du Jone Bilbao Mundubat gobernuz kanpoko erakundeko kideak: genozidioa. «Deskribaezina egiten zaigun errealitatearen gordintasuna eta haren inplikazio guztiak erabat adierazteko ahalmena duen hitza da genozidioa», azaldu du.

Bilbaok positibotzat jo du gizarte zibileko sektoreen jarrera. «Gero eta sektore gehiago, baita nazioarteko lider politiko eta pertsonaia publiko gehiago ere, ausartzen ari dira Israel eta haren bazkideek inposatutako zentsura apurtzera, gertatzen ari dena genozidiotzat jotzera eta su etena eskatzera». Bilbaoren ustez, hitzen bidezko ekintzak beharrezkoak diren arren, gero eta handiagoa da erabaki politikoetara salto egiteko «premia».

«30.000 pertsona erail dituzte; gehienak emakumeak eta haurrak dira», gogoratu du. «Eta milioi bat desplazatu baino gehiago daude». Erakundeak Palestinako hainbat elkarterekin egiten du lan, eta, Bilbaok azaldu duenez, elkarteok hainbat alditan jakinarazi diete beren kideak hil dituztela, edota haien senideak. Are, gogoratu du palestinarrek janari falta izugarria dutela, eta gehienak kanpin dendetan edo kale gorrian bizi direla.

Elkartasun Aktiboa kanpainaren parte da Mundubat. Eta bertan jasotako dirua Gazako proiektuak bultzatzeko erabiliko dute: «Besteak beste, osasun mentala eta ongizate psikosoziala lantzeko, nekazaritza ekoizpena berreskuratzeko eta komunitatea antolatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.