Krisia Nafarroan

Otsailaren 11ko abiapuntuan

Itxuraz, Idoia Nievesen agerraldi aurreko egoerara itzuli da Nafarroako jokaleku politikoa. Haatik, azken hilabeteko gertaerek alderdi bakoitza erretratatzeko eta etorkizun hurbila baldintzatzeko balio izan dute.

Maiorga Ramirez, Bakartxo Ruiz eta Xabi Lasa EH Bildukoak, atzo. V. LOPEZ / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2014ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Iragan den otsailaren 11n, 17:30ean, Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiak bere dimisioaren arrazoiak azaltzen hasi baino lehen, Nafarroan mundu guztiak kalkulatzen zuen legealdia amaitu bitarteko basamortuko zeharkaldia geratzen zela aurretik eta foru hauteskundeak 2015eko maiatzean izango zirela. Orain, PSOEk bere behin betiko erabakia hartu ondotik, otsailaren 11ko arratsalde hartara itzuliko da berriro Nafarroako jokaleku politikoa. Itxuraz, abiapuntu berean dira eragile politikoak, baina hilabete gorabeheratsua ez da alferrik iragan. Azken gertaerek alderdi bakoitza erretratatzeko balio izan dute.

Behin PSOEk bere betoa ezarrita, azken hitza orain Yolanda Barcinak du. Foru Hobekuntzak Nafarroako lehendakariari hauteskundeak aurreratzeko ahalmena ematen dio, eta, gehienez jota, legealdia amaitu baino urtebete lehenago egitera behartzen du. Barcinari botoia sakatzeko epemuga martxoaren hondarrean amaituko zaio. Horregatik, oraindik ezin da ezer baztertu, baina hauteskundeak maiatzean izan edo 2015eko maiatzean izan, eragile politiko bakoitzak iragan otsailaren 11ko abiapuntu hartan baino argiago du jokalekua.

1. PSN

Hondamendiaren ertzean utzi du PSOEko idazkari nagusiak PSN. Alfredo Perez Rubalcabaren erabakiak bi faktoreri erantzuten die. Eskuineko sektoreek interes politiko jakin bati erantzunez, Bilduren argudioa erabili dute zuhaitza astintzeko. Era berean, PSOEren inguruneak, hainbat buruzagi sozialistak zein gertuko komunikabideek, zentsura mozioaren aurka egin dute. Hala ere, erabakia kalkulatuta hartu da. PSOEren ikuspuntutik, zentsura mozioak kalte egin diezaieke Europako legebiltzarreko emaitza orokorrei, eta, gainera, Nafarroan irabazia baino galera jasateko aukera handiak zituen.

Rubalcabak argi utzi du Nafarroan arerio nagusia ez dela Barcina edo UPN, EH Bildu baizik. Inkognita asko daude argitzeko oraindik. 2007an, PSOEko zuzendaritza federalaren ezezkoak lau urte geroago 24.000 botoko galera eragin bazion alderdi sozialistari, ikusteko dago herritarrek nola zigortuko duten PSN. Maiz aipatzen da 50.000 botoren langa zela PSNren zorua, baina oraingo betoak koska batzuk beherago jaitsi dezake langa hori. Politikagintza ez da aritmetika hutsa, eta ondorio hori gero errealitatean islatu behar bada ere, logikaz PSN aterako da galtzaile.

Gertaera horrek azken 25 urtetako Nafarroako taula politikoa hankaz gora utz dezake. Foru Hobekuntzaren baiezkotik hasi eta 2011ko gobernu koalizioraino, PSN giltzarri izan da euskal abertzaletasuna instituzioetatik at utzi eta, batez ere, UPNren boterea sostengatzeko orduan. Estatuaren ikuspuntutik, funtzio erabakigarria jokatu du PSNk, eta nekez uko egin nahiko dio hain eraginkorra izan den erremintari.Edo Rubalcabaren moduko estatu-gizon batek oker estrategikoa egin du, edo atzoko erabakiaren nondik norakoak osotasunean ikustea falta da. Azken finean, 2007ko abuztuko ezezkoagatik UPNk ordaindutako prezioa ezagutzera eman zenerako (PPrekin ituna haustea), urtebete baino gehiago iragan zen. Oraingoan UPNk preziorik ordainduko duen ikustea falta da.

2. UPN

Yolanda Barcina atera da itxuraz garaile. Beste behin, oso egoera zailetik onik ateratzea lortu du, eta zentsura mozioari izkin eginda, erresistentziarako ahalmen handia erakutsi du. Dena den, haren garaipena erlatiboa da, oinarri labainkorrak dituelako. Alde batetik, legealdi honetako hamaika iskanbilen ondorioz, Barcinaren kapital politikoa erabat agortuta dago. Bestetik, egoera horretaz jabetzen ez den heinean, UPNren arazo nagusi bihurtu da. Aiztoak zorrozten dabiltza alderdi barruan, eta uneotako zalantza handiena da txinparta non piztuko den eta barne gatazka hori nola kudeatuko den.

Ezer ez da halabeharrez. PSOEren erabakiaren atarian, Miguel Sanzek bere iritzia publiko egin zuen, eta argi adierazi zuen UPNk ezin duela jarraitu beste hamalau hilabetez horrela jarraitzeak EH Bildu sendotuko lukeelako. Sanzek hauteskundeak aurreratzeko eskatzeaz gain, Barcinari eskatu zion «keinu bat» egiteko PSNri. Adierazpenetan Sanz ez da harago joan, baina sektore baten nahia islatzen du: UPNren hobe beharrez Barcinak politikatik atera behar luke, beste bati tokia egiteko. Irtenbide horrek arnasa emango lioke PSNri, eta binomioa indartzeko balioko luke.

Uneotan ez dago antzematerik eskaera publiko horren atzean beste ezer ote dagoen, baina PSOEk zein PSNk egunotan zuzenean fokua ez dute UPNra zuzendu, Barcinarengana baizik. Bereizketa horrek aditzera ematen du interes bera partekatzen dutela sozialistek UPNko sektore batekin. Alta, Barcinak bere eskuetan ditu UPNren botere guneak. Zuzendaritza bere sokakoa da, eta ezin da ahaztu ere Barcinari dagokiola UPNren hauteskunde zerrendak osatzeko ahalmena.

Horra inkognita. Botereari nola edo ahala eusteko Barcinaren ahaleginak egiazki pertsonalismo huts bati eta bizirauteko nahi bati erantzuten dio ala zerbait gehiago dago atzean? Barcinaren helburu estrategikoa izan liteke PSN azpiratzea, eta EH Bildurekin konfrontazioa bilatzea eskuineko sektore indartsuago bat lortzeko. Kasu horretan, Sanzen teoriarekin talka egingo luke. Goiz edo beranduago, UPN barruan gatazka hori azaleratuko da.

3. Bloke abertzaleaeta Ezkerra

Alternatiba eraikitzeko orduan, egoera argitu zaie EH Bilduri, Geroa Bairi eta Ezkerrari. Behin PSOEk PSN bazterrean uzteko erabakia hartuta, Geroa Baik zein Ezkerrak jada ezingo dute karta horrekin jokatu. Krisi instituzionalak balio izan du agerian uzteko karta bakarra EH Bildurekin elkarlan handiago batetik etorri beharko duela,PSNn egiazko erregenerazioa ematen ez den bitartean. Nafarroako errealitate soziala eta ekonomikoa larria da, eta hamalau hilabete denbora luzeegia da, baina denbora tarte hori UPN eta PPren politiken aurkako borondateak batzeko erabil dezakete. Betiere, Barcinak edo UPNk bozak aurreratzen ez badituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.