Ezker abertzaleak alderdi berriaren aurkezpen ofiziala egin eta bi urtera, 2013ko otsailaren 23an, eratuko da Sortu, BERRIA-k jakin duenez. Egun horretan egingo dute alderdia eratzeko batzarra. Bitarte horretan, ezker abertzaleko oinarriek txostenak eztabaidatu, ekarpenak egin eta barne hauteskundeak egiteko hautagaiak proposatu eta aukeratuko dituzte, azaroaren 17an abiatuko den eratze prozesuan.
Hego Euskal Herriko herri eta auzoetako oinarriek dagoeneko eskura dute Sorturen eratze prozesuaren txostena. Aurreko egunetan banatu dute Sortzaile. Sorturen eratze prozesua izena daraman liburuxka, bai oinarri fisikoan eta bai PDF formatuan ere. Txosten horretan biltzen dira bai oinarri ideologikoak, baita antolakuntza eredua ere. Gaur, gainera, Internet bidez zabalduko dute txostena, Sorturen webgunean jarriko dute ikusgai (www.sortu.net).
Hiru hilabeteko agenda
Oinarriek txostena dagoeneko esku artean dutela, azaroaren 17an eta 24an egingo dituzte lehen herri eta auzo bilerak, txostena aztertzeko. Hain zuzen ere, Sorturen oinarri ideologikoei dagokien atala jorratuko dute bilera horietan.
Hurrengo fasea abenduan egingo dute. Hain zuzen ere, ildo politikoen gaineko batzarrak egingo dituzte. Abenduaren 15a ezarri dute agendan, bilera eta eztabaida horiek egiteko.
Urtarrilean, berriz, antolaketa ereduari buruzko eztabaida, proposamen bilketa eta zuzenketak egiteko txanda izango da.
Txostenaren eztabaida hiru hilabete horietan gauzatuko dute, eta barne hauteskundeen prozesua otsailean itxikodute. Hain zuzen ere, otsailaren 9an. Bitarte horretan, auzo, herri nahiz hiriburu eta lurraldeko nahiz nazioko ordezkariak proposatu eta aukeratzeko prozesua ere zabalik da dagoeneko. Abenduan itxiko da hautagaiak proposatzeko epea, eta hortik aurrera hautagaitzak berresteko epea irekiko da, eta otsailaren 9an bozkatuko dira.Otsailaren 23ko lehen batzarrean, txostenaren eta hari egindako ekarpen eta zuzenketen bozketa egingo dute, eta hainbat mailatan aukeratutako zuzendaritzen berrespen bozketak ere egingo dituzte.
Garapen desberdina
Ezker abertzaleak abian jarritako Sorturen eratze prozesua Hego Euskal Herriari begira ezarrita dago. Ipar Euskal Herrian ere errotu nahi du, baina otsaileko batzarretik hurrengo fase batean. «Nazio estrategia da gurea,eta, beraz, Sortuk Euskal Herri osoko eta osorako antolakundea izan nahi du, eta, horretarako,Ipar zein Hego Euskal Herrian antolatuko du bere burua», diote txostenean. Urrats hori, ordea, «ez da garai bateko Ezker Abertzalea berriro batzeko edo ezkerreko abertzale ezberdinen artean konfluentzia prozesu berri bat burutzeko egingo», gaineratzen du, Ipar Euskal Herrian abertzaleen arteko batasunerako «subjektua» dagoeneko eratua dagoela ikusten duelako ezker abertzaleak, EH Bai koalizioan. Sortu, beraz, hiru lurralde horietan eratzeko «Zutik Euskal Herria-ra bidea egin duten lagunentzat» izango da. Batasunak asteburuan egin duen kongresuan, dagoeneko egin du urrats bat etorkizun hurbilean Sorturen barruan Euskal Herri osoko nazio egitura bat eratzeko prozesuan murgiltzeko.
Prozesu luzea
Sortu alderdia eratzeko prozesua luzea izan da, eta haren aurkezpenetik bi urtera amaituko da.
Eratze kongresua azaroan egitea aurreikusi zuten, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak iragan ekainean legeztatu zuenean. Baina Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak udazkenera aurreratu zitzaketela ere kontuan hartu zuten orduan, eta, hori aintzat hartuta, kongresua abenduan edo urtarrilean izango zela esan zuten. Azkenean beste hilabete bat atzeratu dute, otsailaren 23a arte.
2011ko otsailaren 7an aurkeztu zituzten Rufi Etxeberriak eta Iñigo Iruinek ezker abertzalearen alderdi berriaren estatutuak. Hurrengo egunean jakinarazi zuten alderdiak hartuko zuen izena eta hura alderdien erroldan sartzeko izena ematera joan ziren Madrilera otsailaren 9an.
Espainiako Gobernuak, ordea, gerarazi egin zuen prozesu hori, eta martxoaren 23an Espainiako Auzitegi Gorenak jakitera eman zuen ez zuela Sortu alderdien erroldan sartzeko baimenik emango —apirilaren 1ean ezagutarazi zituen «arrazoiak», epaia kaleratuta—.
Erabaki horren aurka Espainiako Konstituzionalean babes helegitea jarrita, auzitegi horrek urtebetera, aurtengo ekainaren 20ean, ebatzi zuen legezkoa zela Sortu, nahiz eta «baldintza bereziak» ezarri zizkion.
Bitarte horretan bi hauteskunde egin ziren, udal eta foru hauteskundeak eta Espainiako Gorteetarakoak, eta ezker abertzalea koalizioan joan bazen ere (Bildurekin eta Amaiurrekin), ez zen alderdi gisa joan. Era berean, EuskoLegebiltzarrerako hauteskundeetara ere ezker abertzalea alderdirik gabe joan da EH Bildu koalizioan.
Otsail amaieran egingo da Sortu alderdi politikoa eratzeko kongresua
Oinarriek txostena landuko dute, eta barne hauteskunde prozesuari ekingo diote azaroaren 17tik aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu