Arnaldo Otegi, Joseba Alvarez eta Joseba Permach zigorgabetu zituen epaia berretsi zuen atzo Espainiako Auzitegi Gorenak. Donostiako Anoetako belodromoan 2004ko azaroaren 14an Orain herria. Orain bakea egitasmoa aurkeztu zuten ekitaldian ustez «terrorismoa» goratzeagatik epaitu zituzten iaz, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta epaiketa hartan absolbitu egin zituzten, haien aurkako froga objektiborik ez zegoela argudiatuta.
Estatuko Fiskaltzak, baina, helegitea jarri zuen epaiaren aurka, eta ezker abertzaleko hiru kideei hemezortzina hilabeteko kartzela zigorra ezartzeko eskatu zuen Auzitegi Gorenean aurkeztutako errekurtsoan. Atzo egin zuten helegite horren gaineko saioa. Epaileek Fiskaltzaren eta defentsaren argudioak entzun, eta handik bi ordura eman zuten epaia. Autoa oraindik ez dute zabaldu, baina, bertako iturrien arabera, erabakia ez zuten aho batez hartu eta epaimahaiko bost kideetakoren batek boto partikularra idatziko du.
Argazkiak eta 'Zutabe' aleak
Anoetako ekitaldi hartan ETAko hainbat kideren argazkiak erakutsi zirela eta han zirenen artean Zutabe aldizkariaren aleak banatu zituztela zioen Fiskaltzak, eta hori «terrorismoa» goratzea zela eta akusatuek horren berri zehatza zutela.
Defentsak, aldiz, esan zuen Auzitegi Nazionalaren epaiak argi dioela ez dagoela akusatuen aurkako froga objektiborik. Gainera, ekitaldia ez zela «terrorismoa goratzeko» izan esan zuen, baizik eta bide baketsuen bitartez proposamen politiko bat aurkezteko.
Otegiren, Alvarezen eta Permachen absoluzioa berretsi du Auzitegi Gorenak
Auzipetuak zigortzeko froga objektiborik ez zegoela ebatzi zuen aurrez Espainiako Auzitegi Nazionalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu