Gazteen emantzipazioan laguntzeko dekretua onartu du gaur Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, eta, beraz, 2024ko lehen hiruhilekoan martxan izango da Emantzipa programaren diru laguntza: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan emantzipatzen ari diren 25 eta 29 urte bitarteko gazteei hilean 300 euro emango dizkiete, gehienez bi urtez. Otsailaren 20tik aurrera egin ahalko dira eskaerak. Jaurlaritzak aurreikusi du lehen urtean 15.000 gaztek baino gehiagok eskatuko dutela laguntza hori, eta 53 milioi euro jarriko dituztela iragarri du Jonan Fernandezek, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak: «Aurreko urteetako gazteentzako aurrekontua boskoiztea dakar».
Jaurlaritzak iazko abenduan iragarri zuen emantzipatzeko zuzeneko laguntza bat abiatuko zuela gazteentzat, eta otsailean zehaztu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak hilean 300 eurokoa izango zela. Gainerako baldintzen berri ere orduan eman zuen: urtean 28.000 euroz azpiko diru sarrerak izatea —edo 34.000 eurotik beherakoak, errenta aitorpena ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin batera egiten bada—; Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan erroldatuta egotea gutxienez urtebetez, edo azken hamar urteetan hiru urtez jarraian erroldatuta egon direla egiaztatzea; eta emantzipatzen ari direla frogatzea, alokairu kontratu baten edo etxebizitza libre baten erosketa kontratu baten bidez. Fernandezek gaur berretsi du babes ofizialeko etxebizitza bat dutenek, izan alokairuan edo jabetzan, ezingo dutela laguntza hori eskatu.
Era berean, argitu du etxebizitza bakoitzean gehienez hiru lagunek eskatu ahalko dutela emantzipaziorako laguntza: «Etxea partekatzen dutenen kasuan, laguntzaren zenbatekoa ez da jaitsiko». Bikoteen emantzipazioa ez eragoztea da horren helburuetako bat, Fernandezek azaldu duenez, «batez ere bi kideetako bat —sarri, emakumea— egoera prekarioago batean dagoenean».
Hain zuzen, «gazteentzat bizi garapen autonomorako baldintzak sortzea» du xede Emantzipa programaren diru laguntzak; hala, 2030erako emantzipatzeko batez besteko adina 28 urtera jaitsi nahi du Jaurlaritzak. Izan ere, gobernuaren datuen arabera, 2021ean batez beste 29,7 urterekin alde egin zuten gurasoen etxetik EAEko gazteek, Europakoek baino hiru urte beranduago; baina galdetzen zaienean, gazteek diote 24,5 urterekin emantzipatu nahiko luketela. 25 eta 29 urte artekoek dute «arazo gehien», Fernandezen arabera, %32 baino ez baitira emantzipatzen adin tarte horretan; beraz, haiei eman nahi diete «bultzada». «Hau ez da etxebizitzarako laguntza bat, baizik eta emantzipatzekoa, prozesu horrek dakartzan gastuetarako».
Beste laguntzekin batera
Halere, Fernandezek ohartarazi du emantzipazioaren auzian ez dagoela «makila magikorik», eta Emantzipa programaren diru laguntza «neurri ekosistema baten parte» dela. Hau da, beste hainbat laguntzaren osagarri izan daiteke: seme-alaba bakoitzeko 200 euroko laguntza, Gaztelagun programaren alokairurako laguntza —18 eta 35 urte bitartekoentzat—, DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta...
Jaurlaritzak 53 milioi euro jarriko ditu 2024an Emantzipa programaren diru laguntzarako. «Eskaera guztiei erantzuteko moduko aurrekontua zehaztu dugu. Dena den, aurrekontua agortuko balitz, hura osatzeko bide bat baino gehiago aurreikusten du dekretuak», adierazi du Fernandezek. Printzipioz, 15.000 eskaera baino gehiago jasotzea espero dute. Otsailaren 20tik aurrera izango da horiek egiteko modua, baina, bitartean, kontsultak egin daitezke, GAZ Emantzipaziorako zerbitzuaren bidez edo Gazteaukeraren webgunean.