Hainbat urteko lanen ondoren, Donostiako Atotxako geltoki berriak otsailaren 17an irekiko ditu ateak, gaur Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak geltokian bertan esandakoaren arabera. Hala, aldiriko trenak, distantzia ertainekoak eta distantzia luzekoak geltoki berritik igaro ahalko dira hemendik aurrera, baina geltokia ez da guztiz amaituko 2026 amaierara arte. Izan ere, orain arte martxan egon den behin-behineko geltokiaren eremuan atari handi bat jarriko dute, geltokira sartzeko.
Garcia Chuecak adierazi duenaren arabera, sei trenbide eta bost nasa ditu geltokiak, 400 metro ingurukoak. Hala ere, azken orduan lan bereziak egin beharko dituzte geltokia txukuntzeko, eta otsailaren 15 eta 16 bitartean ez da izango tren zerbitzurik; autobusen bidez ordezkatuko dute.
Bestalde, Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioko estatu idazkari eta Irungo (Gipuzkoa) alkate ohia, Jose Antonio Santano, aurkezpen ekitaldian izan da, eta, besteak beste, adierazi du abiadura handiko trenaren Burgos (Espainia) eta Gasteiz arteko linearen lehen zatia martxoa amaitu baino lehen lizitatuko dela. Zati konplexuena da Pancorbo eta Ameyugo (Espainia) artekoa, eta azaroaren 15ean Santanok iragarri zuen bi hilabete baino gutxiagoan lizitatuko zela, baina denbora hori igaro da jada, eta oraindik ez dute egin lehiaketa publikoa.