EH Bilduren aurtengo Konferentzia Politikoak bi helburu nagusi izan ditu. Batetik, urte politikorako ildo politiko eta estrategikoa zehaztea, eta, bestetik, koalizioaren hirugarren kongresu prozesuari hasiera ematea. Donostiako Tabakaleran egindako bilkuran, militanteek aho batez eman diote baiezkoa Mahai Politikoak kongresurako proposatutako araudiari, eta, beraz, jada hasi da otsailaren 8an amaitzekoa den bidea. Bitarte horretan eta urte politikoa bukatu arte, bi elementu «estrukturalek» finkatuko dute koalizioaren ildoa, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiaren esanetan: neoliberalismoaren eta Espainiako Estatuarekiko harreman ereduaren «porrotak», eta horri eman beharreko erantzunek. «Neoliberalismoa gainditu behar da, eta Euskal Herriak, burujabetzara bidean, nazio aitortza eta bere eskubide nazional guztiak onartuko dituen estatus bat behar du».
Ikusi gehiago
Koalizioko kideen aurrean egindako hitzaldian, Otegik azaldu du «egiaztatuta» dagoela neoliberalismoak «porrot» egin duela: «Zerbitzu publikoak, gure bizitza eta gure balioak degradatzea eragin du, eta hori Euskal Herrian ere gertatu da». Horri aurre egiteko, «politika antineoliberalak» defendatu ditu, eta sektore publikoaren lidergoaren pean gauzatu behar direla esan: «Ez bakarrik sektore publikotik abiatuta, baina hark badu norabide estrategiko bat finkatzeko ardura». Azaldu du hori dela EH Bilduren proposamenen oinarria, besteak beste, zerbitzu publikoak «duintzeko», klima larrialdiaren aurkako «politika eraginkorrak» egiteko, ehun industriala «lurrari eta nazioari» lotzeko, genero arrakala gainditzeko eta aberastasuna banatzeko.
Nazio auziari dagokionez, berriz, EH Bilduko buruak Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren arteko harreman ereduaren hutsuneak izan ditu hizpide. Haren esanetan, hutsune bakarrak ez dira Foru Hobekuntza eta Gernikako Estatutua ez betetzea eta Euskal Herriaren «potentzialtasuna mugatzea»: «Amaitu da denentzako kafea. Amaitu da gure nazioaren interesak egitura autonomiko baten pean sartzen dituen eredua». Zehaztu du egungo harremanak ez dituela asetzen Euskal Herriaren «nazio eta gizarte interesak», ez duela estatuaren «izaera plurinazionala» aitortzen, eta ez duela «nahikoa botere politiko» ematen etorkizuneko erronkei erantzuteko.
EH Bilduk elkarrizketarako deia egin du, helburutzat hartuta «iraungitako eredu» hori gaindituko duen beste bat osatzea: «Euskal herritarren nahia eta borondatea errespetatuz, akordio zabal bat lortu behar da Euskal Herrian, ahalik eta zabalena, gure nazio aitortza, eskubide nazionalak eta beste harreman eredu bat martxan jartzeko». Otegik nabarmendu du akordioak «herritarren borondate demokratikoa» errespetatu behar duela: «EH Bilduk argi eta garbi planteatuko du Euskal Herria nazio bat dela, eta errespetua zor zaiola».
«Ariketa militantea»
Kongresuari dagokionez, ez da ezustekorik espero, eta aurreikus daiteke Otegik berak hirugarren agintaldia egingo duela koalizioko koordinatzaile nagusi gisa. Otegik berak «lasai» baina «anbizioz» hartu beharreko «ariketa militante» gisa definitu du prozesua. Anbizioz, «ezohiko testuinguru» batek «ezohiko neurriak» hartzea eskatzen duelako: «Arrakastaren arrazoietako bat izan da eszenatokiak aurreikustea, ongi aztertzea eta horiekin koherente jokatzea. Hori egingo dugu aurrerantzean ere».
Otegiren esanetan, kongresuak balio behar du koalizioaren «komunitate militantea egokitzeko eta eguneratzeko». Baita hura «herritarren zerbitzura egongo den tresna» gisa aurkezteko ere. Argudiatu du haien borondatea dela ahalik eta tresna zabalena eta eraginkorrena izatea «herri honen interes nazional eta herritarrak defendatzeko». Horiek hala, EH Bildu «gobernu alternatiba» gisa aurkezteko proposamenak egin nahi ditu Otegik: «Agerian uzteko estatu bokazioa duen mugimendu bat ordezkatzen dugula».
Bide horretan, koalizioko buruak uste du badituztela «pozik» egoteko arrazoiak: «Hauteskunde ziklo arrakastatsu batetik gatoz». Emaitzak aztertzeko orduan, baina, ez du eskuratutako ordezkari edo gobernu kopuruetan zentratu nahi izan, botoetan izandako gorakadan baizik: «Euskal Herrian gero eta jende gehiago dago bere botoarekin babesa ematen diguna, eta gure proiektu herritarra babesten duena».
Gorakada horrek, baina, berarekin dakar «arduraz» jokatu beharra ere, EH Bilduko koordinatzaileak azaldu duenez. Eta jokatzeko modu horri «EH Bildu style» deitu dio, hau da, EH Bilduren estiloa. «Euskal Herriak merezi duen mailako eztabaida politikoa izateko» xedea duen estilo bat: «Eta ez fribolitatea, probokazioa, zarata eta lokatza».
Hain zuzen, jarrera hori urte politikoaren hasieran egindako «cum laude adierazpenekin» alderatu du. Hitz horiek erabili zituen Otegik PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak EAErako estatus politikoaren inguruko eztabaidaz esandakoak definitzeko. Eta adierazpen berean, kritikatu egin zituen EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek Zarauzko mitinean egindako adierazpenak ere. Anduezak adierazi zuen EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duten gehiengoak ez duela gizartearen «pluraltasuna» ordezkatzen. Ortuzarrek, berriz, EH Bilduri egotzi zion «arduragabe» jokatzea eta «demagogia merkea» egitea, Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako ekinaldi sorta dela medio.