OPA Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak manifestazioak egingo ditu otsailaren 1ean Bilbon, Donostian eta Gasteizen, osasun publiko unibertsalaren eta kalitatekoaren alde. Osasun publikoaren defentsan, promesa gehiagorik ez! Konponbide errealak orain! izango da manifestazioen leloa. Mobilizazioetan parte hartzeko eskatu diete herritarrei gaur egin dituzten agerraldietan.
Plataformaren ustez, Eusko Jaurlaritza osasun sistema publikoa desegiten eta pribatizatzen ari da eta erakundeak «estrategia bat» du hori egiteko. Jokabide horien ondorioak zerrendatu ditu: herritarren osasuna kaltetzea, osasun langileen lan baldintzak okertzea eta «kudeaketa autoritarioan oinarritutako eredu bat sendotzea». Uste dute kudeaketa eredu horrek herritarren parte hartzeko eskubidea urratzen duela.
Barakaldoko (Bizkaia) San Eloy ospitalean, Gasteizko Santiagon eta Tolosako (Gipuzkoa) osasun zentroaren aurrean elkartu dira OPAko ordezkariak. Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua kritikatu dute. «Marketin kanpaina» bat egitea, gezurrak esatea eta datuak manipulatzea egotzi diote. «Badakigu itxaron zerrenda batzuk hemeretzi hilabetekoak direla», salatu dute. Osasun pribatura bidalitako pazienteei dagokienez, Martinezi eskatu diote azal dezala zergatik handitu den aurten horretarako aurrekontua, murriztu beharrean.
Datuak eta kontrol publikoa
Plataformak nahi du Osasun sailburuak datuak eman ditzala eta aukera eman dezala itxaron zerrenden kontrol publikoa egiteko.
OPAko ordezkariek adierazi dute Eusko Jaurlaritza aldatuta ere jokabide eta aspaldiko arazoek hor jarraitzen dutela: murrizketak eta itxierak osasun etxeetan eta etengabeko arretako guneetan, mediku falta, osasun arreta jasotzeko beste herri batzuetara joan beharra, langileen prekaritatea, gehiegizko lan kargak, baliabide falta... «Betikoa».