Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiaren ustez, nabaria da Imanol Pradalesek Eusko Jaurlaritzaren gidaritza hartu duenetik «formetan» aldaketa bat izan dela. «Orain, edukietara joan behar dugu». Aitortu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiarekin ere bazuela harremana, baina orain Pradalesekin bestelako aldarte bat sumatu du. Dena den, denbora beharko dela esan du, Otegik azaldu baitu Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko oposizioburuarekin Pradalesek izandako bilera batean lehendakariak aitortu ziola «ez zela fidatzen», eta bi alderdien arteko mesfidantza agerian utzi zuen hala; EH Bildukoak ere gauza bera erantzun zion. Baina, hori esanda ere, Otegik garrantzia eman dio formetan aldaketa bat egon izanari. Naiz irrati katean egin ditu adierazpenok.
Jarrera aldaketa hori ez da kasualitatea, haren esanetan. Eta Osakidetzarekin gertatutakoa jarri du adibide gisa: uste du borroka sindikalak, gizarte mugimenduek egindakoak eta «ezker subiranistak egindako lanak» ekarri dutela Pradales Osakidetzaren inguruan herri akordio zabal bat proposatzera, eragile guztiak aintzat hartuz. Aldaketa hor ikusi du. Baina harago ere joan da. Osakidetzak egiturazko arazoak dituela esan du, eta, besteak beste, prekaritatea eta lanen azpikontratazioa aipatu ditu. Egun bateko lan kontratuak sinatzen segitzen dutela gogoratu du. Horregatik, honako galdera hau egin du: «Orain arte egin diren politika publikoekin konpontzen da Osakidetza? Guk uste dugu ezetz, eta horretaz hitz egin beharko da».
Beste hainbat auziren inguruko azalpenak ere eman ditu. AHT abiadura handiko trenaren lotura Ezkio Itsasotik (Gipuzkoa) edo Gasteiztik egin behar ote den galdetuta, ez da ez baten ez bestearen alde agertu. «Iruzur nabarmen bat egin da proiektu honekin», Otegiren esanetan. Izan ere, proiektua egiten hasi zirenean, duela ia hogei urte, esan zuten salgaiak garraiatzeko izango zela, eta ez da hala izango, haren hitzetan. Eta Frantziarekiko lotura ere bermatuko zela esan zuten, baina Frantziak iragarri du goizenez ere 2042rako egingo duela lotura. Horrenbestez, proiektu horretan dagoeneko diru asko «xahutu» bada ere, uste du «berriz pentsatu» beharko litzatekeela zer egin.
Gainera, harrigarria egin zaio alderdi bereko kideak tren lasterraren loturaren inguruan eztabaidan ikustea. Izan ere, Gipuzkoako Aldundiarentzat estrategikoa da Ezkio Itsasotik pasatzea, eta Arabakoarentzat, berriz, Gasteizko aukera da hobea. «Alderdi politiko bereko jendea ari da eztabaidatzen AHTari buruz; ez dago proiektu komunik herri honentzat, eta bakoitzak bere interesen alde egiten du».
Puigdemont
Otegiri harrigarria egin zaio, halaber, Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidente ohiak atzo egindakoa. Erbestetik Bartzelonara itzuli, eta berriz ere ihes egin baitzuen. Ez du baloraziorik egin, ordea. Esan du Katalunian gertatzen denari errespetuz begiratzen diotela, eta uste du Puigdemontek egindakoaren atzean azalpenen bat egongo dela: «Estrategia politiko bati erantzungo dio, baina berak azaldu beharko du. Logika politiko bat izango du, ados egon ala ez».
ERCren babesarekin Salvador Illa Generalitateko presidente bihurtu izana ere izan du hizpide. Uste du etapa «berri» bat hasi dela Katalunian. Eta Illak inbestidura saioan esandako zenbait pasarte ekarri ditu gogora. Besteak beste, Katalunia nazio gisa defendatu izana, Espainia estatu plurinazional gisa aitortu izana, eta katalanaren aldeko apustua egin izana: «Ea betetzen duen hori guztia, baina hark esandakoaren kopia bat Eneko Anduezari pasatzea nahiko nuke, ea ulertu duen atzo esandakoa. Pisu politiko handiko kontuak direla uste dut».
Uste du arrakala batzuk hasi direla bistarazten. «78ko erregimenak lotuta utzi zituen hainbat kontu deslotzen ari dira». Eta marko horretan kokatu du Katalunian PSCk eta ERCk egindako akordioa. Estatua plurinazionala dela onartuz gero, Euskal Herria nazio bat dela eta berezko hizkuntza bat duela aitortu beharko dutelakoan dago. Uste du hortik hasi behar dutela akordio berriak eraikitzen. «Uste dugu zoru bat jartzen ari dela, eta ea zer emango duen. Bide hori esploratu beharko dugu».