EH Bilduren Mahai Politikoak Europako Parlamenturako hausteskundeen emaitzak aztertu ditu gaur Donostian, eta lehen ondorio batzuk helarazi ditu koalizioko buru Arnaldo Otegik: «Erronka bat genuen, eta helburuak lortu ditugu. Ia 280.000 boto eskuratu ditugu, eta Pernando Barrena, nafar bat, Euskal Herriko enbaxadore gisa bidaliko dugu Europara». Otegik azpimarratu du «itsasaldeko Nafarroan» lehen indarra izan dela EH Bildu, hau da, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «batzuek Euskadi edo EAE esaten dioten eremuan», eta Hego Euskal Herrian, berriz, bigarren indarra izan dela, «alde txiki batengatik lehengoarekin».
Hauteskunde emaitza horiek berretsi egin dute, haren ustez, «ziklo politiko berria» dagoela Euskal Herrian. Ezkerreko koalizio subiranistaren hazkundea «egiturazko joera bat» da jadanik, Otegiren aburuz, eta hazkunde horren atzean daude «zintzotasuna eta militantzia» moduko aldagaiak, «aberria jartzea alderdiaren aurretik», eta, «marketinaz harago, printzipioekin eta balioekin aritzea». EH Bilduko koordinatzaile nagusiak gogoratu du koalizioan ez dagoela «ustelkeria kasurik», esaterako, eta, «sigletatik harago, fronte irekiak» jorratzeko lan egiten dutela. «Hori da gure sekretua. Gaur ez dira ariko balioez politika konbentzionalean aritzen direnak; gu bai».
«PSOEren ezkerrera, Orain Errepublika da lehen indarra estatuan. Eskerrik asko botoa eman diguten milaka pertsonari leku askotan. Ez zen erraza, eta balio handia dauka».
ARNALDO OTEGIEH Bilduko koordinatzaile nagusia
Europako Parlamenturako hauteskundeen testuingurua ez zen lagungarria EH Bildurentzat, Otegiren ustez, PP-PSOEren arteko lehian, bozak «plebiszitu gisa» aurkeztu dituztelako han eta hemen, eta, hala ere, «PSOEren ezkerrera, Orain Errepublika da lehen indarra», gogoratu du, Podemosi eta Sumarri erreparatuz baina siglarik aipatu gabe. «Eskerrik asko gure aldeko botoa eman duten milaka pertsonari estatuko leku askotan: Gaztelan, Andaluzian, Madrilen.... Ez zen erraza eta balio handia dauka horrek».
Indarrean da EAJrentzako proposamena
Kazetarien galderei erantzunez, berretsi du EH Bilduk indarrean daukala EAJri kanpainan proposatu diona, «zenbait hauteskundetan herri gisa» aurkezteko, «testuinguru batzuetan ez baitu zentzurik gure artean lehiatzeak». EAJko presidente Andoni Ortuzarri «arrazoia» eman dio onartu duenean proposamen horiek ez direla kanpaina hasi eta gero egiten, baina azaldu du berak ere kazetarien galderei erantzunez azaldu zuela «aspaldian mahaian gainean» dagoen aukera horri buruzko posizioa.
«Atzoko emaitzek hausnarketarako bide izan beharko lukete. Zer zentzu dauka EAJ Amnistia Legearen aurka bozkatu zuen indar batekin batera aurkezteak?», galdetu du. «Herri gisa jokatu behar dugu Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duela uste dugunok zenbait hauteskunde deialditan».