Otegik udalak deitu ditu «askatasun nazionalaren defentsan protagonismoa berreskuratzera»

EH Bilduk bere 1.400 udal hautetsientzako Konferentzia Munizipalista egin du Durangon. Koordinatzaile nagusiak alkate eta zinegotziei helarazi die «estatus nazionalean urratsa egiteko garaia» heldu dela.

Arnaldo Otegi, EH Bilduko udal hautetsiei hitz egiten, gaur, Durangon. LUIS TEJIDO / EFE
Arnaldo Otegi, EH Bilduko udal hautetsiei hitz egiten, gaur, Durangon. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
Durango
2024ko maiatzaren 11
13:00
Entzun

Arnaldo Otegik ireki du EH Bilduren II. Konferentzia Munizipalista, Durangoko Landako Gunean. Goiz osoan aritu dira koalizio subiranistaren 1.400dik gora udal hautetsi udalgintzarako estrategiak eta lan ildoen lantaldeetan parte hartzen, tartean EH Bilduk Hego Euskal Herrian dituen 149 alkateak. Koalizio abertzalearen koordinatzaile nagusiak zabaldu du topaketa, eta azpimarratu «askatasun nazionalaren aldeko borrokan rol protagonista» izan behar dutela udalek; «berriro» hartu behar dute protagonismo hori, Otegik azpimarratu duenez, gogoratu baitu udalgintzak «historikoki» izan duela ardura handia «askapen nazionalaren defentsan». 1931ko Lizarrako Estatutua ekarri du gogora, udalek bozkatu zutena, bai eta 1976an alkateak Bergaran elkartu zirenekoa ere, «foruen errestaurazio osorako». Halaber, Udalbiltzaren eratzea nabarmendu du, eta Euskal Herriko udalek burujabetzaren aldeko defentsan izan duten garrantzia.

«Orain, zabaldu berri den aro historiko honetan, gure askatasun nazionalen defentsan abangoardia izatea egokitzen zaigu berriro», esan die zinegotzi eta alkateei, eta erantsi Ipar Euskal Herrian ere, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Elkargoa udaletatik eraiki dela. «Libertate nazionalaren eztabaida ireki da Euskal Herria osoan», ohartarazi du, eta ziurtatu «estatus nazionalean urratsa egiteko garaia» heldu dela.

Errepikatu du udalek, «historikoki egin duten bezala, rol protagonista» jokatu behar dutela prozesu horretan, «bermatzeko ahalik eta jende gehienak parte hartuko duela»; beste erakundeekin «batera» ariko dira udalak, Otegiren arabera, eta «parlamentuak» aipatu ditu. Edonola ere, «eztabaida nazionala sustatzeko» lan egiteko eskatu die udal hautetsiei, «herri nahiari eta borondateari bide emateko».

«Beheko kanpalekua igotzera doa»

Koordinatzaile nagusiak ez du ezkutatu «zailtasunak» aurreikusten dituela «euskal errepublikaren aldeko prozesuan», EH Bilduk eskatzen duen «urrats kualitatiboa» gauzatu dadin, baina «beheko kanpalekua igotzera» doala aurreratu du. «PSOEk eta Sumarrek osatzen dute Madrilgo gobernua eta aukera-leihoa eskaintzen dute. Zentsura mozio izan zenetik, hiru gauza eskatu ditugu: kartzela politika arrunta; gehiengoaren aldeko politika sozial eta ekonomikoa; eta irtenbide demokratikoa auzi nazionalentzat». Lehengo bi eskaeretan «urrats batzuk» egin direla zehaztu du, eta, orain, hirugarren eskaeraren txanda dela.

Udalgintzaren alorreko konferentzia batean zergatik sartu da Otegi azalpen horietan? Bere buruari egindako galderari erantzun dio koalizioko liderrak: «Udalek, alkateek sekulako garrantzia izan dutelako historikoki gure nazioaren defentsan». Euskal aberriaren askatasuna aldarrikatzeko «ekimena» izan dute udalek, beste erakunde batzuekin batera, Otegik azaldu duenez, eta hautetsiei eskatu die «ohartzeko zabalduko den aro historikoaren garrantziaz», sinetsita baitago egitekoa den urratsa «historiako liburuetan» azalduko dela.

«Guk zero auzi izan ditugu ustelkeria dela eta; hori da EH Bildu style; beste batzuek ezin dute bandera hori eduki».

ARNALDO OTEGIEH Bilduko koordinatzaile nagusia

Udalgintzaren esparruan EH Bilduk azken urteetan izandako hazkundeari helduz, berriz, Otegik azpimarratu du koalizio dela lehen indarra Euskal Herri osoa kontuan hartuta. EH Bilduren datuek islatzen dute EAJk eta Geroa Baik batera 96 alkate dituztela Hego Euskal Herrian, eta EH Bilduk 149 dituela; horrez gain, koalizioak 400 zinegotzi gehiago lituzke EAJ-Geroa Baik baino gehiago. «Boto gehien jaso dugun indarra gara, baina boto horiek guztiak ez dira gure jabetza. Konfiantzari arduraz erantzun behar diogu, ardura handitu egin baita», helarazi die Otegik hautetsiei.

«Zero ustelkeria»

Erantzunaren izaeran sartuta, EH Bilduko burua «politika konbentzionaletik harago» aritzeko beharraz aritu da. «Urte askoan lan eskerga» egin duten ordezkariei «bihotzez» eskertu die euren jarduera, eta EH Bilduren «bandera bat» dena erakutsi dutela esan du: «Guk zero auzi izan ditugu ustelkeria dela eta; hori da EH Bildu style; beste batzuek ezin dute bandera hori eduki».

Ezker subiranisten buruak azaldu du jasotako babesa «herrigintza egiteko» baliatu behar dutela, «lidergoa» hartuz kudeaketan, esaterako, «eskubide sozialen politikan eta trantsizio energetikoan». EH Bilduk ez ditu «gauza guztiak ondo egiten», onartu du Otegik, baina «abangoardiako lana» egiten duela adierazi du, eta jasotzen duen babesa iristen dela «gauzak beste era batera» egiten dituelako koalizioak.

Otegiren hitzartzearen ondoren, lantaldeak hasi dira, soilik EH Bilduko hautetsientzat. Hain zuzen, izenburu hauek zituztenak: Trantsizio ekosoziala; Gizarte berdinzale; Euskara eta kultura; eta Oposiziotik nola jardun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.